Berriak /

Donostia Zinemaldiak eta EQZEk Veneziako, Berlingo eta Vienako jaialdiak eta Cannesko Hamabostaldia bildu dituzte Mugaken

 

 

2021/11/23
Hilaren 25ean, ostegunean, egingo da topaketa Euskadiko Arkitektura Institutuan, eta zinema-jaialdien espazio-dimentsioa eta horiek hiriarekin duten harremana aztertuko da
Donostia Zinemaldiak eta EQZEk Veneziako, Berlingo eta Vienako jaialdiak eta Cannesko Hamabostaldia bildu dituzte Mugaken

Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) zinema-jaialdiei eta hiri-eraldaketei buruzko mahai-inguru bat antolatu dute. Veneziako, Berlingo eta Vienako jaialdiek eta Cannesko Quinzaine des Réalisateurs-ek parte hartuko dute, Mugaken, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren, esparruan. Hilaren 25ean, ostegunean, 19:00etan izango da topaketa Euskadiko Arkitektura Institutuan, eta bertan izango dira Arianna Laurenzi, Veneziako zinema-jaialdiko proiektu berezietako zuzendaria; Mariette Rissenbeek, Berlingo zinema-jaialdiko zuzendari exekutiboa; Eva Sangiorgi, Viennaleko zuzendari artistikoa; eta Paolo Moretti, Cannesko Quinzaine des Réalisateurs-eko ordezkari nagusia. Moderatzailea Pablo La Parra Pérez izango da, EQZEko Ikerketa Saileko koordinatzailea eta Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren arduraduna.

Iaz, EQZEko Ikerketa Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskolarekin eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Espazio Eszenikoen Behatokia ikerketa-taldearekin elkarlanean, Zinemaren arkitektura proiektua bultzatu zuen, zinemari –espazio arkitektoniko gisa hartua– eta horrek hiriarekin duen harremanari buruzko ikerketa teoriko eta praktiko bat egiteko. Zinemaren arkitektura proiektuari dagokionez, Donostia Zinemaldiak, Pentsamendua eta Eztabaida sailaren bidez, lan-ildo berezi bat garatzen du, erantzun berritzaileak emateko zinema-jaialdien nazioarteko zirkuituak aurrez aurre dituen hiri-erronkei. Hori horrela, Zinemaren arkitektura proiektuak, Mugak irauten duen bitartean, egingo dituen programa publikoen testuinguruan, Donostia Zinemaldiak topaketa hau antolatu du. Nazioarteko zinema-jaialdiak eta arkitektoak, akademikoak eta ikasleak bilduko ditu, zinema-jaialdien espazio-dimentsioari buruz eztabaidatzeko eta gai horren inguruko ezagutza espezializatuak trukatzeko.

Elkarrizketak zinema-jaialdien hiri-istorioak aztertuko ditu, jakiteko ea nola egokitu diren zinema-jaialdiak krisi-momentuetara eta hiri-eraldaketetara beren historian zehar, eta horiei nola erantzun dieten. Hizpide izango diren gaien artean, hauek daude: zinema-jaialdiek zer-nola eraldatzen dituzten hiri-inguruneak eta alderantziz; pandemiaren orain dela gutxiko eta oraingo efektuak; nola egiten dioten aurre zinema-jaialdiek areto komertzialak eta erakusketa-espazio tradizionalak hiri-inguruetan desagertzeari; eta espazio alternatiboen eta zinema-jaialdiek COVIDaren krisian eta harago praktikan jarri dituzten esperimentu arkitektonikoen garapena (emanaldiak aire zabalean, arkitektura efimeroak, eta abar).

Sarrera doan izango da, harik eta aretoa bete arte. Aldibereko itzulpena egongo da, baina bertaratuek beren interneteko konexioa eta ZOOM aplikazioa dituen telefono propioa eta entzungailuak eraman beharko dituzte.