Berriak /

Bideogintza feminista eta euskal aktibismo politikoarekin duen harremana aztergai ZINE argitalpenaren bigarren alean

2021/11/25
Argitalpenaren aurkezpena azaroaren 26an egingo da, Tabakaleran.
Bideogintza feminista eta euskal aktibismo politikoarekin duen harremana aztergai ZINE argitalpenaren bigarren alean

Argitalpen honetan Artelekuko bideo bildumari buruzko ikerketa ere aztertu da.

1975eko urriaren 5ean, Franco hil baino bi hilabete lehenago, Frantzia osoko kolektibo feministetako eta antifaxistetako milaka emakumek elkarretaratzea egin zuten Hendaian, eta emakume martxa batean parte hartu zuten, Francoren erregimenak Juan Paredes Manot Txiki, Ángel Otaegui, José Luis Sánchez-Bravo, Ramón García Sanz eta Humberto Baena (lehen biak ETAko kideak eta beste hirurak FRAPekoak) exekutatu izatea salatzeko. Exekuzioa irailaren 27ko goizean egin zuten, eta, berehala, gaitzespen eta kondena erreakzioa eragin zituen nazioartean.

Paristik zetozen bideogintza feministako bi taldek, Les Insoumuses eta Vidéa, manifestazioa grabatu eta bi pieza sortu zituzten: La Marche des femmes à Hendaye, eta Manifestation à Hendaye – 5 Octobre 1975. Bi lan horiez gain, hirugarren bat ere egin zuten mugaren beste aldean, Les Mères espagnoles, Les Insoumuses taldeko ekintzaileek exekutatuen amei egindako elkarrizketetan oinarritua. Ros Murray, Senior Lecturer King’s College-ko Frantseseko Sailean, eta Arantza Santesteban, historialari, zinemagile eta ikertzailea, film horiek aztertzen jardun dira, eta emaitza ZINEren argitalpenaren bigarren aleko testu nagusian jaso dugu. Artikuluan, Parisko kolektibo horiek euskal aktibismo politikoarekin bat egin zutela azaltzen da, eta aipatutako protestak eta elkarrizketak nola grabatu ziren aztertzen da.

Bestalde, eta Elias Querejeta Zine Eskolaren Belaunaldi galerak ikerketa proiektuaren emaitza gisa, ZINEk txosten bat argitaratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako eta jada desagertutako Arteleku (Donostia, 1987-2014) arte ekoizpeneko zentroko bideo bildumaren inguruan abiatutako ikerketari buruzkoa. Atal horretan, honako hauen ekarpenak jaso ditugu: Arantza Lauzirika eta Natxo Rodríguez, artistak, irakasle eta ikertzaileak UPV/EHUren Arte Ederren Fakultateko Arte eta Teknologia Atalean, eta AKMEKA ikerketa taldeko zuzendarikideak; Pablo Maraví, Ikus-entzunezko Komunikazioan graduduna eta Arte Garaikideko Ikerketa programako doktoregaia UPV/EHUren Arte Ederren Fakultatean; Vicente del Pedregal, Luiza Gonçalves, Ramón de Fontecha eta Lucas Larriera, EQZEren hirugarren promozioko ikasleak eta ikerketa proiektuaren taldeko kideak; eta María Muriedas, artista. Txostenak, oro har, artxiboarekin, bideoarekin eta irudi digitalarekin lotutako praktika artistiko garaikideen esparruan ikertzeko balizko zenbait formaturi buruzko zirriborro bat proposatzen du.

ZINEren bigarren alearen aurkezpen publikoan Ros Murrayk eta Arantza Santestebanek parte hartuko dute, azaroaren 26an, 19:00etan, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan (Donostia). Aurkezpen saio horretan, La Marche des femmes à Hendaye eta Les Mères espagnoles (Les Insoumuses / Carole Roussopulos, Ioana Wieder) proiektatuko dira. Gainera, bi film horien beste bi proiekzio egingo ditu Euskadiko Filmategiak: Gasteizko Artium Museoan, azaroaren 25ean, eta Bilboko Arte Ederren Museoan, 27an.

 

Call for papers

ZINE ikertzaileen ekarpenei zabalik dagoen proiektua da. ZINEko proposamenen aurrehautaketa Batzorde Editorialak egiten du, eta kidekoen kanpo berrikuspena ere egin dakieke. Proposamenak helbide honetara helaraz daitezke: zine@zine-eskola.eus. Proposamen bakoitzean 250-500 hitzeko laburpen bat eta egilearen CV osoa jarri behar dira. EQZEren webgunean daude egileentzako jarraibideak.

ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE), Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak online argitaratutako argitalpen akademiko bat da. ZINEren helburua da ikerketa originalak argitaratzea, ikasketa zinematografikoen arloan espezializatutako ezagutzari ekarpena egiteko edozein diziplinatatik hurbilduta.

ZINEren ale bakoitzak bi atal nagusi ditu. Batetik, azterlan monografiko bat, adituek egina, eta kidekoen kanpo berrikuspena egin dakiokeena, eta bestetik, EQZEren Ikerketa Sailak bultzatutako ikerketa proiektu eta ekintzekin lotutako materialak, ikerketa akademikoaren eta sorkuntzaren arteko formatu hibridoak aztertzen dituen atal batean. Horregatik, ZINE nazioarteko komunitate akademikoaren eta EQZEn egindako ikerketa ekimenen arteko topagunea ere bada.