Berriak /

Ibermediak 49.994 dolarreko saria eman dio Elías Querejeta Zine Eskolari, ikasle latinoamerikarrentzat bekak sortzeko

Eskolak hamalau bekaren bidez banatuko du dirulaguntza, eta beka bakoitza 3.571 dolarrekoa izango da. Eskolan hautatzen diren eta programan parte hartzen duten 23 herrialdeetatik datozen hautagaiek eskuratu ahal izango dituzte beka horiek.

2022/01/25

Ebaluazio Batzordeak EQZEren proiektu pedagogikoaren berezitasuna eta kalitatea baloratu ditu, baita zinemaren egungo arazoei aurre egiteko modua eta bultzatzen duten erakundeen laguntza ere.

Ibermediak 49.994 dolarreko saria eman dio Elías Querejeta Zine Eskolari, ikasle latinoamerikarrentzat bekak sortzeko

Hamalau ikaslek jasoko dute laguntza 2022-2023 Ikasturtean matrikularen gastuak ordaintzeko.

Ibermedia Laguntza Funts Iberoamerikarrak Elías Querejeta Zine Eskola hautatu du berriz ere Prestakuntza Programetarako Laguntza modalitatearen barruan (2021eko deialdia). Modalitate horretan parte har dezakete zinema edo telebista eskolek, unibertsitateek, lanbide heziketako zentro espezializatuek eta elkarte pribatuek edo Latinoamerika osoko ikus-entzunezkoen industriako erakunde eta elkarte profesionalek.

Prestakuntza Programei laguntzeko dirulaguntzak emateko batzordeak, besteak beste, proiektu horren “anbizioa eta asmamena” baloratu ditu; izan ere, “modu berezian jorratzen ditu zinemaren gaur egungo arazoak”, eta baloratu ditu, halaber, “proiektuaren eredu pedagogikoaren kalitatea, eta parte-hartzaileei eskaintzen dizkien aukerak euren sorkuntza-prozesuei ekiteko”. Ebaluazio taldeak, bestalde, Donostiako Zinemaldiarekin duen lotura azpimarratu du, estrategikotzat jotzen baitu “industriarekin kanal bat sortzeagatik eta sortutako obraren zirkulazioa errazteagatik”. Puntuazio handiena izan dute graduondokoen edukiek, irakasleen taldeak, instalazioen egokitasunak eta ikastetxearen aurrekari akademikoek.

Hilaren hasieran argitaratutako ebazpena berretsi ondoren, funtsak 49.994 dolarreko zenbatekoa emango dio EQZEri bekak eta laguntzak sortzeko, 2022-2023 Ikasturteko matrikularen zenbatekoa ordaintzeko. Eskolak hamalau bekaren bidez banatuko du dirulaguntza, eta beka bakoitza 3.571 dolarrekoa izango da. Eskolan hautatzen diren eta programan parte hartzen duten 23 herrialdeetatik datozen hautagaiek eskuratu ahal izango dituzte beka horiek. Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Txile, Ekuador, El Salvador, Espainia, Guatemala, Honduras, Italia, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuelakoak dira hautagaiak.

Elías Querejeta Zine Eskola da kategoria horren barruan funtsaren babesa lortu duen Espainiako estatuko bi zentroetako bat (bestea ECAM Madrilgo Erkidegoko Zinematografia eta Ikus-entzunezkoen Eskola da). Kategoria horretan beste 14 prestakuntza proiektu ere hautatu dituzte hasierako 42 proposamenetatik, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Italia, Mexiko, Panama, Portugal eta Uruguaikoak, hain zuzen ere. Programa espezifiko honen helburuak dira ikus-entzunezkoen enpresa ekoizpeneko eta kudeaketako profesionalen prestakuntza bultzatzea, teknologia berrien erabilera eta garapena sustatzea, eta sektorearen barruan lankidetza eta ezagutzen trukea bultzatzea.

1998an hasi zen Ibermedia programa. Harrezkero, 30 deialdi egin ditu, eta haien bidez laguntza eman die 996 koprodukzio proiekturi eta 1.085 ikus-entzunezko proiekturi, eta ia 3.000 prestakuntza beka eman ditu 23 herrialdetan. Guztira, 113 milioi dolarreko inbertsioa egin da, eta horietatik 3.200 proiektu inguruk jaso dute laguntza. 112 proiektuk jasoko dituzte Ibermediaren funtsak, pizgarrien programarekin batera doan lau kategorietako (koprodukzioa, garapena, sailen garapena eta prestakuntza) laguntzen 2021eko deialdiari esker.