Berriak /
Radu Jude zinemagileak egonaldi bat egingo du Elías Querejeta Zine Eskolan
Ikasturte honetatik aurrera (2021-2022 ikasturtea), Elías Querejeta Zine Eskolak izen handiko zinemagileak gonbidatuko ditu ikastetxeko komunitatean denboraldi batez elkarrekin bizitzeko, “Zinemagileak egoitzan” programaren barruan.

Proiektu berriaren garapena eta irakaskuntza uztartuko ditu hartan. Programa pilotu gisa, ikasturte honetan lau asteko lehen egoitza egingo da martxoaren 7tik apirilaren 1era. Egoitzan egongo den zinemagilea Radu Jude izango da (Bukarest, 1977).
Lau asteko egonaldia izango da EQZEren “Zinemagileak egoitzan” programaren barnean. Programa horren helburua da gonbidatutako zuzendarien proiektuei laguntzea, eta ikastetxeko ikasleekin truke praktiko eta teorikorako gune bat sortzea.
Ikasturte honetatik aurrera (2021-2022 ikasturtea), Elías Querejeta Zine Eskolak izen handiko zinemagileak gonbidatuko ditu ikastetxeko komunitatean denboraldi batez elkarrekin bizitzeko, “Zinemagileak egoitzan” programaren barruan. Egonaldian zehar, iraupen aldakorrekoa izanik, egoiliarrek beren proiektu zinematografiko berria garatzeko lan egin ahal izango dute eskolako baliabideen laguntzarekin, eta, aldi berean, beren sormen prozesua irekiko diote Sorkuntza ibilbideko ikasle taldeari, lan plan espezifiko baten bidez. Bigarren kasu honetan, helburua da ikasleekin praktika eta esperimentazio zinematografikoko proiektu bat sortzea.
Programa pilotu gisa, ikasturte honetan lau asteko lehen egoitza egingo da martxoaren 7tik apirilaren 1era. Egoitzan egongo den zinemagilea Radu Jude izango da, 2021ean Berlingo Zinemaldian Film Onenaren Urrezko Hartza jaso zuena Babardeală cu bucluc sau porno balamuc (Bad Luck Banging or Loony Porn) filmagatik. Radu Judek film luzean egin zuen debuta, Cea mai fericită fată din lume (Munduko neskarik zoriontsuena, 2009) filmarekin, eta mundu osoko hainbat jaialditan programatu zuten film hori. Bere filmografia heterogeneoaren barruan, aipatzekoak dira, Aferim! (2015), Berlingo Zinemaldian Zuzendari Onenaren Urrezko Hartza jaso zuena; Inimi cicatrizate (Scarred Hearts, 2016), Locarnon Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuena; eta Îmi este indiferent daca în istorie vom intra ca barbari (I Do Not Care If We Go Down in History as Barbarians, 2018), Film Onenaren Kristalezko Globoa irabazi zuena Karlovy Vary hirian. Zuzendari eta gidoigile errumaniar honek honako dokumental hauek ere zuzendu ditu: Țara moartă (Nazio hila, 2017) eta Iesirea trenurilor din gara (2020). Egoitzako aldi batean, Marius Panduru izango du lagun, Juderen lan gehienetako argazki zuzendaria eta beste errealizadore errumaniar garrantzitsu batzuen ohiko kolaboratzailea, hala nola Cristi Puiu edo Corneliu Porumboiu.
EQZEn egingo duen egonaldian, Radu Judek Sorkuntza taldeko ikasleekin partekatuko du urtearen erdialdean filmatuko duen film berriaren aurrerapena (gidoia, castingetako irudiak, kokalekuak, kamera-probak…). Bestalde, mintegi bat antolatuko du zinemak aurrean dituen ataken inguruan, memoria historikoarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituenean, lehen aipatutako Îmi este indiferent dacă în istorie vom intra ca barbari (I Do Not Care If We Go Down in History as Barbarians) filmaren eta obra hori osatzen duten materialetako batzuen (argazkiak, artxiboko irudiak eta testuak…) azterketa kritikoa oinarri hartuta. Zinemagilearen proposamena osatzeko, proiektu zinematografiko bat garatuko da, testuen moldaketetan oinarritutako pieza laburrez, edo Thomas Bernhard-en, edo Antón Chéjov-ren piezez osatua. Ideia da ikasleak modu aktiboan inplikatzea eta parte hartzea sormen prozesu osoan.
Ikasturte bakoitzean bi edo hiru zinemagile gonbidatuko ditu Elías Querejeta Zine Eskolak. Haiek ez dira aldi berean sartuko egutegi akademikoan, eta egonaldi aldakorra izango dute, euren proiektuen ezaugarrien eta estadioaren eta ikasturtearen fasearen arabera. EQZEren egoitza akademiko eta ikertzaileen planaren parte da “Zinemagileak egoitzan” programa. Programa horren helburua da aukeratutako errealizadoreen (proiektu jakin batean murgilduta daudenak) sormen prozesuari ematen zaion bultzada konbinatzea ikasleen eta kasuan kasuko zinemagilearen artean elkarrekiko ikaskuntzarako, belaunaldien arteko transmisiorako eta ikerketa eta bilaketa zinematografikorako espazio bat sortzearekin.
SSIFFen proiekzioa
Martxoan, Donostiako Zinemaldiak Cea mai fericitã fatã din lume (Munduko neskarik zoriontsuena) filma proiektatuko du Tabakaleran, Radu Judek parte hartuko duen saio batean. Zinemaldiak Babardeală cu bucluc sau porno balamuc (Bad Luck Banging or Loony Porn) filma programatu zuen jada Zabaltegi-Tabakalera sailean, azken edizioan. SSIFFren Zinemaldia + Plus programaren parte da proiekzioa, eta helburua da zinemaldiari lotutako zinemagileei tarte bat eskaintzea eta sortzen ari den talentuari laguntzea.