Berriak /

Pedro Costak egonaldi bat egingo du Elías Querejeta Zine Eskolan

Maiatzan hasiko du egoitza, Cannesko Zinemaldian bere azken filma estreinatu ondoren, eta EQZEren “Zinemagileak egoitzan” programaren barruan etorriko da. Programak zuzendari gonbidatuen proiektuak babesten ditu, eta, gainera, ikasleekin truke praktiko eta teorikoa egiteko espazio bat sortzen du.

2023/05/23

Zinemagile portugaldar txalotuak, 2019an Locarnoko zinema-jaialdian film onenaren Urrezko Lehoinabarra eskuratu zuenak, bere lan metodologia partekatuko du zentroko Sorkuntzako ikasleekin

Pedro Costak egonaldi bat egingo du Elías Querejeta Zine Eskolan

2021-2022 Ikasturtetik aurrera, Elías Querejeta Zine Eskolak ospe handiko zinemagileak gonbidatzen ditu zentroaren komunitatean denbora jakin batez bizikide izatera, “Zinemagileak egoitzan” programaren barruan. Egonaldian –iraupen desberdina izan dezake, proiektuen ezaugarri eta egoeraren eta ikasturteko fasearen arabera–, zinemagile egoiliarrek proiektu zinematografikoak garatzen dituzte, eskolako baliabideen laguntzarekin. Paraleloki, zinemagile egoiliarrek sormen prozesua partekatzen dute Sorkuntzako ikasleekin. Helburua da eztabaidarako espazio bat irekitzea eta praktika eta esperimentazio zinematografikoko proiektu bat sortzea ikasleekin.

Aurreko ikasturtean Radu Jude egon ondoren, egoitza egingo duen hurrengo zinemagilea Pedro Costa izango da (Lisboa, 1959). Haren opera prima, O sangue, Veneziako Mostran estreinatu zen nazioartean, 1989an. Casa de Lava, bere bigarren film luzea, Cabo Verden filmatu zen, eta Canneseko zinema-jaialdian aurkeztu zen, Un Certain Regard sailean, 1994an. Zinemagile portugaldarraren hurrengo lanak, Ossos, Veneziako Urrezko Osella saria jaso zuen, 1997an. 2014an, Cavalo Dinheiro lanak zuzendari onenaren Lehoinabarra irabazi zuen Locarnoko zinema-jaialdian, 2014an. Jaialdi berean, Vitalina Varela lanak Urrezko Lehoinabarra eskuratu zuen, baita emakumezko aktore onenaren saria ere, 2019an. Bere film luzeen artean daude, halaber, No Quarto da Vanda (2000); Où gît votre sourire enfoui? (2001), Danièle Huillet eta Jean-Marie Straub-en lanaren ingurukoa; Ne change rien (2009), eta Juventude em marcha (2006), Canneseko jaialdian aukeratua. Hain zuzen ere, Frantziako zinema-jaialdiaren 76. edizioan estreinatu berri da As filhas do fogo, orain arte egin duen azken lana Special Screenings sailean.

Maiatzaren 29an hasiko den EQZEn egingo duen egonaldian, Pedro Costak sorkuntza zinematografikoari buruz duen ikuspegia eta lanean, konstantzian eta zorroztasunean oinarritutako metodoa partekatuko ditu Sorkuntzako taldeko ikasleekin. Film bat osatzen duten materialak aztertzeko eta ekoizteko bitartekoei buruz duen kezka eta errealitatea irudikatzeko konpromiso sendoa ere landuko dira lan saioetan. 

Radu Jude eta Pedro Costaren atzetik, hurrengo egoitza Rita Azevedo Gomes zinemagileak egingo du (Lisboa, 1952). Zinemagile portugaldarrak film hauek zuzendu ditu, besteak beste: Correspondências (2016), A Portuguesa (2018) eta Danses macabres, squelettes et autres fantaisies (2019). Azevedok azaroan bisitatuko du Elías Querejeta Zine Eskola, 2023-2024 ikasturtea abian dela.

EQZEren egoitza akademiko eta ikertzaileen planaren parte da “Zinemagileak egoitzan” programa. Programa horren helburua da aukeratutako errealizadoreen (proiektu jakin batean murgilduta daudenak) sormen prozesuari ematen zaion bultzada konbinatzea ikasleen eta kasuan kasuko zinemagilearen artean elkarrekiko ikaskuntzarako, belaunaldien arteko transmisiorako eta ikerketa eta bilaketa zinematografikorako espazio bat sortzearekin.

Proiekzioak

Ekainean, Zinemaldia + Plus programaren barruan, Donostia Zinemaldiak Pedro Costari eskainitako saio bat antolatu du. Zinegileak berak aukeratu ditu bi film: Sicilia! (Danièle Huillet, Jean-Marie Straub, 1999) eta Où gît votre sourire enfoui?, errealizadoreak Huillet eta Strauben filmaren muntaketa prozesura egindako hurbilketa, eta zinegile bikoteari egindako omenaldia. Saio hau ekainaren 3an izango da Tabakaleran eta Costak aurkeztuko du.

Bestalde, zinemagilearen gainbegiradapena berriki zahaberritu den O sangue filma programatuko du Tabakalerak hilaren 8an.