Berriak /

ZINE aldizkariaren laugarren alean Harun Farockiren irakaslana eta pedagogia zinematografikoko beste esperientzia batzuk ikertu dira

Beste bi proiektu pedagogiko ere bildu dira argitalpenean: bi propaganda filmen inguruko esperimentu hezitzaile baten berreraikuntza Londresen eta Boliviako meatzarien zine komunitarioko tailer bat

2023/06/09

Testu nagusian alemaniar zinemagilearen metodologia didaktikoa eta horren aplikazioa praktika zinematografikoan jorratu dira, eta osagarri gisa, Deutsche Film- und Fernsehakademie Berlin (DFFB) akademiaren artxiboko zenbait dokumentu argitaragabe jaso dira

ZINE aldizkariaren laugarren alean Harun Farockiren irakaslana eta pedagogia zinematografikoko beste esperientzia batzuk ikertu dira

1970eko hamarkadaren amaieran, Harun Farocki (1944-2014) Deutsche Film- und Fernsehakademie Berlin (DFFB) akademiara itzuli zen; 10 urte lehenago kanporatu egin zuen erakundeak berak, lehen promozioko ikaslea zenean, garaiko ikasleen mobilizazioetan parte hartzeagatik. Orduan aspalditik lantzen ari zen proposamen bat egin zion Farockik akademiari: irudiari buruzko pedagogia eta pentsamendua erabiltzea sorkuntzarako eta praktika zinematografikorako metodo gisa. “Ez dut teoriarik aurkeztu nahi, nire produkzio teorikoa ikusgai egin baizik”, idatzi zuen Farocki-k 1980an “Was ich machen will” (“Zer egin nahi dudan”) testuan, ale honetan jasota dagoen moduan. Volker Pantenburg Züricheko Unibertsitateko Zinema Ikasketetako irakasle eta Harun Farocki Institutuaren sortzaileetako batek idatzi du ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak argitalpenaren laugarren aleko artikulu nagusia, “Nola irakasten zuen Farocki-k” izenekoa. Bertan, alemaniar zinemagilearen konpromiso pedagogikoaz jardun da egilea, DFFBren artxibo dokumentalean egindako ikerketetan eta ikasle ohiekin izandako elkarrizketetan oinarrituta. Lehen aldiz euskarara, gaztelaniara eta ingelesera itzulita ageri dira dokumentu argitaragabeen erreprodukzioak ere.

Hezkuntza eta pedagogia zinematografikoaren inguruko ikerketari eskainitako ale monografiko honetan beste bi esperientzia ere aztertu dira. Batetik, “Record of War berregiten”, Brighid Lowe eta Henry K. Miller Londresko University Collegeko (UCL) irakasleek idatzia, eta 1939an London Film Societyn Thorold Dickinson britainiar zinemagile eta irakasleak pedagogiaren eta militantzia politikoaren artean antolatutako esperimentu bati buruz diharduena. Dickinsonek Il cammino degli eroi eta Abyssinia proiektatu zituen aldi berean, bataren eta bestearen zatiak tartekatuz. Italiak Etiopia inbaditu zuenean 1936an filmatutako bi propaganda film dira, zeinu desberdinekoak. Performance bat, aurrez aurre jartzen zituena alde irabazleak egindako film bat eta alde galtzaileak egindako beste bat, Dickinsonek 1969an berriro egin zuena, UCLren zinema ikasketen lehen programaren esparruan, eta testuaren egileek 2017an birsortu zutena, ia 50 urte geroago, espazio berean.

Eta bestetik, “Ekoizpena desmitifikatuz zinema herriari itzuli: Meatze Zinemako Lantegia (Bolivia, 1983)”, Isabel Seguí Aberdeengo Unibertsitateko (Eskozia) Zinema eta Kultura Bisualaren Saileko irakaslearena, 1983an Telamayu hirian (Bolivia) egindako zinema tailerrean jartzen duena arreta. Proiektu horren helburua zen meatzari komunitateen esku jartzea zinema ekoizpena, eta helburu bera zuten beren irudia intelektualen bitartekaritzatik kanpo geratzea nahi zuten taldeek, zinema ekoizpena zalantzan jarri nahi zutenak alderdi ekonomiko, teknologiko eta artistikoan. Maria Luisa Mercado Boliviako ikerlariak 1985ean defendatutako tesiaren zatien erreprodukzioak daude testuan. Tesi hori da zinema esperientzia komunitario hori aztertzeko geratzen den iturri urrietako bat da.

Azken batean, hiru proiektuek aztertzen dute nola irakatsi eta ikertu den zinema, hezkuntzako eszenatoki tradizionaletan zein bestelako esparru eta testuinguruetan, batzuetan historiografia kanonikoak ahaztuta.

Call for papers

ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak ikertzaileen ekarpenei zabalik dagoen proiektua da. ZINErako proposamenen aurrehautaketa Batzorde Editorialak egiten du, eta kidekoen kanpo berrikuspena ere egin dakieke. Proposamenak helbide honetara helaraz daitezke: zine@zine-eskola.eus. Proposamen bakoitzean, 250-500 hitzeko laburpen bat eta egilearen CV osoa jarri behar dira. EQZEren webgunean daude egileentzako jarraibideak.

ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE), Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak online argitaratutako argitalpen akademikoa da. ZINEren helburua da ikerketa originalak argitaratzea, eta ikasketa zinematografikoen arloan espezializatutako ezagutzari ekarpena egitea, diziplinarteko ikuspegi batetik.

ZINE04 JAITSI