Berriak /

Ireki da 2024-2025 ikasturtean izena emateko epea

EQZEko graduondoko hiru programetan onartua izateko epea otsailaren 1ean hasi eta 29an amaituko da. Hautagaiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Ibermediaren bekak lortzeko aukera izan dezakete.

2024/01/31
Ireki da 2024-2025 ikasturtean izena emateko epea

Otsailaren 1ean hasiko da Elías Querejeta Zine Eskolako 2024-2025 ikasturtean izena emateko epea. Eskolan sartzeko aurreko deialdian bezala, deialdiaren epea hilabete bakarrekoa izango da, hilaren 1ean hasi eta 29an amaituko baita. Ikastetxeko webgunearen bidez bakarrik izapidetu ahal izango da izen-ematea, otsailaren 1etik aurrera eskuragarri egongo den formulario baten bidez. Webgunean, halaber, aurkeztu beharreko dokumentazioari, ebazteko epeei eta ikasleentzako bekei buruzko beharrezko informazio guztia aurki daiteke.

Ikastetxeko Onarpen Epaimahaiak eta Zuzendaritza akademikoak ebaluatuko dituzte eskabideak. Hautaketa-prozesua onarpen-epearekin batera hasiko da. Horrek esan nahi du plazen kupoa epe hori itxi baino lehen (otsailaren 29an) bete daitekeela. Plaza kopurua gehienez 15 ikaslekoa izango da espezialitate bakoitzeko, 45 plaza guztira. Ekainaren lehen astean jakinaraziko da graduondoko hiru programetako bat (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) egiteko aukeratutako pertsonak zein diren.

EQZEren ikasketa-plana goi-mailako unibertsitate-titulazioa (lizentziatura edo gradua) duten edo lortzeko prozesuan dauden ikasleei eta zinema-eskolaren batean ikasketak amaitu dituzten ikasleei bideratua dago. Salbuespen gisa, zentroak aztertuko du aurretiko baldintzak bete gabe zinematografia-esperientzia egiaztatuta duten hautagaien kasu berezia.

Onarpen-prozesuarekin lotutako zalantza guztiak argitzeko, otsailean zehar hiru informazio-saio egingo dira Elías Querejeta Zine Eskolaren ibilbideren batean parte hartu nahi duten guztientzat. Lehenengoa, aurrez aurrekoa, hilaren 2an izango da, EQZEren instalazioetan; beste topaketa online izango da, eta hilaren 12an egitea aurreikusita dago. Informazio-saioei eta horietan izena emateko moduari buruzko informazio guztia ikastetxearen webgunean dago jasota.


Bekak eta laguntzak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ibermedia Laguntzako Iberoamerikako Funtsak berariazko laguntzen deialdia egingo dute 2024-2025 ikasturtean Elías Querejeta Zine Eskolako graduondokoren bat egiteko.

1. Izango zara beka: Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak 2.500 euroko hiru beka emango ditu.

2. Ibermedia beka: Ibermedia Laguntzako Iberoamerikako Funtsak 3.571 dolarreko hamalau beka emango ditu. Programan parte hartzen duten 23 herrialdeetako ikasleek jaso ahal izango dute laguntza hori. Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuador, El Salvador, Espainia, Guatemala, Honduras, Italia, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela dira hautagaiak.

EQZEn onartua izan ondoren bakarrik aurkeztu ahal izango dute beren burua ikasleak beka horietara.

EQZE Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatutako zentroa da, UPV/EHUri atxikia. Proiektu pedagogiko bat proposatzen du, eta graduondoko hiru programa ditu, zentroaren garapenean parte hartzen duten hiru erakundeen (Euskadiko Filmategia, Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia) ezagutza-esparruetatik abiatuta.

Eman izena hemen