Berriak /
EQZEn egindako lana zabal erakutsiko da ZINEBIn
Ana Cristina Barraganen Ave, Celeste Rojas Mugicaren Una sombra oscilante eta Julen Etxebarriaren El tercer paisaje filmak lehiatuko dira Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, ZINEBIn (azaroaren 8-15). Jaialdiaren industria sailean garatzen ari diren lau proiektuk parte hartuko dute. Hilaren 12an, EQZEren “ZINEBI gordailua” ikerketa-proiektuaren lehen emaitzak aurkeztuko dira. Proiektu horrek zinemaldiko filmen funtsa aztertzen du.
ZINEBI Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 66. edizioak (azaroak 8-15) Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleen hainbat proiektu eta film aurkeztuko ditu.
Besteak beste, Torontoko TIFF jaialdian, FIDMarseille eta Donostiako Zinemaldian izan diren hiru film hauek hartuko dute parte: Ana Cristina Barraganen Ave, Celeste Rojasen Una sombra oscilante eta Julen Etxebarriaren El tercer paisaje, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan, ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketan eta Bertoko begiradak sailean, hurrenez hurren.
Bestalde, Elias Querejeta Zine Eskolako promozio ezberdinetako ikasleak garatzen ari diren lau proiektuk hartuko dute parte lehiaketako industria sailean: Maria Palacioren Y así seguirán las cosas eta Laura Gabayren Correspondencias para habitar el mundo filmak hautagai izango dira ZINEBI Networking EITB sarirako, eta Maria Corriàs Serraren Luna en Escorpio eta Atxa Cancelen Aizpea, berriz, ZINEBI Networking sarirako; Maria Aizpurua Ayastuy, Mónica Cambra eta Saioa Miguel Morenoren Piztiak lana Flash sailean egongo da, (H)emenek antolatua.
ZINEBI Networking topaketak
Hilaren 12an aurkeztuko da Bilbao AS Fabriken EQZEren "ZINEBI gordailua" ikerketa proiektuaren aurrerapena. Proiektu horren helburua da lehiaketaren hausnarketa kritikoa egitea, funtsa katalogatzea eta materialak gizarteratzeko plana diseinatzea. Proiektua abian jarri eta bi urtera, jaialdiko filmen funtsaren bi heren identifikatu, ikuskatu eta katalogatu dira. Funts horretan 300 film baino gehiago daude, 16 eta 35 mm-koak, beste material batzuez gain.
Aldi berean, ikerketak egin dira, eta hainbat alderdi dokumentatzeko balio izan dute, hala nola jaialdiaren lehen edizioetako harreman diplomatikoen garrantzia, lehiaketak erakunde zentsoreekin eta prentsa espezializatuarekin duen harremana, eta programatutako filmetan islatzen diren erakundeen eta gizarte mugimenduen arteko tentsioak. Topaketan parte hartuko dute Ruben Corral ZINEBIko programatzaileak, Santiago Aguilar ikerketa proiektuko ikertzaile nagusiak eta Arrate Velasco EQZEko zuzendari gerenteak.
Azkenik, zentroko hiru ikaslek hartuko dute parte, Marion Czarnyrekin batera, azaroaren 14an egingo den programatzaileen topaketan: Paola Buontempo La Platako FESTIFREAK Nazioarteko Zinema Independentearen Jaialdiko eta Mar del Platako Nazioarteko Zinemaldiko programatzaileak; Maui Alena Zinebi Networking 2024 VII. Foro Profesionaleko proiektuen koordinatzaile eta komisario independenteak; eta Louise Martin Papasian FIDMarseilleko hautaketa batzordeko kideak.