Javier Codesal artista bisuala, zinemagilea eta poeta da. Bere proiektuetan, bideoak, argazkiak, instalazio fisikoak, marrazkiak edo testuak erabiltzen ditu, eta proiektuok elkarri hertsiki lotutako zenbait bideri jarraitzen diote. Haren lanak hainbat erakunde publiko eta pribatutan jarri dituzte ikusgai; adibidez, MUSAC, MACBA, La Virreina Centre de la Imatge eta MNCARSen, eta Estrany-de la Mota eta Casa sin fin galerietan. Haren filmografia mintzagai izan da Galiziako Filmategiko eta Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluko arestiko zikloetan. Komisario ere izan da zenbait erakusketatan, azkenekoz Pedro Costa zinemagileari buruzkoan. Haren azken liburuak Canción de Pedro Costa (La Virreina eta Joaquín Gallego editor, 2022) eta Retrato y otro (Libros de la resistencia, 2021) izan dira. Andaluziako Filmategiak hala eskatuta, José Val del Omar-en Acariño Galaico filma berreraikitzen eta amaitzen jardun zuen 1993tik 1996ra. Irudien Zientziak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta irakasle izan zen Madrilgo Europako Unibertsitatean. Gaur egun, eskolak ematen ditu Salamancako Unibertsitatean.
Profil honen azken eguneratzea: 2024