Berriak /

Beste egileen zineari buruz Tarkovskik zuen ikuspuntua

Hainbat zinemagileren inguruan egindako iruzkinak entzungo dira: Bergman, Bresson, Iosseliani, Kozintsev, Lumière anaiak edota Parajanov eta arreta berezia eskainiko diogu Tarkovskik Buñuelen zinemagintzari buruz esandakoari. Bertan izango dira Julen Abasolo, Cristina Álvarez, Pilar Carrera, Xabier Erkizia, Till Fellner, Giuseppe Lanci, Adrian Martin eta José Manuel Mouriño.

2018/05/04
“Lezio galduen” bigarren zatian gogora ekarriko dugu etorkizuneko zinemagileen ikasketa-prozesua suspertzeko egileak zuen modua
Beste egileen zineari buruz Tarkovskik zuen ikuspuntua

Maiatzaren 12an Lezio Galduen bigarren saioa burutuko da Tabakaleran, hainbat jarduerarekin: alde batetik, zinemagileak emandako eskola batzuk entzungo dira, orain arte ezezagunak izandakoak, eta beste alde batetik, Tarkovskiren lanarekin lotutako parte-hartze artistikoak ere izango dira.

Besteak beste, bertan izango dira Julen Abasolo, Cristina Álvarez, Pilar Carrera, Xabier Erkizia, Till Fellner, Giuseppe Lanci, Adrian Martin eta José Manuel Mouriño.

Datorren maiatzaren 12an ekingo dio Elías Querejeta Zine Eskolak “Andrei Tarkovskiren Lezio galduak” proiektuaren bigarren zatiari. Proiektu horren asmoa da 1975 eta 1981 urteen artean Tarkovskik Sobietar Batasuneko hainbat lekutan emandako eskolak berreskuratzea, eta ohiz kanpoko materiala da, ia 90 orduko soinu-grabazioz osatua, Masha Chugunova-ren artxibo pertsonalean aurkitua. Chugunovak urtetan lagundu zion zinemagileari haren eskola eta hitzaldietan.

Zinemagintzarekin lotutako edozein ikasketa-planetan, oso ohikoa izaten da erreferentziazko filmak ikustea, aztertzea eta, ondoren, iruzkinak egitea. Andrei Tarkovskik ere, irakasle gisa aritu zenean, tresna hori ezinbesteko praktika bihurtu zuen bere eskoletan. Dena den, aurki eta ikas daitekeen guztiarekin ere dago lotuta edozein zinemagileren esperientzia, ikusle soil gisa parte hartzearekin. Eta Tarkovski ere ez zen salbuespena izan zentzu horretan. Bere eskolei buruzko bigarren zati honek, hortaz, ideia hori hartu du abiapuntu. Hartara, gogora ekarriko dugu besteen lanari erreparatuz etorkizuneko zinemagileen ikasketa-prozesua suspertu eta gidatzeko Tarkovskik zuen modua. Baina, helburu horrez gain, Tarkovskik bazituen beste helburu garrantzitsu batzuk ere behatzeko eta aztertzeko ariketa egitean: arreta filmografia jakin batzuetara erakartzea, hain zuzen, ikasleek ikusten ikas zezaten (eta ez zinema soilik), ingurunean funtsezkoa dena bereizten ikas zezaten.

Topaketa berri honetan (hemen programa), Tarkovskik egindako iruzkin eta ohar ugari entzungo ditugu, hainbat zinemagileren inguruan: Ingmar Bergman, Robert Bresson, Aleksei German, Otar Iosseliani, Grigori Kozintsev, Lumière anaiak, Sergei Parajanov, Andy Warhol Eta, horien guztien artean, gai nagusi gisa, arreta berezia eskainiko diogu Tarkovskik Luis Buñuelen zinemagintzari buruz esandakoari. Jardunaldia Andrei Tarkovski Nazioarteko Institutuarekin batera antolatuko da Tabakalera, Musikene eta Scherzo aldizkariaren laguntzarekin. Tabakalerako Z aretoan egingo da ekitaldia eta bi zati izango ditu: 11:00-14:00 eta 16:00-19:00.

Bigarren saioaren egitaraua

Aukeratutako soinu-grabazio batzuk entzutea izango da saioaren mamia; oraingoan ere, grabazio horiek orain arte ezagutarazi gabekoak izango dira. Entzungo dugunez, grabazio horietako bakoitzean, Tarkovskik hainbat zuzendari garrantzitsuren lana aztertzen du, eta filmetako “aipuen” eta bestelako esku-hartze puntualen arteko hartu-emana sortzen da. Entzungo ditugun grabazio guztiak hiru saiotan egin ziren, 1977an. Edonola ere, eskola horiek ez zuten helburu aipatutako film edo autoreen arteko konparaketa monografikoa egitea; horren ordez, orain berreskuratu eta berrantolatutako aipu horiek askotariko gaiak lantzeko helburua zuten, besteak beste, «nola tratatzen den “erreala” dena eremu artistikoan», «zinemagintzan sinboloak erabiltzea egokia den ala ez», «zinemaren eta antzerkiaren arteko desadostasun garrantzitsuak», «literatura-lanak zinemara egokitzearen arazoak», «zinemagintza esperimentalari buruzko ideiak»…

Bigarren saio honetan, Cristina Álvarez eta Adrian Martin saio-idazle eta zinema-kritikariek hausnarketa egingo dute hainbat zuzendariren lanetan (Tarkovski, Bergman, Bresson, Buñuel eta Parajanov) kanpaiak entzuteak duen funtzio informatibo edo dramatikoaz eta horrek sortzen duen paisaia musikalaz, egile horien hainbat pelikulatako zatiak biltzen dituen bideo-saiakera baten bidez. Julen Abasolok kanpaien soinuan oinarritutako sinfonia bat joko du, Arientzako (Aretxabaleta) Kanpai Jole Eskolako kideekin eta Xabier Erkizia soinu-artistarekin batera. Pilar Carrera, Madrilgo Carlos III Unibertsitateko errektoreordeak, Andrei Tarkovski. La imagen total (Fondo de Cultura Económica, 2009) saiakerako egileak, zinemagile errusiarra eta Sergei Parajanoven zinearen arteko harremanez hitz egingo du. Till Fellner pianista austriar ezagunak, Luis Buñuelen zinemagintzan musikak duen erabilerari buruzko saiakera idatzi duenak (Subertsioa eta isiltasuna, Estatuan Scherzo aldizkarian argitaratua, 326. zk., 2017ko otsailean), hitzaldia egingo du, Johann Sebastian Bachen hainbat konposiziorekin lagunduta. Giuseppe Lancik ere parte hartuko du, argazki-zuzendari eta ohiko kolaboratzaile izan baitzen, besteak beste, Marco Bellochio, Vittorio eta Paolo Taviani eta Nani Moretti zuzendariekin eta Tarkovskirekin berarekin, 1983an Nostalghia filma egin zutenean. Amaitzeko, José Manuel Mouriñok ere parte hartuko du; saio-idazlea, zinemagilea eta Estatuko Tarkovski Institutuaren ordezkaria da bera, eta berreskuratutako grabazioen ikerlarietako bat izan da.

Z aretoan sartzea librea izango da edukiera bete arte, baina proiektuaren saio honetara joan nahi dutenek lekua erreserba dezakete, helbide elektroniko honetara idatziz: info@zine-eskola.eus.