Berriak /

Elías Querejeta Zine Eskolak FIAFen urteko biltzarrean parte hartuko du  

Film Artxiboen Nazioarteko Federazioaren urteko topaketa Montrealen izango da, eta filmen artxiboek sormen-testuinguruetan betetzen duten eginkizuna aztertuko dute. EQZEk ponentzia bat aurkeztuko du proiektu batean egindako lanari buruz; hain zuzen ere, besteren materialak berrerabiltzen dituzten filmak ikertzera eta berreskuratzera bideratutako “Bigarren eskukoa” proiektuari buruz. 

2025/04/24
Elías Querejeta Zine Eskolak FIAFen urteko biltzarrean parte hartuko du  

Film Artxiboen Nazioarteko Federazioak apirilaren amaieran egingo du Montrealen urteroko sinposioa, “Film Archives Beget Films” (Film Artxiboek filmak sortzen dituzte) izenburupean. Topaketa horretan, obra berriak sortzeko prozesuan film-artxiboak zenbateraino eta nola erabiltzen diren ikustea da xede, jardun horietan historikoki eragina izan duten faktoreak aztertuta, hala nola obra sortzen den testuinguru soziala eta geopolitikoa, irudien materialtasuna, eta kontserbazioaren, zaharberritzearen eta sorkuntzaren uztarketa –eremu horren barruan–. 

Eskolako Ikerkuntza Departamentuko koordinatzaile Carolina Cappa-k honako ponentzia hau aurkeztuko du: “A Genealogy and Preservation of Second-Hand Films in Latin America” (Bigarren eskuko filmen genealogia eta zaintza Latinoamerikan), EQZEren “Bigarren eskukoa. Berrerabilera eta desbideratzeak zinemagintza iberoamerikarrean” proiektuan metatutako esperientzian oinarrituta. 2021ean abiarazitako ekimenarekin, Iberoamerikako lurraldeetan beste egile batzuen materialak berrerabilita egindako filmak ikertzea eta berreskuratzea sustatu nahi da, baita obra horien eskuragarritasuna eta zirkulazioa ahalbidetzea ere. 

Proiektuan parte hartu dute, besteak beste, Filmoteca Española, Cinemateca de Cuba eta Arsenal Institute for Film and Video Art erakundeak, eta, elkarlan horri esker, etapaz etapa, testuinguru politiko oso jakinetan sortutako obrak berreskuratu ahal izan dira, hala nola El negro (Eduardo Manet, Kuba, 1960), La Paz (Cine Liberación taldea/María Elena Massolo, Argentina, 1968) eta Made in USA (Christine eta Kurt Rosenthal, Peru, 1974). Obra horiek berreskuratzea eta egileen esperientziak jasotzea baliagarri izan da zinemaren historiaren irakurketa berriak egiteko. 

Cinémathèque québécoise erakundearekin batera antolatu du FIAFek sinposioa apirilaren 28an eta 29an, eta mundu osoko filmoteka, unibertsitate eta erakundeetako profesionalak bilduko dira bertan.