Praktika profesionalak

arrow

Elías Querejeta Zine Eskolak pasabide-zirkuitu bat proposatzen du amateurraren eta profesionalaren artean (…eta alderantziz)

Tabakalerako instalazioek Elías Querejeta Zine Eskolaren irakaskuntza aukerak areagotzen dituzte. Eskolako bazkide diren erakunde zinematografikoek (Euskadiko Filmategia, Tabakalera KGNZ eta Donostia Zinemaldiamodu aktiboan parte hartzen dute ikasleei esperientzia eta jakintza transmititzeko prozesuan.  Zentroaren filosofia pedagogikoa eta eraikinaren beraren baldintza fisikoak kontuan hartuta, praktikak irakaskuntza planean txertatuta daude modu organikoan. 

Eskola erakunde horien lankidetzarekin sortutako zentro bat denez, lan eremuko prestakuntza esperientzia eskualdatzeko benetako prozesu gisa aurreikusita dago. Praktikak gaikuntza handia duten profesionalen tutoretzapean egingo dira, eta etorkizunean enplegua bilatzeko plataforma modura diseinatu dira.

Bestetik, EQZEk hitzarmenak ditu beste erakunde batzuekin, ikasketa-plan kanpoko praktikak eta prestakuntza profesionala egiteko. Ikasleek gutxienez 100 orduko praktika profesionalak egin ahal izango dituzte ikasturtean zehar. Praktikaldiak ekainetik abendura arteko hilabeteetan izaten dira.

Ikasle batek bere bitartekoen bidez kanpoko erakunde batean praktikak egiteko onespena jasotzen badu, hiru aldeen arteko hitzarmen baten bidez formalizatu ahal izango dira, betiere harrera-erakundeak unibertsitateko araudia errespetatzen badu eta praktikak ezarritako epealdien barruan egiten badira.

Instituzioak

ARSENAL INSTITUT FÜR FILM UND VIDEOKUNST

Kultura filmikoa modu zirraragarrian komunikatzea da Arsenal Institut Für Film Und Videokunst-en misioa eta pasioa. Nazioan zein nazioartean jarduten duen ikerketa eta hezkuntza zentro gisa, erakunde honek komunikazio sare bat eta zinemaren inguruko elkarrizketa bultzatzeko leku bat eskaintzen du.

Arsenalen jarduera eremuak zinema batek, jaialdi batek (Berlinale Forum eta Forum Expanded), enpresa banatzaile batek (Arsenal Distribution) eta artxiboak osatzen dute. Sail ezberdin hauen arteko etengabeko harremanak eta elkarrekintzak eskaintzen diote erakundeari filmekin modu iraunkorrean eta hainbat ikuspegietatik lan egiteko aukera. Egitura aberats hau bakarra da mundu osoan.

Arsenal Institut Für Film Und Videokunst

ARTIUM MUSEOA

Artium Museoa arte garaikideko museoen alorrean erreferente bat da. Horrela da, batez ere artista euskaldunen eta espainarren 3.000 artelan inguruz osatutako funts propioak dituelako. Horiek guztiek, arte garaikideko bilduma gailenetako bat osatzen dute, Euskadin dagoen mota horretako garrantzitsuenak dudarik gabe: Picasso, Miró, Barceló, Elena de Rivero, Chillida, Oteiza, Cristina Iglesias, Txomin Badiola, Richard Serra, Bill Viola eta, noski, belaunaldi berriak.

Erreferente bat da, halaber, duen asmo handiko erakusketen egitarauari esker, gertukoenak biltzen dituena, kultura garaikidearekin lotutako jardueren (zinema, arte eszenikoak, musika, ikastaroak...) agenda biziari esker. Dokumentazio Zentro dinamiko eta aktiboa duelako eta hezkuntza eta gizarte egitekoekin konpromisoa erakutsi duelako.

Artium Museoa

CINE CAUCE

Cine Cauce nazioarteko topaketa bat da, zaintze- eta zaharberritze-prozesu alternatiboetan, programazioan, praktika esperimentaletan eta landa eremu edo eremu periferikoetako emanaldi proiektuetan inplikatutako emakumeak edo pertsona ez-bitarrak biltzen dituena. EQZEn sortutako proiektu hau erakustaldiarekin lotutako edo erakustaldiari eragiten dioten esperientziak, praktikak, tresnak, experimentazioa, eta zinemagintzaren zereginari buruzko zalantzak eta gogoetak partekatzeko eremua da.

Cine Cauce

CINEMATECA PORTUGUESA - MUSEU DO CINEMA

Cinemateca Portuguesa-Museu do Cinema Portugalgo ondare zinematografikoa zaintzeko eta zabaltzeko erakundea da. 1950eko hamarkadaren hasieran sortu zuen Europako filmategien aitzindarietako batek, Manuel Félix Ribeirok, eta erakunde autonomo bihurtu zen 1980an.

Cinemateca Portuguesa Artxiboen Nazioarteko Federazioko (FIAF) kidea da 1956az geroztik.

Cinemateca Portuguesa

COURTISANE FESTIVAL

Courtisane zinemarako eta ikus-entzunezko arteetarako plataforma bat da. Urtero egiten den jaialdi baten, filmen proiekzioen, ekitaldien, elkarrizketen eta argitalpenen bidez, irudiaren eta munduaren, estetikaren eta politikaren, esperimentazioaren eta konpromisoaren arteko harremanak ikertzen ditu. Courtisanek erresonantzia-espazio publikoak sortzen ditu, aurkezpena eta hausnarketa konektatzeko. Courtisanek hainbat forma eta testuingurutan erakusten ditu ikus-entzunezko lanak, baina ikusteko eta entzuteko esperientzia ere zabaldu nahi du, elkarrizketa, topaketa eta testu eran.

Courtisane Festival

FIDMARSEILLE

FIDMarseille urtero uztailaren hasieran Marseillan ospatzen den Nazioarteko Zinemaldia da. Ehun bat filmek osatzen dute programazioa, fikzio eta dokumentalez, laburmetraiez eta luzemetraiez osatua. Idazkera bereziei eta forma berriei adi, FIDMarseille erreferentziazko jaialdia da gaurko eta biharko zinema independentearentzat, talentuak bilatzeko egiten duen lanaren garrantziagatik nazioartean ezaguna.

Zinema-jaialdiaren parte da FIDCampus, zinemagile gazteentzako eta arte-eskoletako, zinema-eskoletako eta unibertsitate atxikietako ikasleentzako prestakuntza-programa.

FIDMarseille

FILMOTECA ESPAÑOLA

Espainiako film- eta zinema-ondarea berreskuratu, ikertu, kontserbatu eta zabaltzeaz arduratzen den erakunde publikoa da Filmoteca Española. Haren eginkizuna zaintzen dituzten film- eta zinema-bildumak kontserbatzea, babestea eta sustatzea da, bai eta bilduma horietatik ondorioztatzen den zuzeneko edo zeharkako ezagutza guztia ere, materialak eta erakusketak proiektatuz eta bilduma bibliografikoak, objektuak eta obra grafikoak nahiz artxiboko dokumentu-funtsak eskuratuz.

Filmategia Filmen Artxiboen Nazioarteko Federazioko (FIAF) kidea da 1956az geroztik.

Filmoteca Española

INSTITUT JEAN VIGO

Bere jatorrian, Marcel Oms-ek 1962an sortutako zinekluba, Jean Vigo Institutuak 1981az geroztik ondare zinematografikoaren zaintzan, kontserbazioan eta sustapenean lan egiten du. Baliabide, kontserbazioa, animazioa, difusioa (urteko programazioa eta Confrontation jaialdia), ikerketa eta prestakuntzaren zentroa. Jean Vigo Institutua artxibo filmiko bihurtu zen 2006an, eta bere lekua hartu zuen FIAFeko (Artxibo Filmikoen Nazioarteko Federazioa) eta FCAFFeko (Zinemateken eta Artxibo Filmiko Frantsesen Federazioa) kideekin batera.

Institut Jean Vigo

LIGHT CONE

Light Cone irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta Frantzian eta mundu osoan zinema esperimentala banatzea, sustatzea eta babestea du helburu. Haren eginkizun nagusia da bere bildumako lanak, ahal dela jatorrizko formatuan, kultura-erakundeei banatzea, hala nola irabazi-asmorik gabeko erakundeei, zinemei, museoei, unibertsitateei, galeriei eta jaialdiei. Eginkizun hori betetzeko, Light Cone-k zinemagileen kooperatiba gisa funtzionatzen du, egileei (edo eskubideen titularrei) banatutako lanen kopia fisikoen eta eskubide moralen jabetza bermatuz.

Light Cone-ren Dokumentazio Zentroak dokumentu idatzien eta ikus-entzunezkoen bilduma paregabea eskaintzen du, ikertzaile eta programatzaileen kontsultarako. 1999an Avignóngo Filmoteka Esperimentala (AFEA) gehituta, Dokumentazio Zentroak 6.000 dokumentu inprimatu (liburuak, aldizkako argitalpenak, katalogoak), ikus-entzunezko 15.000 dokumentu baino gehiago (artxibo digitalak, DVDak, Blu-Ray, audio eta bideo zintak...) eta 1.250 gaikako erregistro (fitxa biografikoak eta instituzionalak) baino gehiago ditu.

Light Cone

PUNTO DE VISTA

Nafarroako Nazioarteko Zinema Dokumentalaren Jaialdia, Punto de Vista, Iruñean urtero ospatzen den zinema jaialdi ospetsua da. Fikziozkoa ez den zinemari eskainia, sortzaileen eta publikoaren arteko topaketa sustatu nahi du. Proiekzioez gain, jaialdiak programa anitza eskaintzen du, tailerrak, arte eszenikoak, musika eta zinemagileekin topaketak barne.

Punto de Vista

RADIO TELEVISIÓN ESPAÑOLA

RTVE Artxiboak 1.350.000 orduko eduki digitalizatua du gaur egun. 2017az geroztik eguneroko emisioak euskarri fisikoa erabiltzeari utzi zion; egun, edukiak zuzenean Artxiboko Liburutegi Digitalera gehitzen dira. 2004an, RTVEren Funts Dokumentalak Digitalizatzeko Proiektuaren barruan, Artxiboko material filmikoa digitalizatzeari ekin zitzaion. Bestalde, 2024az geroztik, RTVErentzat lan-fluxu estrategiko bat jarri da abian, 70eko hamarkadako albistegiak berreskuratzeko helburuarekin.

Radio Televisión Española

XCÈNTRIC

Xcèntric 2001etik aurrera CCCBren zinema-programa egonkorra da. Neguan eta udaberrian proiekzio erregularrak eta urte osoan zehar jarduera anitzak eskaintzen ditu. Edukiak genero eta gaie aldetik zabalduz joan dira etengabe, betiere sorkuntza pertsonaleko lanak erakutsiz, esperimentaziora eta saiakerara irekiak. Urteen poderioz, jarduera pedagogikoak, teorikoak eta praktikoak gehitu ditu, zinemagile eta adituekin topaketak, argitalpenak, programa ibiltariak eta ekoizpen propioak, eta espazio berezi bat ere bai: Xcèntric Artxiboa.

Xcèntric