Z/A Zinemagileen Artxiboa

arrow

Zinemarekiko maitasunaren transmisioari buruzko artxibo bizia.

Z-A Zinemagileen Artxiboa zinemaren poetikei buruzko dokumentazio eta ikerketa zentro gisa eratzen da, hau da, jardun zinematografikoen teorizazioari buruz: zinema egiteko eta ikusteko lanbidea eta talentua komunikatu, irakatsi, transmititu edo partekatu den moduari buruz. Z-A ez da, hortaz, filmen artxibo bat; aldiz, zinemagileen pentsamenduen eta teorien artxibo bat da.

Z-A bildumak pedagogia sistemiko, akademiko eta instituzionalen esparrua hartzen du. Halaber, zinemagileek beren film obraren jarraitutasun eta hedapen gisa duten intuizio, pentsamendu kritiko, muturreko pedagogia, beharrizan sozial, urgentzia politiko edo sormen bulkadatik datozen transmisio zinematografikoaren adierazpenetara ere zabaltzen da. Azken kasu horretan, zinemaren transmisioa jardun sortzaile-zinematografiko gisa ulertuta.

Zinemagileen Artxiboa Andréi Tarkovskiren lezio galduen sortze gordailutik eraikitzen da. Lehenik, artxibo, edukien gordailu eta funts gisa eratzen da. Paraleloan, Z-A egitasmoak eduki propioak sortzeko helburua ere badu, batzuk EQZEren jardueratik eratorriak,  bai eta gogoeta eta ikerketa dinamizatzekoa ere, mintegi, argitalpen eta programazio publikoen bitartez.

174 /  / Elías Querejeta Zine Eskola
Crédito foto: Tabakalera

Funtsak eta materialak Medialaben kontsulta postuetatik eskuratu ahal izango dira. Gainera, eremu espezifiko bat gaituko da bertan, Zinemagileen Artxiboa, ikastunek, irakasle bisitariek eta ikertzaileek lan egin dezaten. Ikertzaileek Medialabeko eta EQZEren Ikerketa Saileko teknikarien aholkularitza izango dute. Funtsen material guztiak digitalizatuta egongo dira. Z-A ez da artxibo fisiko gisa ezartzen. Z-Ak webgune bat izango du, eta bilduma arakatzeko eta eduki espezifikoak atzitzeko aukera emango du.

Zinemaren ikaskuntzari buruzko artxibo publiko gisa, Z-A edozein herritarrentzat zinema eskola etengabea den eta sarrera libre eta doakoa duen eskolatzat eratzen da aurrez: zinemaren transmisioari buruzko memoria handia. Zenbait materialen esklusibotasuna dela eta, erabiltzaile espezializatuak, ikertzaileak eta akademikoak ere erakartzea espero da, zinemaren eduki espezifiko, pedagogia eta poetikak aztertzen ari direnak.

Z-A Zinemagileen Artxiboak 2023. urtean irekiko ditu artxiboak.