Biharko zinema
Sormen-produkzioaren arloa EQZEko ikasleek garatutako proiektuak gauzatzean zentratzen da, bai eskolan eman bitartean, bai ondoren, ikasketak amaitu ondoren. Sailak Sorkuntzako, Komisariotzako eta Artxiboko ikasleen proiektuak gauzatzen laguntzen du.
Eskolak ekoizle-motor gisa jokatzen du fase horretan, eta proiektuen bideragarritasuna aztertzea, kanpoko bazkideak bilatzea eta ekimen horien gauzatzea gidatzea ahalbidetzen du.
El ir y venir de los trenes (1961)
El ir y venir de los trenes Rosina Pradok Moskuko VGIK-eko ikasle zen garaian egindako film laburra da. 1939tik Sobietar Batasunean erbesteratua, Pradok Kíyevskaya geltokian filmatu zuen lana —Europarako trenak handik abiatzen ziren—. Zinemagilearen arabera, filma bere bizitzaren beraren metafora bat zen.
Digitalizazioa EQZEn egin da, Filmoteca Españolarekin lankidetzan, eta "Trenen joan-etorria" ikerketa-proiektuaren parte da. Proiektuak Espainiako Alderdi Komunistaren Artxibo Historikoaren, Kataluniako Artxibo Nazionalaren eta Niños de Rusia (Errusiako Haurrak) elkartearen babes dokumentala du.
Estreinaldia: "Rosina Prado, erbesteko zinemagilea" mintegia
Descomedidos y chascones (1972)
Unidad Popularren gobernuan (Txile, 1970-1973) egindako dokumental esperimentala da, eta espektro sozial eta politikoko hainbat ingurutako pertsonak —burgesia eta proletalgoa, eskuina eta ezkerra— jartzen ditu solasean. Kutsu antinperialista nabarmeneko collage sekuentziak ere baditu filmak. Descomedidos y chascones filmaren estreinaldi komertziala 1973ko irailaren 11n egitekoa zen, Salvador Allenderen gobernua boteretik kendu zuen estatu-kolpe bortitzaren egun berean.
Digitalizazioa EQZEn egin da, Arsenal Filminstitut erakundearekin elkarlanean, eta "Bigarren eskukoa. Berrerabiltzea eta desbideratzeak zinema iberoamerikarrean" ikerketa-proiektuaren barruan dago.
Tiempo de mujeres (1987)
Ekuadorreko landa-herri bateko bizimodua erakusten digu dokumental honek. Gizonen migrazioaren aurrean, emakumeek beren gain hartzen dute familiaren, ekonomiaren eta kulturaren antolamendua. Oberhausengo Film Laburren Jaialdian saritua izan zen Tiempo de mujeres (1988), eta Leipzigen, Cinéma du Réelen edo Créteilekoo Emakumeen Zinemaldian hautatua.
Film honen digitalizazioa EQZEn egin da, Alejandra Larrea Galarzaren master amaierako lanetik abiatuta egindako ikerketari jarraituz.
A propósito de la mujer (1975)
Gizarte-maila desberdinetako sei emakumeren testigantzak bat egiten du izaera esperimentaleko sekuentzia batzuekin. Sekuentzia horietan, genero-desberdintasun izugarriak sinbolizatzen ditu basamortuan zehar doan emakume batek. Costa Rican emakume batek zuzendutako lehen filmtzat hartzen da A propósito de la mujer, eta Kitico Moreno da zuzendaria, Zinema Sailaren sortzailea (1973).
Obra honen digitalizazioa EQZEn egin da, Jorge Fernández Jaramilloren master amaierako lanetik abiatuta egindako ikerketari jarraituz. Proiektu honek Centro Costarricense de Cine y Audiovisualaren laguntza du.
Inês (1974)
Inês Etienne Romeu, diktadura militarraren aurkako aktibista brasildarra, 1971n bahitu eta espetxean torturatu eta bortxatu egin zuten. 1972an, biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Haren espetxeratzea salatzeko eta babesa adierazteko, Delphine Seyrig-ek bideo hau egin zuen Norma Bengell brasildar aktorearekin lankidetzan, Inêsek kartzelan jarraitzen zuen bitartean.
Inês filmaren zaharberritzea EQZEko laborategietan egin da eta Amanda Soares-ek izan da lan horren buru.
Proiektu honek Centre audiovisuel Simone de Beauvoiren lankidetza du.
Estreinaldia: Cinéma du réel
Amores frustrados (1934)
Antikuario batean aurkitua, familiartean egindako fikzioa da Amores frustrados, film hau aurkitu arte ahaztuta egon zen zinemagile batek Reusen filmatua. Kataluniako herri horretan filmatutako lehen film amateurra izango litzateke.
Film honen digitalizazioa EQZEn egin da, Ester Borràs Sabatéren master amaierako lanetik abiatuta egindako ikerketari jarraituz.
Communiqué from Argentina (1977)
Lucha Film talde estatubatuarrak egina da. Film honek Lili Massaferro —Montoneros erakundearen emakumeen arloaren sortzailea— aktibista argentinarraren historia eta Eva Perón, Evitaren figura tartekatzen ditu.
Digitalizazio hau "ZINEBI gordailua. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren funts zinematografikoari buruzko ikerketa" proiektuaren barruan dago, eta ZINEBIrekin elkarlanean egin da.
Estreinaldia: Semana del Cine Recuperado (MADO)
En el balcón vacío (1962)
En el balcón vacío Mexikon filmatu zuten Maria Luisa Elio nafarraren memorietan oinarrituta, eta Errepublikaren garaian erbesteratutakoan zinemako film garrantzitsuenetako bat da. Zaharberritze lan hau EQZEn egin da, Luis Alberto Juárez-en master amaierako lanetik abiatutako ikerketa-lan bati jarraituz.
Proiektu honek Nafarroako Gobernuaren babesa du eta Filmoteca UNAMen lankidetza.
Estrenaldia: Il Cinema Ritrovato
O pequeno exército louco (1984)
O pequeno exército louco, Lúcia Murat zinemagile brasildarraren eta Paulo Adárioren lehen lana, Iraultza Sandinistari buruzko film ertaina da. Nikaraguan, Brasilen eta Paraguain filmatu zen, eta izenburua Gabriela Mistralek Sandinoren armadari jarri zion izenetik dator.
Digitalizazio hau EQZEn egin zen, Luíza Rosadoren master amaierako lana abiapuntutzat hartuta egindako ikerketari jarraituz. Proiektu honek Rio de Janeiroko Arte Modernoko Museoaren Zinematekaren laguntza du.
Valle de México (1976)
Rubén Gámezen film laburra, Film Laburren Ekoizpen Zentroak ekoitzia. Bertan, zinemagileak hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdeko Mexikoko Haranaren erretratua osatzen du: hiria eta bertako biztanleak, hiri-hazkunde azkarraren eta kutsaduraren eraginpean.
Zaharberritzea EQZEn egin da, Daniel Ángeles Hernándezen masterreko azken lanetik abiatutako ikerketa bati jarraituz. Proiektu hau Instituto Mexicano de Cinematografía erakundearekin elkarlanean egin da.
Biarritz y sus alrededores (1922)
Compagnie Universelle Cinématographique (CUC) frantziar ekoiztetxeak 1922an filmatu zuen euskal kostaldeko irudiak mugimenduan erakusten dituen film labur isil hau.
Erreprodukzio digital hau EQZEn egin da. Filmoteca Españolak, Filmoteca de Andalucíak eta Gordailuak – Gipuzkoako Ondare Bilgumen zentroak hartu dute parte, eta "Pieza zinetikoak eta abangoardia eskopikoak" ikerketa-proiektuaren barruan dago.
Estreinaldia: Flores en la sombra plataforma (Filmoteca Española)
Porque quería estudiar (1990)
Hirira etxeko lanetan aritzeko migratzen duten, edo oraindik beren komunitateetan bizi diren nekazari gazteen testigantzaren bidez, irakurtzen eta idazten ikasteko irrika eta deserrotzearen mina islatzen ditu dokumental honek. Maria Bareak 1989an Perun, Amelia Torres eta Marilú Pérez Goicoechearekin batera, sortu zuen Warmi Cine y Video emakume zinegileen kolektiboaren lehen filmetako bat da Porque quería estudiar.
Kauri Ximon Jauregui Ariasek, Julio César Gonzales Oviedok, Daniel Ángeles Hernándezek eta Luis Alberto Juárez Pinedak digitalizatu dute film hau, «María Barearen eta Warmi Colectivo Cine y Videoren filmak zaintzea. Emakumeen lehen kolektiboa Peruko zineman» proiektuaren barruan, Warmi Cine y Video Peru kolektiboarekin elkarlanean.
Antuca (1993)
María Bareak, Amelia Torresek eta Marilú Pérez Goicoecheak Warmi Cine y Video Peru kolektiboa sortu zuten 1989an, periferiako auzoetako emakumeekin elkarlanean egindako zinema-prozesuak bultzatzeko. Antuca filman, etxeko emakume langileen esperientzian jarri dute arreta zinemagileek.
Kauri Ximon Jauregui Ariasek, Julio César Gonzales Oviedok, Daniel Ángeles Hernándezek eta Luis Alberto Juárez Pinedak digitalizatu dute film hau, «María Barearen eta Warmi Colectivo Cine y Videoren filmak zaintzea. Emakumeen lehen kolektiboa Peruko zineman» proiektuaren barruan, Warmi Cine y Video Peru kolektiboarekin elkarlanean.
22 de mayo (1969)
1969ko maiatzaren 22a. Mendixketako biztanle batek Caracas zeharkatzen du bere irrati eramangarriarekin. Muntaketan irudi horiek eta Copei alderdiak Venezuelako Unibertsitate Zentralaren aurka egindako erasoarenak eta ikasleen erresistentziarenak tartekatzen dira. Filma kolektiboki egin zuen Jacobo Borgesek (Cine Urgente taldekoak) auzoko bizilagunekin.
Arsenal Filminstitut-ekin elkarlanean, EQZEn egindako digitalizazio hau “Bigarren eskukoa. Berrerabilera eta desbideratzeak zinemagintza iberoamerikarrean” ikerkuntza-proiektuaren parte da.
Estreinaldia: Archival Assembly #3
El negro (1960)
Kubako Arte eta Industria Zinematografikoaren Institutu sortu berriaren (ICAIC) lehen dokumentaletako bat da El negro; institutu horrek Kubako arraza-diskriminazioa jorratzen du esplizituki. Eduardo Manet antzerkigile eta zinegile kubatarrak egin zuen uhartera itzuli eta gutxira. Biztanleria beltzaren egoera aztertzen du kolonialismoaren garaitik Iraultzaren garaipenera arte.
Zaharberritzea EQZEn egin da, Kubako Zinematekarekin eta British Film Institute erakundearekin elkarlanean, eta "Bigarren eskukoa. Berrerabiltzea eta desbideratzeak zinema iberoamerikarrean" ikerketa-proiektuaren barruan dago.
Estreinaldia: SSIFF ("En la otra isla”)
79 primaveras (1969)
Film honek Vietnamgo herriaren borroka antinperialistari egiten dio omenaldia, Ho Chi Minhen ibilbidean zehar —ekoitzi zen urte berean hil zen—, hirurogeiko hamarkadako ikus-entzunezko collage kubatarraren ordezkari garrantzitsuenetako baten eskutik.
Digitalizazioa EQZEn egin da, Kubako Zinematekarekin elkarlanean, eta "Bigarren eskukoa. Berrerabiltzea eta desbideratzeak zinema iberoamerikarrean" ikerketa-lanaren barruan dago.
Estreno: SSIFF (“En la otra isla”)
La paz (1968)
Prentsako argazkien muntaketatik eta Juan Carlos Onganía Argentinako orduko de facto presidentearen hitzalditik abiatuta egin zen La paz. Diktaduraren erretorika ofiziala eta herriaren pobreziaren irudiak kontrajartzen ditu filmak. 16 mm-ko kopia bakar batean gordea, 2023an aurkitu zuten La paz María Elena Massolo errealizadorearen izena agertu zen ikerketan, ordura arte taldearen sinadura kolektiboaren atzean ezkutatuta zegoena.
Digitalizazioa EQZEn egin da, Arsenal Filminstitut erakundearekin elkarlanean, eta "Bigarren eskukoa. Berrerabiltzea eta desbideratzeak zinema iberoamerikarrean" ikerketa-proiektuaren barruan dago.
Estreinaldia: Archival Assembly #3
Fondo Eugenio Granell
Batez ere bere pinturengatik bada ere ezaguna, poeta, irakaslea eta zinemagilea ere izan zen Eugenio Granell. 1960 eta 1980 artean hainbat film egin zituen. Batzuk bere pinturarekin lotuta daude; beste batzuek, berriz, bere etxeko bizitza erretratatzen dute.
Obra horietako zazpi (1960 eta 1962 artean eginak) EQZEn zaharberritu dira, Fundación Eugenio Granell eta Filmoteca de Galiciarekin elkarlanean. Azken horrek zaintzen du funts osoa, eta 42 dokumentu ditu, 8 mm-koak eta super-8koak.
Bilduma honen zaharberritzea "Film Granell. Eugenio Granell artistaren funts filmikoaren zaharberritze digitala" ikerketa-proiektuaren barruan dago.
Estreinaldia: Curtocircuito
Waheb al Horriyah (1989)
Film honek, Libanoko Erresistentzia Fronte Nazionalak eskatua, Libano eta Palestinako erresistentziak 1982 eta 1987 artean Israelen okupazioaren aurka burututako ekintza armatuak dokumentatzen ditu. Artxiboko irudiak eta borrokalarien senideei egindako elkarrizketak tartekatzen ditu Waheb al Horriyah / The Freedom Giver filmak.
Zaharberritzea EQZEn egin da, Margaux Chalançonen masterreko azken lanetik abiatutako ikerketa bati jarraituz. Proiektu hau Nadi LeKol Nas elkartearekin elkarlanean egin da.
L.B.J. (1968)
1963 eta 1969 artean, Lyndon B. Johnson-en agintaldian, Estatu Batuetan izandako ustelkeriari eta indarkeriari buruzko satira. Artxiboko irudi eta elkarrizketa ugari berrerabiliz, filmak herrialdearen politika aztertzen du Martin Luther King juniorren eta John eta Robert Kennedyren erailketak berrikusiz.
Kubako Cinematecarekin elkarlanean, EQZEn egindako zaharberritze hau "Bigarren eskukoa. Berrerabilera eta desbideratzeak zinemagintza iberoamerikarrean" ikerkuntza-proiektuaren parte da.
Estreinaldia: Archival Assembly #2
Rank and File (1972)
Sylvia Harvey britainiar ikertzaile eta zinemagileak egin du filma hau, eta Los Angeleseko langileen sindikatu baten barne-gatazketara hurbiltzen da, buruzagien ustelkeriak eta komunitate afroamerikarren eta txikanoen arteko arraza-tentsioek astinduta, Vietnamgo gerrak eta Nixonen berehalako berrautaketak markatutako testuinguruan.
EQZEn egin da digitalizazioa, Laura Ibañezen gidaritzapean, eta «Arte eta kultura bisual garaikidearen publikoak Espainian» (CSIC / Universidad Autónoma de Madrid) ikerketa-proiektuaren barruan dago.
Estreinaldia: Punto de Vista
Oración (1984)
Ernesto Cardenal poeta nikaraguarraren Oración por Marilyn Monroe poemaren bidez, film honek aktorearen zorigaiztoko patua Amerikako haurren miseria eta esplotazioarekin lotzen du. Kultura masiboaren ikonoa den Marilynen irudia birradierazteko balio du muntaketak, zapalkuntza inperialistaren sinbolo gisa.
Kubako Cinematecarekin elkarlanean, EQZEn egindako zaharberritze hau "Bigarren eskukoa. Berrerabilera eta desbideratzeak zinemagintza iberoamerikarrean" ikerkuntza-proiektuaren parte da.
Estreinaldia: Archival Assembly #2
Veronica 4 Rose (1982)
Veronica 4 Rose filmak Liverpool, Londres eta Newcastleko 16 eta 23 urte bitarteko gazte lesbianen lekukotasunak biltzen ditu. Gazte horiek gehienbat heterosexuala eta homofoboa den gizarte batean izandako esperientziak partekatzen dituzte. Melanie Chait zinemagile hegoafrikarrak nerabe lesbianen artean suizidio kopuruak gora egin izanari erantzuteko sustatu zuen filma. Duela gutxi sortutako Channel 4 telebista-kanalak ekoitzi zuen 1982an.
Film honen digitalizazioa EQZEn egin zen "Their Past is Always Present" ikerkuntza-proiektuaren esparruan. Proiektu hori Cinenovarekin eta LUXekin elkarlanean sortu zen.
Often During the Day (1979)
Often During the Day filmak sukalde bateko irudi batzuk erabiltzen ditu emakumeei tradizioz esleitutako etxeko zereginak zalantzan jartzeko. Emakumezko ahots batek garbiketa- eta konponketa-lanei buruz zer pentsatzen duen deskribatzen du; gizonezko ahotsek Ann Oakleyren The Sociology of Housework (1974) lanaren zatiak irakurtzen dituzte.
Filmaren digitalizazioa EQZEn egin zen "Their Past is Always Present" ikerkuntza-proiektuaren esparruan. Proiektu hori Cinenovarekin eta LUXekin elkarlanean sortu zen.
Fondo José Ernesto Díaz-Noriega
José Ernesto Díaz-Noriega zinemagile afizionatua, erakusketaria eta bildumagilea izan zen. Bere bizitzaren zati handi bat A Coruñan eman zuen, eta funtsezko eginkizuna izan zuen hirurogeita hamarreko hamarkadako galiziar zinemagile gazteen prestakuntzan. Haren lanaren ezaugarri nagusia da komunikabideetatik eta zinemaren historiatik etorritako irudien eta soinuen berrerabilpen satirikoa. Zinemagile honen artxiboa kontserbatu du familiak, eta film propioak eta beste egile batzuenek daude bertan, bai eta dokumentazio grafiko eta testu-dokumentazio handia ere.
2021ean zehar, film-funtsaren zati bat —Filmoteca Españolan gordea— "Bigarren eskukoa. Berrerabilera eta desbideratzeak zinemagintza iberoamerikarrean" proiektuan sartu zen, eta haren esparruan digitalizatu zen. Diaz-Noriega Villalba familiaren, Filmoteca de Galiciaren eta Espainiako Filmategiaren laguntza izan zuen proiektuak.
Niños, niñas (Malasaña) (1978)
Zinemagile frantziarrak Madrilen (1978an Trantsizioaren erdi-erdian zegoen hirian) filmatu zituen hiru filmetatik lehena. Jatorriz super-8 formatuan filmatutako film hau Malasaña auzoan barrena dabil politikaren eta kulturaren irakinaldian.
Niños, niñas (Malasaña) filmaren digitalizazioa EQZEren laborategietan egin zen zinemagileak gainbegiratuta eta Adrián García Pradok gidatuta.
Night Dances (1995)
Filmaketan zehar bere amaren heriotzak zeharkaturik, duelua eta Sandra Lahireren nortasunaren dimentsio judua nahasten ditu Night Dances filmak. «Living on Air» trilogiaren bigarren zatia da, zinemagile esperimental feminista honek Sylvia Plathi eskaini ziona. Lady Lazarus (1991) eta Johnny Panic (1999) dira beste biak.
Film honen digitalizazioa EQZEn egin da, Cinenova eta LUXekin elkarlanean antolatutako "Their Past is Always Present" ikerketa-proiektuaren barruan.
Plutonium Blonde (1987)
Irudien eta soinuen collagea, Thelmaren inguruan egina. Plutoniozko erreaktore bateko monitoreen artean lan egiten du Thelmak. Lahireren trilogiaren parte da Plutonium Blonde, mehatxu nuklearrari eta mehatxu horrek emakumeen gorputzean duen eragin erreal eta sinbolikoari buruzkoa.
Filmaren digitalizazioa EQZEn egin da, Cinenova eta LUXekin elkarlanean antolatutako "Their Past is Always Present" ikerketa-proiektuaren barruan.
Johnny Panic (1999)
Sandra Lahire zinemagile britainiarrak Sylvia Plath poetari eskainitako "Living on Air" trilogiaren hirugarren eta azken atala da Johnny Panic, eta Lady Lazarus (1991) eta Night Dances (1995) dira beste biak. Plathen kontakizun batean oinarrituta, Lahireren azken filma ere izan zen. Londresko laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetako zinema esperimental feministako kide nabarmena izan zen Lahire.
Filmaren digitalizazioa EQZEn egin da, Cinenova eta LUXekin elkarlanean antolatutako "Their Past is Always Present" ikerketa-proiektuaren barruan.
Jeune femme à sa fenêtre lisant une lettre (1983-1984)
Jeune femme à sa fenêtre lisant une lettre Jean-Claude Rousseau zinemagile frantsesaren lehen filma da —Les Antiquités de Rome (1989) eta La Vallée close (1995)—. Parisko apartamentu bateko gela batean filmatu zen osorik, eta Johannes Vermeerren izen bereko margolan batetik hartuak dira izenburua eta motiboa. Filmaketa super-8 kamera batekin egin zen, eta 1983 eta 1984 artean luzatu zen.
Filmaren zaharberritzea EQZEren laborategietan egin da zinemagileak gainbegiratuta, Carlos Saldaña buru dela.
Estreinaldia: Festival Punto de Vista
Expediente (1977)
Equipo Crónica kolektibo artistikoaren margolanak eta collageak oinarri hartuta, 1975ean diktadura frankistak eragindako azken fusilamenduak salatzen ditu film labur honek. Filmak Film Labur Onenaren Urrezko Maskorra lortu zuen Donostiako 25. Zinemaldian.
Expediente filmaren zaharberritzea EQZEn egin da, Filmoteca Españolarekin elkarlanean, Donostia Zinemaldiarekin batera antolatutako "Zinemaldia 70: historia posible guztiak" ikerketa-proiektuaren esparruan.
Estreinaldia: Zinemaldia 70. Historia posible guztiak
Gure Herria (1977–1983)
1977 eta 1983 artean, María Jesús "Tatus" Fombellidak dokumental-sail bat filmatu zuen Super 8an, imajinario kolektiboaren parte izateari uzten ari ziren euskal artisautza-lanbideei buruz.
EQZEn egin da zaharberritzea, eta jatorrizko saila osatzen zuten hamabi piezetatik bederatzi berreskuratu ditu. Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean egindako "Zinemaren artisauak: Euskal zinema amateurraren inguruko ikerketa" ikerketa-proiektuaren barruan dago.