Berriak /

Camilo Restreporen "La Chambre d’ombres" filmak Cinéma du réel-eko Works-in-Progress sekzioan parte hartuko du.

Argitalpen batek eta postprodukzio aldian dagoen film luze batek osatzen dute Elías Querejeta Zine Eskolan mamitutako proiektua. Bi produkzio horiek ibilbide bat itxuratzen dute artelanen, filmen, liburuen eta argazkien bidez, irudikapenak errealitatean duen eragina zalantzan jartzeko.

2024/03/21
Camilo Restreporen \
"La Chambre d'ombres" filmaren irudia

Cinéma du réel Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak La Chambre d’ombres (Itzalen gela) lanaren aurreneko proiekzioa hartuko du; Camilo Restrepo (Medellin, 1975) zinemagile kolonbiarraren proiektua da, eta Elías Querejeta Zine Eskolaren gonbidapen batetik abiatuta sortu du.

Filma martxoaren 27an proiektatuko da Parisko Pompidou Zentroan, jaialdi, plataforma eta telebistako programatzaile eta salmenta, banatzaile eta erakusketari talde baten aurrean. Jaialdiko Paris DOC Works-in-Progress sekzioan biltzen da, zinemagileei beren obren azken garapenean eta banaketan orientabidea eta laguntza emateko xedea duen espazio antolatuan.

2024ko edizioko programan parte hartzen duten sei lanetatik batek postprodukzioko laguntza bat jasotzeko aukera du soinua edo etalonajea nahasteko. La Chambre d’ombres lana 5à7 Films-ek ekoitzi du Elías Querejeta Zine Eskolaren laguntzarekin.


Film eta argitalpen bana

Proiektu berezia da La Chambre d’ombres, izen bereko argitalpen eta film batek osatua da. Camilo Restrepok 2019-2020 Ikasturteko EQZEko ikasleei emandako mintegi batean du jatorria. Mintegia amaitu ondoren, zentroak gonbit egin zion zinemagileari tailerreko aztergaiaren xedearekin lotutako obra bat ekoitzi zezan, munduaren irudi, irudikapen edo ikuspegi bat sortzen den testuingurua, eta irudi, irudikapen edo ikuspegi horiek errealitatean duten eragina zalantzan jartzeko.

Proiektuak hainbat artelan, film, liburu eta argazki zeharkatzen dituen ibilbide bat egiten du, hainbat arte adierazpenen erabilera irudikatzen dutenak interes ekonomikoak, ideologiak eta kolonizazio estrategiak ezartzeko, eta izaera sozial eta kulturaleko diskriminazio mota guztiak gauzatzeko. Obra horiek agerian uzten dituzte menderatze mekanikoak, baina, bestalde, emantzipatzeko bideak eta tresnak adierazten dituzte aldi berean. Francis Alÿs, Fernando Botero, Bertolt Brecht, Guy Debord, Paul Klee, Alexander Kluge, Milan Kundera, Chris Marker, Susan Meiselas, Charlotte Perkins Gilman, Sophie Ristelhueber, Martha Rosler, Deborah Stratman, Kidlat Tahimik, René Vautier eta Robert Walser dira La Chambre d’ombres lanean aipatzen eta adierazten diren artista batzuk.

Bai argitalpenak bai filmak, liburua osatzen duten 26 saiakeren eszenaratzea irudikatzen duenak, saiakera eta fikzioa bezalako narrazio bideak esploratzen dituzte, eta elementu bisualetan oinarritzen dira, hala nola marrazkian, argazkian, zineman eta dabilen irudian. 2024ko bigarren seihilekoan emango dira argitara proiektuaren bi bertsioak.

Camilo Restrepo 1999az geroztik bizi da eta lan egiten du Parisen. Artista plastikoa eta zinemagilea, Cannesko Zinemagileen Hamabostaldian, Torontoko Nazioarteko Zinemaldian, New Yorkeko Zinemaldian eta Donostia Zinemaldian aukeratu izan dituzte egilearen lanak. Locarnoko Jaialdian Pardino d’Argeno sariarekin saritu dute birritan. Egilearen lehenengo film luzea, Los Conductos, Berlinaleko Encounters nazioarteko lehiaketan parte hartu zuen, eta Opera Prima Onenaren saria irabazi zuen 2020an.