Berriak /

Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleen bost filmek parte hartuko dute Donostia Zinemaldian

Hikaru Uwagawak Ulysses bere lehen film luzea aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakalera sailean. Nest sailaren programan Julen Etxebarriaren Hirugarren paisaia izango da. Mikele Landa Eigurenek eta Marieke Elzermanek Senda eta Wash Over proiektuekin hartuko dute parte Ikusmira Berriak-en, eta Lucia Monterok Peter proiektuarekin Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan.

2024/09/19
Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleen bost filmek parte hartuko dute Donostia Zinemaldian

Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleen filmek presentzia handia izango dute berriz ere Donostia Zinemaldian. Aurten ere, lehen sei promozioetako ikasleek eskolan sortutako proiektu ugari ikusgai egongo dira SSIFFren 72. edizioko programazioan.

Ulysses Hikaru Uwagawaren (Hiroshima, 1996) lehen film luzea da. James Joyceren lanean oinarrituta, filmak Madrilen, Donostian eta Maniwan (Japonia) gertatzen diren hiru istorio kontatzen ditu. Ulysses-ek Donostia Zinemaldiaren Ikusmira Berriak garapen programaren bederatzigarren edizioko (2023. urtea) hautaketan parte hartu zuen (CICC Tabakalera eta EQZE); eta jaialdiaren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan aurkeztu zen, 71. edizioan. Laugarren promozioko ikaslearen filma ekainean estreinatu zen mundu osoan, FIDMarseille jaialdiaren baitan.

Edizio honetan ere, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle baten filmak parte hartuko du zine eskoletako ikasleen Nest sailean. Bosgarren promozioko ikasle Julen Etxebarriak (Getxo, 1994) zuzendutako El tercer paisaje film laburra beste hamahiru filmekin batera aukeratu dute, 48 herrialdetako 200 zinema eskolen 428 proposamenen artean. NEST THE MEDIAPRO STUDIO saria lortzearren lehiatuko da ere Mário Veloso, EQZEren promozio berriko ikaslea, Chuvas de verão filmarekin. Escola das Artes - Universidade Católica Portuguesa izenekoan egin du filma.

Garapenean dauden hiru proiektu zinematografiko hauek ere SSIFFn izango dira: Mikele Landa Eigurenen Senda (Ea, 1995) eta Marieke Elzermanen Wash Over (Amsterdam, 1996), laugarren eta hirugarren promozioko ikasleak eta Ikusmira Berriak programaren azken edizioko egoiliarrak; eta Peter, Lucía Montero (Salamanca, 1988) hirugarren promozioko ikaslearena, Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren barruan aurkezten dena.

EQZEko ikasle ohiek eta ikasleek Zinemaldiko beste arlo batzuetan ere parte hartuko dute (industria, programazioa, arlo teknikoa, komunikazio arloa, harreman publikoak, etab.), praktika profesionalen programaren bidez eta SSIFFk zuzenean kontratatuta. Eskolako seigarren eta zazpigarren promozioetako ikasleek agenda espezifiko bat izango dute Zinemaldiak irauten duen bitartean, eta proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute.