Berriak /
EQZEk argitalpen bat, eskolan zaharberritutako filmen ziklo bat eta laburmetraien programa bat aurkeztu ditu SSIFFen
Camilo Restrepok “La chambre d’ombres” (Itzalen gela) proiektua aurkeztu du, liburu bat eta film bat dituena. EQZEn zaharberritutako filmek osatzen dute SSIFFrekin eta Euskadiko Filmategiarekin batera antolatutako “En la otra isla” zikloaren programazioa. “Memoria lotsagabeak. Queer historia berridazten” tailerrean egindako film laburrak proiektatuko dira LGTBIQA+ zinema-jaialdien topaketen testuinguruan.
Elías Querejeta Zine Eskolaren proiektua bultzatzen duten ikerketa-eremuetan garatutako lanek presentzia nabarmena izango dute Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan. Eskolako produktibitatea, ikerketa jardueratik, ikasle ohien eta ikasleen proiektuetatik eta eskolaren beraren ekimenetik datorrena, EQZEk egiten duen zinemarako hurbilketa berezia agerian uzten duten hainbat proposamenen bidez gauzatuko da.
La Chambre d’ombres (Itzalen gela) proiektuaren ardatza izen bereko argitalpen bat eta film bat dira. Camilo Restrepok (Medellin, 1975) sortu du, EQZEren gonbidapen batetik abiatuta. Proiektuak zinemagile kolonbiarrak 2019-2020 ikasturtean ikasleei eman zien mintegi batean du jatorria. Mintegia amaitu ondoren, Eskolak lantegiaren aztergairekin lotutako obra bat ekoiztera gonbidatu zuen zinemagilea: munduko irudiak eta irudikapenak sortzen diren testuingurua zalantzan jartzea, eta irudi eta irudikapen horiek errealitatean duten eragina.
Helburu hori betetzeko, proiektuak hainbat artelan, film, liburu eta argazki zeharkatzen dituen ibilbidea marrazten du, artea eta haren adierazpenak interes ekonomikoak ezartzeko, ideologiak sustatzeko, kolonizazio estrategiak ezartzeko eta edozein motatako diskriminazio sozial eta kulturalak gauzatzeko erabili direla erakusteko. Menderatze mekanikak nabarmentzen dituzten obrak dira, baina, bestalde, emantzipaziorako bideak eta tresnak ere adierazten dituzte, Camilo Restrepok adierazi bezala. Francis Alÿs, Fernando Botero, Bertolt Brecht, Guy Debord, Paul Klee, Alexander Kluge, Milan Kundera, Chris Marker, Susan Meiselas, Charlotte Perkins Gilman, Sophie Ristelhueber, Martha Rosler, Deborah Stratman, Kidlat Tahimik, René Vautier eta Robert Walser dira La Chambre d’ombres lanean aipatzen eta erreferentzia egiten zaien artistetako batzuk.
Argitalpenak zein filmak, liburua osatzen duten 26 saiakeren eszenaratzeak, besteak beste saiakera eta fikzioa narrazio formak aztertzen dituzte, eta marrazketa, argazkia, zinema, mugimenduzko irudia eta antzeko elementu bisualak dituzte oinarri.
Camilo Restrepo Parisen bizi da eta han egiten du lan 1999az geroztik. Restreporen filmek, besteak beste, honako jaialdi hauetako hautaketetan hartu dute parte: Cannesko jaialdiko La Quinzaine des cinéastes, Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdia eta New Yorkeko Zinema Jaialdia. Pardino d 'Argento saria birritan irabazi du Locarnoko Jaialdian. 2020an, Restreporen lehen film luzeak, Los Conductos delakoak, Berlinaleko Encounters saileko opera prima onenaren saria irabazi zuen.
Irailaren 27an aurkeztuko da La Chambre d’ombres lana.
Filmak zaharberritzeko laborategia
Bestalde, Elías Querejeta Zine Eskolan zaharberritutako filmek osatzen dute Donostia Zinemaldiarekin eta Euskadiko Filmategiarekin batera antolatutako "En la otra isla" zikloaren programazioa. Zikloak, jaialdiaren Klasikoak programaren esparruan kokatuta dagoenak, 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean egindako film kubatarren sorta bat jasotzen du, eta Sara Gómez eta Nicolás Guillén Landrián bezalako zinemagileen, Santiago Álvarez bezalako pertsonaia kanonikoen eta egitura instituzionaletatik at lan egin zuten zuzendari amateurren gutxi ikusitako lanek osatzen dute.
Eskolako “Bigarren eskukoa: berrerabiltzea eta desbideratzeak zinema iberoamerikarrean” ikerketa proiektutik sortutako zikloa kontzeptualizatzen lagundu du EQZEk. Gainera, hura osatzen duten 18 filmen komisario lanak egiteaz arduratu da, baita titulu horietako batzuk bere laborategietan zaharberritzeaz ere. Horrez gain, Archivistas Salvajes kolektiboak —eskolako ikasleez osatuak— ziklora ekarritako filmak zaharberritzeko lanetan ere parte hartzen du eskolak.
Gainerako zaharberritzeak Kubako erakundeen (Kubako Cinemateca, ICAIC, zinegileak eta partikularrak) eta nazioarteko hainbat erakunderen arteko lankidetzaren emaitza dira. Besteak beste, aurrez aipatutako Kubako erakundeen eta nazioarteko erakunde hauen artekoa: Vulnerable Media Lab / Queen's University (Kanada), Arsenal-Institut für Film und Videokunst (Alemania), Altahabana Films (Madril) eta Institut National de l’Audiovisuel (Frantzia). Programa irailaren 23tik 27ra bitartean egingo da, Elías Querejeta Zine Eskolak Tabakaleran duen gune berrian, eraikinaren beheko solairuan.
Memoria lotsagabeak
Irailaren 25ean (asteazkena), EQZEko ikasle ohi Alejo Duclósek EQZEko Komisariotza graduondoko master amaierako proiektuan oinarrituta antolatutako “Memoria lotsagabeak: Queer historia berridazten” tailerraren testuinguruan sortutako 12 film labur proiektatuko dira Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian. Euskal Herriko queer memoriaren inguruko sorkuntza zinematografikoa bultzatzea da proiektuaren helburua. Donostia Zinemaldiko Industria arloaren baitan 25. Sebastiane sariak eta Gehitu elkarteak antolatutako LGTBIQA+ zinema-jaialdien topaketako jardueren parte da proiekzioa.