Berriak /

Claire Atherton, Marie Losier eta Hlynur Pálmasonek beren sormen prozesuak partekatuko dituzte 2024-2025 ikasturteko ikasle promozioarekin

Hiru zinemagileek beren lan materialak azaldu eta gogoeta egingo dute beren filmak sortzeko eta taxutzeko moduaz hiruen artean emango duten “Sorkuntzaren metodologiak” irakasgaian. Fernando Martín Peña historialari eta artxibozain argentinarrak ikerketa egonaldi bat egingo du eskolan. Gaur hasi da datorren urteko abenduan amaituko den 2024-2025 Ikasturtea.

2024/09/14
Claire Atherton, Marie Losier eta Hlynur Pálmasonek beren sormen prozesuak partekatuko dituzte 2024-2025 ikasturteko ikasle promozioarekin

Elias Querejeta Zine Eskolak ateak ireki dizkio eskolaren zazpigarren promozioari. Gaur hasi da 2024-2025 Ikasturtea eta hamabost hilabete barru amaituko da, datorren urteko abenduan, ikasleek eginiko azken lanen aurkezpenarekin.

Eskolako Zuzendaritza Akademikoa (Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako, Donostia Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariek osatua) arduratu da ikasle taldea hautatzeaz, onarpen epean (otsailaren 1etik 29ra) 35 herrialdetatik jaso ziren 207 eskaeren artetik. Honako hauek dira zazpigarren promozioko 45 ikasleen jatorriak: Euskal Autonomia Erkidegoa (2), Estatuko gainerako erkidegoak (7), Europako herrialdeak (5), Latinoamerika (28), Ipar Amerika (2) eta Afrikako iparraldea (1). Ikasturte honetako ikasleen batez besteko adina 30 urte da.

Ikasleen profilari dagokionez, denetarik dago: espezialistak filmen artxiboan eta zaintzan; kuradoreak, esperientziarekin zinema jaialdien, filmoteken, zikloen eta erakusketa eta instalazio artistikoen kudeaketan eta programazioan; film labur, luze eta instalazioen errealizadoreak; unibertsitateko irakasleak eta ikertzaileak; zinema eskoletako egresatuak; graduatuak Antropologia Bisualean, Arte Bisualetan, Ikus-entzunezko Komunikazioan, Arte Ederretan, Literatur Ikasketetan, Filosofian, Humanitateetan, Artearen Historian eta Kazetaritzan; ekoizpen eta banaketa zinematografikoko edo muntaketa, argazkigintza, soinua eta diseinua bezalako alorretako profesionalak.

Lehen aste honetan, bat etorriz Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren hasierarekin, elkar ezagutzen hasiko dira eskolaren eskaintza akademikoa osatzen duten hiru graduondokoetako (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) ikasleak, aurkeztuko zaizkie ikasturtearen Ikasketa Plana, eskola bera eta EQZEko kide diren erakundeak eta proiektuak, eta Tabakaleraren atal eta aretoak ezagutzen hasiko dira. Irailaren 30a izango da klaseen lehen eguna.


2024-2025 ikasturtea

Elias Querejeta Zine Eskolaren 2024-2025 Ikasturteko plan akademikoaren berrikuntzetako bat izango da “Sorkuntzaren metodologiak” izeneko irakasgaia, elkarrekin emango dutena Claire Atherton, Marie Losier eta Hlynur Pálmason zinemagileek. Ikasgai hau sortu da ibilbide, jatorri eta ikuspegi desberdineko hiru zinemagileei beren sormen prozesuetan erabiltzen dituzten tresnak sistematizatu eta parteka ditzaten egin zaien gonbidapenetik.

Claire Atherton (San Francisco, AEB, 1963) zine muntatzailea da. Parisko Louis Lumière Goi Eskola Nazionalean ikasi zuen, interes berezia jarriz soinuaren alorrean. Argazki zuzendari gisa lan egin zuen, gerora zine muntaketan egin bazuen ere bere bidea. 80ko hamarkadaren hasieran, 30 urte baino gehiago iraungo zuen elkarlana hasi zuen Simone de Beauvoir Zentroan lanean ezagutu zuen Chantal Akermanekin. Gaur egun elkarlanean dihardu Eric Baudelaire eta Wang Bing bezalako artista eta zinemagileekin.

Marie Losier (Frantzia, 1972) zinemagile eta komisarioak 23 urte daramatza New Yorken lanean. Museo, galeria, bienal eta jaialdi entzutetsu ugaritan proiektatu ditu bere filmak: besteak beste, Cannesko Zinemaldian, Berlinalen, Rotterdamgo Jaialdian, Locarnon, IDFAn, Tate Modernen, Georges Pompidou zentroan eta MoMAn.

Hlynur Pálmasonek (Islandia, 1984) artista bisual gisa hasi zuen bere ibilbidea eta, ondoren, zine ikasketak egin zituen Danimarkako Zinema Eskola Nazionalean. 2017an, lehen film luzea zuzendu zuen: Winter Brothers (Vinterbrødre, 2017); lau sari irabazi zituen Locarnoko zinemaldian. Hurrengo lana, Hvítur, hvítur dagur (2019), Cannesko Kritikaren Astean aurkeztu zen. Azken film luzea, Godland (Vanskabte Land, 2022), Cannesko Zinemaldiko ‘Un Certain Regard’ sailean estreinatu zen.

Hiru zinemagileek beren lan materialak azaldu eta gogoeta egingo dute beren filmak sortzeko eta taxutzeko moduaz.

Bestetik, Fernando Martín Peña (Buenos Aires, 1968) artxibozain, bildumagile, ikertzaile eta programatzaile argentinarrak ikerketa egonaldi bat egingo du eskolan 2025eko martxotik apirilera. Artxibozain zinematografiko gisa duen esperientzia azalduko die ikasleei. Haren eskoletan landuko dira ere zaintza proiektuen jasangarritasun ekonomikoa eta finantzaketa bezalako gaiak, eta ondare ikerketaren zabalkundea eta sozializazioa.

Gainera, irakasle gisa arituko dira ere, hiru espezializazio arloetan, jardunean dauden munduko erakunde ospetsuetako profesionalak eta zinemagile ezagunak. 2024-2025 Ikasturtean, EQZEra etorriko dira, besteak beste: Santiago Aguilar, Cristina Álvarez, Manuel Asín, Peter Bubestinger, Franco Bosco, Javier Codesal, Pedro Costa, Gonzalo de Pedro, Alfonso del Amo, Sonia García López, Gema Grueso, Iván Granovsky, Reto Kromer, Mariano Llinás, Adrian Martin, Ricardo Matos-Cabo, Beli Martínez, Matías Piñeiro, Camilo Restrepo, Lucía Salas, José Luis Sanz, Catarina Vasconcelos, Esther Urlus eta Mona Jiménez.

Euskal Herriko irakasleak ere arituko dira: Peio Aguirre, Xabier Erkizia, Michel Gaztambide, Mikel Gurrea, Irati Gorostidi, Niko Iturralde, Itziar Okariz, Ane Rodríguez Armendariz eta Xanti Salvador. Izen horiei gehitu behar zaizkie tutoreen taldea eta proiektuan parte hartzen duten erakundeetako profesionalak, eskolan irakasle ere badirenak.

Ikasturteak sei modulu izango ditu. Lehenengo bost moduluak (iraila-uztaila) irakaskuntzakoak eta presentzialak izango dira; seigarren modulua (abuztua-abendua), master amaierako lanari edo hipotesiari dagokiona, erdi presentziala. Guztira, hamabost hilabete izango dira, modu zirkularrean egituratuta, bat etorriz horrela EQZEren oinarrian dagoen ikaskuntza eta esperientzia filosofiarekin.


Ikasketa bekak

14 ikaslek jasoko dituzte Ibermedia Funts Iberoamerikarrak ikasketarako ematen dituen laguntzak, Funts horrek berriro hautatu baitu Elias Querejeta Zine Eskolaren proposamena, Formakuntza Programetarako Laguntza modalitatean (2023ko deialdia). Funtsak 50.000 dolar bideratu ditu eskolara, 3.571 dolarreko bekak sortzeko ikasleentzat, matrikulazio gastuak ordaintzeko. Besteak beste, honako alderdi hauek hartu ditu kontuan kategoria honetako organo ebaluatzaileak: proiektuen akonpainamendua “garapenetik merkaturatzeraino”, “ikasketen garrantzia zaintzaren eta komisariotzaren alorretan”, “elkarlana Donostia Zinemaldiarekin, unibertsitatearekin, beste jaialdi batzuekin eta Tabakalera zentroarekin”, eta hori guztia “sendo eta asmo handikotzat” jotzen den proiektu baten barruan. Epaimahaik, halaber, ia puntuazio gorena eman die hainbat atali: hala nola azpiegiturei, ekipamenduari, irakasle taldeari eta plan akademikoari.

Elias Querejeta Zine Eskola da kategoria honetan funtsaren babesa lortu duten Estatuko bi zentroetako bat (bestea da Madrilgo Erkidegoko Zinematografia eta Ikus-entzunezkoen Eskola - ECAM). Kategoria berean, beste 23 prestakuntza proiektu ere hautatu dira 12 herrialdetako 45 proposamenen artetik. Programa espezifiko honen helburua da etengabeko prestakuntza bultzatzea Iberoamerikako eta Italiako ikus-entzunezkoen industriako profesionalen artean.