Berriak /

EQZEk zortzigarren promozioarekin emango dio hasiera 2025-2026 Ikasturteari

2025-2026 Ikasturtea gaur hasi da, eta hamabost hilabete barru amaituko da, datorren urteko abenduan, ikasleen azken lanen aurkezpenarekin. Promozio berrian 12 herrialdetako ikasleak bildu dira.

2025/09/13
EQZEk zortzigarren promozioarekin emango dio hasiera 2025-2026 Ikasturteari

2025-2026 ikasturteko ikasleak eskolako Zuzendaritza Akademikoak hautatu ditu, Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako, Donostia Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariek, alegia, onarpen-epean (otsailaren 1etik 29ra) 28 herrialdetatik aurkeztutako 170 hautagairen artetik. Honako hauek dira zortzigarren promozioa osatzen duten 45 ikasleen jatorriak: Euskal Autonomia Erkidegoa (7), Estatuko gainerako erkidegoak (11), Europako herrialdeak (7), Latinoamerika (19) eta Afrikako iparraldea (1). Ikasturte honetako ikasleen batez besteko adina 30 urte inguru da. 

2025-2026ko promozioko ikasleen profila askotarikoa da, eta eskolako hiru jakintza-arloetan esperientzia duten espezialistak biltzen ditu: artxiboaren eta babestearen arloetako, kuradoretzaren eta programazio filmikoaren arloetako profilak, eta film laburren eta luzeen errealizadoreak. Gainera, hainbat diziplinatan trebatutako irakasleak eta ikertzaileak daude taldean, hala nola Antropologian, Arte Bisualetan, Arte Ederretan, Ikus-entzunezko Komunikazioan, Literatur Ikasketetan, Filosofian, Artearen Historian, Nazioarteko Harremanetan eta Soziologian. Zinema-eskoletako egresatuak eta zinemagintzako hainbat roletan esperientzia duten profesionalak ere badaude, hala nola ekoizpenean, muntaketan, soinuan, arte-zuzendaritzan eta argazkigintzan. Promozio berri honetan, badira antzerkiaren, dantzaren eta musikaren munduetatik datozen ikasleak ere. 

Ikasturtea sei moduluren inguruan antolatuta dago. Lehenengo bost moduluak (iraila-uztaila) irakaskuntzakoak dira, eta presentzialak; seigarren moduluan (abuztua-abendua), master-amaierako lana edo hipotesia garatu eta aurkeztu behar dute, eta erdi-presentziala da. Guztira, hamabost hilabete dira, modu zirkularrean egituratuta, bat etorriz horrela EQZEren oinarrian dagoen ikaskuntzaren eta esperientziaren filosofiarekin. 

Lehen aste honetan, Donostia Zinemaldiaren 73. edizioaren hasierarekin bat etorrita, eskolaren eskaintza akademikoa osatzen duten hiru graduondokoetako (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) ikasleak elkar ezagutzen hasiko dira, ikasturtearen Ikasketa Plana ez ezik, eskola bera eta EQZEko kide diren erakundeak eta proiektuak ere aurkeztuko zaizkie, eta Tabakaleraren osatzen duten aretoak ezagutzen hasiko dira. Eskolak irailaren 29an hasiko dira. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatuta, Elías Querejeta Zine Eskolak proiektu pedagogiko bakar eta berezi bat du, graduondoko hiru programaz osatuta dagoena (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programek forma hartzen dute haren kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru erakundeen ezagutza-eremuetatik abiatuta: Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia. 2019az geroztik, Elías Querejeta Zine Eskola UPV/EHUri atxikitako ikastegia da.