Berriak /

Elías Querejeta Zine Eskolak "En el balcón vacío" filma, errepublikanoen erbestealdiari buruzko lan nagusia, berreskuratu du

María Luisa Elío nafarraren memoriak oinarri hartuta, Mexikon filmatu zen filma erbesteko zinemako filmik garrantzitsuenetako bat da. Proiektu honek Nafarroako Gobernuaren babesa du eta UNAM Filmotecak parte hartu du. Filma Donostia Zinemaldian ikusi ahal izango da Klasikoak sailean.

2025/09/04
Elías Querejeta Zine Eskolak \

Elías Querejeta Zine Eskolak En el balcón vacío (Jomi García Ascot, 1962) filma zaharberritu du. Lan hori errepublikanoen erbestealdian egindako film esanguratsuenetako bat da, Mexikon bizi ziren erbesteratu errepublikanoei buruzkoa, eta Franco oraindik boterean zegoela gai horri buruz produzitutako film bakarra, hain zuzen.

En el balcón vacío María Luisa Elío (Iruñea, 1926 - Mexiko Hiria, 2009) idazle eta aktorearen memorietan oinarrituta dago. 1940az geroztik Mexikon erbesteratua, 1952an beste erbesteratu batzuen seme batekin ezkondu zen, José Miguel (Jomi) García Ascot saiakeragile eta zinemagilearekin, hain zuzen. García Ascot funtsezkoa izan zen Kubako Arte eta Industria Zinematografikoaren Institutuaren (ICAIC) sorreran. Filmak Gabriela Elizondoren haurtzaro traumatikoa eta erbestea irudikatzen ditu (Nuri Pereña eta María Luisa Elío dira aktoreak). Emakume horrek Mexikotik egiten dio aurre Espainiako Gerra Zibileko haur errefuxiatu gisa izandako iraganari.

Zaharberritze-lana EQZEn egin da, Mexikoko UNAM Filmotecan gordetako materialak erabiliz, eta Espainiako, Frantziako, Mexikoko eta Suitzako artxiboetan egindako ikerketa-lan zorrotz bati jarraituz. Proiektuaren abiapuntua Luis Alberto Juárez Pineda EQZEko Artxibo Zinematografikoko Masterreko ikaslearen master amaierako lana da.

En el balcón vacío lan garrantzitsua Nafarroako Gobernuaren babesari esker, UNAM Filmotecaren eta Diego García Elíoren laguntzari esker berreskuratu ahal izan da. Diego García Elío Jomí García Ascoten eta Maria Luisa Elíoren semea da.


Testuingurua eta ekoizpena

Jomí García Ascotek María Luisa Elíoren autobiografia egokitu zuen idazlearekin berarekin eta Emilio García Rierarekin batera (beste erbesteratu bat), eta garai hartako 50.000 pesoko aurrekontuarekin (2025eko 43.000 dolar inguru) hasi zen lana filmatzen. Aurrekontua lagunek eta artista batzuek, hala nola Vicente Rojok eta Juan Sorianok egindako dohaintza pribatuen bidez lortu zen nagusiki. Filmaketa 40 igandez luzatu zen teknikariak eta aktoreak (lagunak eta ahaideak ziren aktoreak) libre zeudelako, eta 16 mm-ko Paillard Bolex kamera batekin egin zen. Aurrekontu-mugak zirela-eta, zinemagileak off-eko ahotsa erabili behar izan zuen maiz narrazioa egiteko. Filmaketa amaituta, García Ascotek soinua gehitu zion filmari, audioko hiru pistak grabatuta: efektuak, musika eta elkarrizketak. Filma editatu ondoren, bi kopia bakarrik egin zituen.

Filma editatu ondoren, 1962. urtean, García Ascotek emanaldi berezi bat antolatu ahal izan zuen Latinoamerikako Institutu Frantseseko Zinema Klubean, Mexikon. Zinemazaleen zirkuluetan sekulako arrakasta izan zuen berehala filmak. Urte berean, En el balcón vacío filma Locarnoko Zinema Jaialdian proiektatu zen, eta Kritikarien Nazioarteko Elkarteak FIPRESCI saria eman zion. 1963an, Sestri Levanteko (Italia) Latinoamerikar Zinemaren Erakusketan Urrezko Janus saria jaso zuen filmak.

Nazioartean ospea izan arren, Mexikoko estudioek ez zuten García Ascoten estreinaldia babestu. Horren ondorioz, filma Mexikoko zinema-areto komertzialetatik kanpo geratu zen. Zinema independentearen kritikak eta abangoardiako zinemaren munduak esan zuten En el balcón vacío 60ko hamarkadako film esperimental esanguratsuenetako bat zela, baina filma ezkutuan egon zen eta ezezaguna izan zen hainbat hamarkadatan. Azken urteotan, Elíoren eta García Ascoten lanak bere garrantzia berreskuratu du eta ikerketa, proiekzio eta omenaldi ugari izan ditu Espainian, Frantzian eta Mexikon.


Zaharberritze-prozesua

2023an, Luis Alberto Juárez Pineda EQZEko ikasleak filmaren zaharberritze digitala egitea proposatu zuen, zinema-lanaren jatorrizko ezaugarriak zainduko zituen bertsio berri bat sortzeko. Lan hori egiteko, Mexikoko Cineteca Nacional, Filmoteca Española, UNAM Filmoteca, Cinémathèque Suisse eta Centre National du Cinéma et de l'Image Animée (CNC) artxiboetan eskuragarri zeuden film-elementu onenak bilatu ziren. Ikerketa zorrotza egin ondoren, erabaki zen zaharberritzeko materialik egokiena UNAM Filmotecan gordetzen dena zela: 16 mm-ko negatiboa.

Kopia hori 2024ko urrian eskaneatu zen UNAM Filmotecan, 2K bereizmenean, eta zaharberritze digitala Elías Querejeta Zine Eskolako laborategietan egin zen, Juárez Pinedaren koordinaziopean, zeinak eskolako ikasle talde batekin lan egin baitzuen. Zaharberritze-prozesua koadroz koadro egin zen akatsak konpontzeko (hausturak, marrak, orbanak eta hautsa, adibidez). Hala ere, alderdi batzuetan ez esku hartzea erabaki zen, hala nola ekoizpenean egindako muntaketa motari dagozkion jatorrizko junturetan.

Zaharberritzeak aukera eman zuen, halaber, Espainiako Gerra Zibileko artxiboko irudiak identifikatzeko, eta filmean sartu dira. Sekuentziok The Spanish Earth (Tierra de España, 1937) dokumentalekoak dira. Lan hori Joris Ivens dokumentalista nederlandarrak egin zuen, Ernest Hemingway, John Dos Passos, Lillian Helman eta Prudencio de Peredarekin batera idatzi zen eta Orson Wellesek kontatu zuen.

En el balcón vacío filmaren zaharberritzea ekainean aukeratu zen Boloniako Il Cinema Ritrovato jaialdian, baina aurkezpen ofiziala Donostia Zinemaldian izango da, Klasikoak sailaren programaren barruan.


Informazio gehiago