Daniel Alegretek (Madril, 1993) Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua ikasi zuen Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean, eta Artearen Historiako gradua UNEDen. 2017an, Bosnia-Herzegovinara joan zen ikasketekin jarraitzera. Zine Zuzendaritzako masterra ikasi zuen Sarajevo Film Academy-n, eta, ondoren, MasterLAV-en ikasi zuen, Sorkuntza eta Praktika Garaikideen Ikus-entzunezkoen Laborategian. 2021az geroztik Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan, BilbaoArte Fundazioaren egonaldi baten bidez. 2022an, zinema-programatzaile gisa hasi zen lan egiten egonaldi horren baitan, Fuera de campo proiektuan. Haren obrak zinema esperimentala eta fikzioa lantzen ditu, eta beldurra da bere gai nagusia. Gai horren bidez, bere testuingurua eta intimitatea zalantzan jarri nahi ditu. Haren lanak zenbait lekutan jarri dituzte ikusgai, besteak beste, Ertibil Bizkaia, DOC Buenos Aires, Filmadrid edo PROYECTORen.
Profil honen azken eguneratzea: 2024