Berriak /

Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek leku nabarmena izango dute, Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioan.

Elías Querejeta Zine Eskolak ordezkaritza zabala izango du, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan. Lehen hiru promozioetako ikasleek eskolan sortutako proiektu ugari ikusgai egongo dira, SSIFFen programazioan eta jardueretan.

2021/09/17
Ana Cristina Barragánek, Amat Vallmajorek eta Artur-Pol Camprubík beren film berriak aurkeztuko dituzte, WIP Latam, WIP Europa eta Nest Film Students sailetan.
Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek leku nabarmena izango dute, Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioan.

Marina Palaciok eta Magdalena Orellanak, Ikusmira Berriak, beren proiektuen aurrerapena partekatuko dute industriarekin.

Elías Querejeta Zine Eskolak ordezkaritza zabala izango du, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan. Lehen hiru promozioetako ikasleek eskolan sortutako proiektu ugari ikusgai egongo dira, SSIFFen programazioan eta jardueretan.

Ana Cristina Barragánek (Quito, 1987), EQZEko hirugarren promozioko ikasleak, “La piel pulpo” izenburuko bigarren film luzea aurkeztuko du, WIP Latamen. Haren lehen filmak —”Alba” (2016)— Lions Film Award eskuratu zuen Rotterdameko Zinemaldian, eta epaimahaiaren aipamen berezia, SSIFFen Horizontes Latinos sailean 2016. urtean. Bestalde, Amat Vallmajor del Pozok (Verges, 1996), zentroko bigarren promozioko alumniak, WIP Europan hartuko du parte, “Misión a Marte” opera primarekin. Hirugarren urtez segidan, Nest Film Students zine eskoletako ikasleen sailak EQZEk aurkeztutako film bat emango du. Oraingoan, Artur-Pol Camprubí (Girona, 1991) hirugarren promozioko ikasleak zuzendutako “Podul de Piatrâ” filma izango da. Film labur hori beste hamalau filmekin batera aukeratu dute, 42 herrialdetako 157 zentrok proposatutako 310 filmen artean.

Ikusmira Berriak programaren azken ediziotik garatzen ari diren beste bi proiektuk leku bat izango dute ere SSIFFen. Marina Palacioren “Y así seguirán las cosas” eta Magdalena Orellanaren “Hasta que el lugar se haga improbable” lanak dira. EQZEren lehen eta bigarren promozioko ikasle horiek beren proiektuen aurrerapenak partekatuko dituzte industriarekin, Zinemaldiak berak, Tabakalerak eta EQZEk antolatutako egonaldiaren bigarren aldiaren barruan. Ikusmira Berriak programatik atera dira ere Donostia Zinemaldian emango diren beste lau film: Kiro Russoren “El gran movimiento”, Aitor Merinoren “Fantasía”, Manuel Abramovichen “Pornomelancolía” eta Helena Girón eta Samuel M Delgadoren “Eles transportan a morte” (azken bi horiek EQZEko irakasleak); hurrenez hurren, Zabaltegi-Tabakalera, WIP Latam eta Zabaltegi-Tabakalera sailetan parte hartuko dute.

Nest Film Students zine ikasleen film laburren sailaren 20. urteurrena ospatzeko egitarau berezian, Óscar Vincentellik eta Inês Limak, EQZEren lehen eta bigarren promozioko ikasleak hurrenez hurren, topaketa batean hartuko dute parte, Kiro Russorekin eta Mina Fitzpatrickekin batera (Ikusmira Berriaken egoiliarrak ere); bestalde, Marcela Hinojosak eta Noemi Cuetosek, bigarren promozioko alumniek, sailari buruzko ikerketa bat argitaratuko dute, ikuspegi historiko batetik. Hinojos eta Cuetos ere komisarioak izan dira Nesten 20 edizioetan lehikatu diren filmen artean aukeratutako hamar film laburren egitarau batean, eta urrian eta azaroan proiektatuko da.

Era berean, Elías Querejeta Zine Eskola Donostia Zinemaldian egongo da Vitrine Filmes bidez, zinema ekoizpen eta banaketa enpresa bat EQZEren bigarren promozioko ikasle izandako Silvia Cruzek (Brasil, 1982) Brasilen sortu zuena, 2010ean. Enpresak ordezkaritza bat jarri du Gipuzkoan, Julieta Juncadellarekin batera, lehen promozioko alumnia. Banaketa etxearen adar hori eskolako Komisariotza ikasketen esparruan sortu zen, eta SSIFFera dator berriro, bi film hauekin: Andrea Fontanaren “Azor” filma, Horizontes Latinos sailean leihatuko dena, eta lehen aipatutako “Fantasia”, lehiaketatik kanpo proiektatuko dena. Muxika Zinema EQZEren testuinguruan zentroko ikasleek sortutako beste ekoiztetxe bat da, eta horren partaide dira Flor de Múgica, hirugarren promozioko ikaslea, eta Michael Wahrmann (Ikusmira Berriaken bosgarren edizioaren egoiliarra). Enpresa berri horrek “Misión a Marte” filmaren aurkezpenean lagunduko du, WIP Europaren jardueren barruan.

Zentroko ikasleen eta alumnien parte hartzea zinemaldiaren beste arlo batzuetara ere iritsiko da (industria, programazioa, arlo teknikoa, komunikazio arloa, harreman publikoak…), praktika profesionalen programaren eta SSIFFen zuzeneko kontratazioen testuinguruan. Guztira, EQZEren hiru promozioetako hogei ikaslek hartuko dute parte horrela Donostia Zinemaldian.

Donostia Zinemaldiaren 69. edizioa Elías Querejeta Zine Eskolaren 2021-2022 ikasturtea hasi eta lau egunera hasiko da. Eskolako hirugarren, laugarren eta azken promozioko ikasleek agenda espezifiko bat izango dute zinemaldian, eta horren bidez proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute, Zinemaldia barrutik ezagutzeaz gainera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatuta, EQZEk proiektu pedagogiko bakar eta berezi bat du, graduondoko hiru programaz osatuta dagoena (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programek forma hartzen dute haren kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru erakundeen –Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, eta Donostia Zinemaldia– ezagutza eremuetatik abiatuta. Elías Querejeta Zine Eskola Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako zentro bat da.