Berriak /

EQZEren ordezkaritza handia ZINEBIren 67. edizioan

La durmiente, Utopías y otras especies, La cumbre eta Galdetzen duten begiradak film laburrak eskainiko dira jaialdiaren programazioan .Rita Azevedo Gomesek Fuck the polis aurkeztuko du Beautiful Docs atalean. “ZINEBI Gordailua” proiektuak bi saio programatu ditu, eta saio horietan jaialdiaren funtsetik berreskuratutako filmak proiektatuko dira

2025/11/20
EQZEren ordezkaritza handia ZINEBIren 67. edizioan

ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 67. edizioak (azaroak 21-28) Elías Querejeta Zine Eskolan egindako filmen erakusketa garrantzitsu bat aurkeztu du, baita lehiaketako filmen funtsatik berreskuratutako zenbait titulu ere, “ZINEBI Gordailua” ikerketa-proiektuaren esparruan, jaialdiarekin batera garatutakoa.

Maria Inês Gonçalves beste 58 film laburrekin batera lehiatuko da Atal Ofizialean, urte hasieran Rotterdameko Zinemaldian Europako Film Labur Hoberenerako izendapena lortu zuen La durmiente film laburrarekin. Júlia Izaguirreren Utopías y otras especies dokumentalak eta Ander Reviejok zuzendutako La cumbre eta Galdetzen duten begiradak dokumentalak Bertoko begiradak – Miradas desde Euskadi atalaren parte dira. EQZEko laborategietan partzialki digitalizatutako Gombaut filmak ere (Maite Alonso eta Unai Ruiz) parte hartzen du atal horretan.

Eskolako ikasleen lanez gain, Rita Azevedo Gomes zinemagile portugaldarraren Fuck the Polis ere aurkeztuko da Beautiful Docs atalaren esparruan. Elías Querejeta Eskola film horren ekoizle elkartua da.


"ZINEBI Gordailua" proiektuko saioak

ZINEBIk, 2018az geroztik, 340 film ditu Euskadiko Filmategian gordailututa. 2022az geroztik, EQZEko hainbat promoziotako ikasleek eta Santiago Aguilar ikertzaileak osatutako ikerketa-talde batek katalogatzen ditu kopia guztiak. Identifikazio- eta katalogazio-lanaz gain, hainbat ikerketa-ildo ireki dira; horren ondorioz, Zinemaldiaren historiari buruzko artikulu batzuk idatzi dira (EQZEren webgunean daude eskuragarri), eta, proiektuaren ardatz nagusiei jarraituz, funtsa zabaltzeko programak ere egin dira.

Ildo horretan, ZINEBIk bi saio berezi antolatu ditu: lehenengoan, Archivistas Salvajes kolektiboaren "Los subterráneos" proiektuaren parte den emanaldian, Manuel Marzel zinemagile kubatarraren bi film labur ikusi ahal izango dira: A Norman McLaren (1990) —ZINEBIren 34. edizioan Urrezko Mikeldi saria irabazi zuena— eta Evidentemente comieron chocolate suizo (1992); bigarrenean, dokumental hauek emango dituzte EQZEko ikasle diren Matías Fajn eta Paola Buontempo ikertzaile eta programatzaileek antolatutako saio batean: Las Madres: The Mothers of Plaza de Mayo (1985) —Lourdes Portillok eta Susana Blausteinek elkarrekin zuzendu zutena— eta Comunicado desde Argentina (1977) —Lucha Film talde estatubatuarrak sinatu zuena—. Programa honetan emango diren kopiak eskolako laborategietan digitalizatu dira.

Azkenik, Aia Kruse, Anaís Córdova, Antonio Miguel Arenas, Matías Fajn eta Esmeralda Reynoth EQZEko hainbat promoziotako ikasleek ZINEBI Ataria programan parte hartuko dute. ZINEBI Networking-en parte den elkarrizketa-programa horrek gune ireki bat proposatzen du gaur egun zinema bizitzeko, pentsatzeko eta egiteko dauden modu ugarien inguruan elkarrizketak izateko eta hausnartzeko.