Berriak /
Gabriel Azorínen "Anoche conquisté Tebas" filma Veneziako Giornate degli Autorin lehiatuko da
Veneziako Nazioarteko Zinemaldiaren bi sail paralelok, La Giornate degli Autorik eta Settimana Internazionale della Criticak, Elías Querejeta Zine Eskolan garatutako Anoche conquisté Tebas eta La moto filmen mundu estreinaldia hartuko dute.

Anoche conquisté Tebas, Gabriel Azorín (Hellín, 1981) Elías Querejeta Zine Eskolako lehenengo promozioko Sorkuntza arloko ikaslearen fikziozko lehenengo film luzea da. Filmak Antonio eta Jota Aurelio eta Pompeyorekin elkartzen ditu antzinako erromatar terma batzuetan; antzerako adina dute bi lagun taldeak, baina denboran bananduak daude. Anoche conquisté Tebas DVEIN Films eta Filmika Galaika (Espainia), Bando à Parte eta Primeira Idade (Portugal), eta La Fábrica Nocturna Cinéma (Frantzia) konpainiek ekoiztu dute. Filmaren garapen-aldian, Ikusmira Berriak programan parte hartu zuen (2020ko edizioan), baita ECAM-en La incubadora programaren bosgarren edizioan eta Zinema Akademiaren egonaldi-programan ere. Proiektu onenaren Saria jaso zuen ekoizpen horrek Sevillako Jaialdiko koprodukzioko Foroan, eta ICAA Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Laguntza selektiboen programaren babesa du. Azorínen aurreko lanak Belfort-eko Entrevues jaialdian, Sevillako Jaialdian, FICUNAM jaialdian, Festival dei Popolin eta Donostia Zinemaldian, besteak beste.
Filma Veneziako Mostrarekin batera antolatzen den Giornate degli Autori sailaren 22. edizioaren programazioan izango da. Sail hori 2004an sortu zen, Canneseko Jaialdiaren Quinzaine des cinéastes ereduari jarraituz.
Kritikaren astea
Matteo Giampetruzzi (Erroma, 1999), Komisariotza arloko seigarren promozioko ikaslearen La moto filma Italiako hegoaldean girotuta dago. Bertan Luca gaztea Valerio, motorrekiko grina handia duen mutil zaharrago batekin obsesionatzen da. Film labur hau, komisario eta zinemagilearen bosgarren lana, EQZEren eta Filmværksted Odenseren (Danimarka) babesa du, eta FuoriStrada (Italia) eta Danimarkako Nowhere Studios eta Fenomenal Productions konpainiek ekoitzi dute. Giampetruzziren aurreko lanak nazioarteko hainbat jaialditan aurkeztu dira, besteak beste, Lago Film Fest, London Short Film Festival eta Erromako Zinemaldian. La moto beste zazpi lanekin lehiatuko da 40 Settimana Internazionale della Criticako film laburrei eskainitako atalean.
Sail independente hori Lino Micciché zinema kritikari eta historialariak sortu zuen 1984an eta gaur egun Italiako Zinema Kritikarien Batasunak (SNCCI) antolatzen du. Ordutik, plataforma gisa balio izan die hainbat zinemagileren lehen film luzeei, besteak beste, Olivier Assayas, Mike Leigh, Pedro Costa, Abdellatif Kechiche, Harmony Korineri.
Bi sail horiek Veneziako Mostraren 82. edizioarekin batera egingo dira (abuztuak 27 - irailak 7). Italiako zinema-jaialdiak duela gutxi iragarri zuen Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek zuzendutako beste bi film estreinatuko direla Orizzonti sailean: Jaume Claret Muxarten Estrany riu eta Ana Cristina Barragánen Hiedra.