Berriak /
EQZEk mintegi publikoa eskainiko dio Rosina Pradori, gerra zibilean erbesteratutako zinemagileari
El ir y venir de los trenes filmaren digitalizazio berria proiektatuko da, Pradok 1961ean Moskuko VGIK unibertsitatean ikasten ari zela egin zuen film laburra. Ekainaren 9an EQZEren zineman izango da topaketa eta bertan bilduko dira mintegiaren sorburu izan den proiektuko ikerlariak, zinemagilearen semea eta Niños de Rusia elkarteko lehendakariordea.

Rosina Pradok lau urte zituen 1939an haren familia Sobietar Batasunera erbesteratu zenean. Rosinaren aita, Pedro Prado Mendizábal, armadako militarra, Armadako Estatu Nagusiko buru izan zen Bigarren Errepublikako gobernuarekin gerra zibilak iraun zuen bitartean. Haren ama, Elisa Fernández Meroño, beraiekin joan zen. Rosinaren anai-arrebak hilabete batzuk lehenago eraman zituzten Errusiako haurrak izenez ezagutzen direnekin eta Óbninsken bizi ziren Espainiako erbesteratuentzako haurren etxe batean.
Rosina Prado Cartagenan jaio zen 1935ean, SESBen hazi zen eta 1956an VGIKn sartu zen, Moskuko Zinematografiako Estatu Institutuan. Bertan, Zinema Zuzendaritzako ikasketak egin zituen Aleksandr Dovzhenkoren tailerrean eta beste zinemagile batzuekin topo egin zuen, hala nola Andrei Tarkovski eta Larisa Shepitkorekin. Ikasle zela El ir y venir de los trenes (1961) filmatu zuen, Moskuko Kíyevskaya tren-geltokian —handik irteten ziren Europarantz zihoazen trenak— gertatzen ziren senideen arteko elkar aurkitze eta agurrei buruzko film laburra. Zinemagileak bere bizitzaren metafora gisa gogoratuko zuen gerora.
Urte hartan bertan, Rosinaren aitari mandatua eman zioten Kubako armadako aholkulari izateko. Horregatik, familia Habanara joan zen eta, han, sortu berri zen Kubako Arte eta Industria Zinematografikoaren Institutuan (ICAIC) hasi zen Rosina. Kuban bizi izan zen bitartean, Rosina Pradok bost film egin zituen: Ismaelillo (1962), Palmas cubanas (1963), ¿Qué es lo bello? (1965), La llamada del nido (1966) eta El zoológico (1968). Lan horiek Zinema Dibulgazioko Sailaren (1961-1963) eta 35 mm-ko Dokumentalen Sailaren (1964-1967) esparruan egin ziren. 1964an Moskura itzuli zen epe laburrerako, ikasketak amaitu ahal izateko. Zinemagileak Ismaelillo eta Palmas cubanas filmak aurkeztu zituen Roman Karmen —Espainiako gerra zibila eta Errusiako haurren ebakuazioa filmatu zituen dokumentalista— buru zuen epaimahaiaren aurrean, eta kalifikaziorik onena lortu zuen.
Rosina Prado 1977an itzuli zen Espainiara, 38 urteko erbestealdi luzearen ostean. Emakume zinemagile, erbesteratu eta antifaxista izateak, kanonetatik at jaiotako lan urri baina bereziaren egile izateak, zinemaren historiatik ezabatua izatea ekarri du.
Berreskuratutako filma
Elías Querejeta Zine Eskolak Rosina Pradori eta haren lanari eskainitako mintegian, Susel Legón, Alexandre Kröner eta Nita Kruger Hidalgo Artxiboa Masterreko ikasleek aurten eskolan egindako El ir y venir de los trenes filmaren digitalizazio berria aurkeztuko dute. Rosina Pradok berak Espainiako Filmategian utzitako 35 mm-ko erakusketa-kopia batean oinarrituta gorde zen film labur hori. Kopia horren jatorrizko negatiboak ez dira topatu ez Kuban, ez Errusiako Federazioan. Aurkitu ahal izan den filmaren film-elementu bakarra da.
Era berean, Rosinak filma filmatu zuen garaian VGIKn garatutako zinema-ikasketei buruzko ikerketa aurkeztuko du Masha Salazkinak (Concordia University, Montreal), eta Sonia García Lópezek (Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea, UC3M) eta Carolina Cappak (EQZE), berriz, zinemagileari buruz egindako ikerketa aurkeztuko dute. Ikasleen filmek duten garrantziari buruz ere arituko dira, ahaztu egiten baita ondare zinematografikoaren kontserbazioaren alorrean zer garrantzia duten. Horiekin batera, parte hartuko dute zinemagilearen semeak, Pedro Sevil Pradok, eta Gonzalo Barrenak, Niños de Rusia elkarteko lehendakariordeak. Bien artean familia-lekukotzaren eta Espainiako haurrek SESBn izandako erbestealdiaren testuinguru historikoaren berri emango dute.
Mintegi hau ikerketa-proiektu baten parte da eta proiektu horrek hauen guztien laguntza jasotzen du: Espainiako Filmategia, Euskadiko Filmategia, UC3Mko Espainiako Zinemako Unibertsitate Institutua eta Prado-Sevil familia. Horrez gain, Espainiako Alderdi Komunistaren Artxibo Historikoa, Arxiu Nacional de Catalunya eta Niños de Rusia elkartearen laguntza dokumentala jaso du.
“Rosina Prado, cineasta en el exilio” (“Rosina Prado, zinemagilea erbestean”) mintegia ekainaren 9an (asteartea) 17:00etan izango da EQZEren zineman (Tabakalera eraikina, 0. solairua).