Berriak /

"EQZEn garatzen ari nintzen ideiak eta ikerketak praktikan jartzeko aukera izan dut"

Natalia OrasaninIzaro Cuesta eta José Emilio Gonzálezek, EQZEko 2024-2025 ikasturteko Komisariotza Masterreko ikasleek, Courtisane Festival, Artium Museoa, Tabakalera, SSIFF eta CCCB-n egindako praktika profesionalen balorazioa egin dute.

2026/07/16
\EQZEn garatzen ari nintzen ideiak eta ikerketak praktikan jartzeko aukera izan dut\
Natalia Orasaninek Courtisanen komisariatu zuen saioetako baten aurkezpena.

1. Nola joan da zure praktiketako esperientzia, eta zer ekarpen egin dio zure prestakuntzari?

2. Zer nabarmenduko zenuke zure lan-eremuko egunerokoan?

3. Zer ikaspen ateratzen dituzu esperientzia honetatik zure etorkizun profesionalari begira?


NATALIA ORASANIN

1. Courtisanen praktikak egitea funtsezkoa izan zen komisario gisa garatzeko. Gehien baloratu nuena izan zen askatasuna izatea programa bat sortu eta aurkeztu arte garatzeko, iruzkin hain gogoetatsu eta aberasgarriak izanda une oro. EQZEn lantzen ari nintzen ideiak eta ikerketak praktikan jartzeko aukera eman zidan, ez bakarrik filmen aukeraketaren bidez, baizik eta baita idazketa kuratorialaren, programen aurkezpenen eta proiekzioen ondorengo solasaldien bidez ere. Izugarri aberasgarria izan zen ideia horietan pentsatzeko eta sakontzeko espazioa izatea ingurune oso ireki eta kolaboratiboan, bai eta zinemaldian egotea eta ikusleekin elkarrizketan lana nola gorpuzten zen ikustea ere.

2. Courtisaneko eguneroko esperientziatik gehien nabarmenduko nukeena da prozesuaren etapa guztietan gertutik parte hartzeko aukera izatea. Oso baliotsua izan zen, halaber, ikusleak, artistak, ikertzaileak eta komisarioak ezagutu eta haiekin hitz egin ahal izatea, bereziki zinemaldian zehar. Lanak baldintza espazial eta tekniko desberdinetara nola egokitzen diren ikusteak ere beste geruza bat gehitu zion prozesuari eta hobeto ulertu nuen testuinguruak nola eragiten duen harreran. Esperientzia horri esker, modu sakonagoan ulertu ahal izan nuen komisariotza-erabakiak nola hartzen diren eta, bereziki, erabaki horiek nola hartzen duten forma Courtisane bezalako jaialdi baten testuinguruan.

3. Nire etorkizun profesionalari begira, esperientzia honetatik eraman dudana da argiago ulertzea komisariotza-praktika kontzeptuala dela, baina aldi berean sakon kokatua dagoen zerbait ere badela. Courtisanen lan egiteak erakutsi zidan ideiak nola garatzen diren elkarrizketaren eta berrikuspenaren bidez eta xehetasunei eta testuinguruari arreta berezia eskainiz. Horrez gain, neure buruarengan nuen konfiantza indartu dit komisariotza-lanaren dimentsio ezberdinetan moldatzeko, ikerketarekin eta programazioarekin hasi eta moderazioarekin eta artistekiko elkarlanarekin buka. Agian garrantzitsuena da indartu egin zuela komisariotza negoziazio-prozesu jarraitu gisa ulertzeko ideia, erabakien multzo finko gisa baino gehiago.


IZARO CUESTA

1.Elías Querejeta Zine Eskolan ikasi dudan bitartean egin ditudan praktikak oso lagungarriak izan dira niretzat, maila profesionalean eta pertsonalean. Hiru praktika egin ditut hainbat erakundetan, hala nola Donostiako Zinemaldian (SSIFF), Tabakalera kultura garaikideko nazioarteko zentroan eta Artium arte garaikideko museoan. Hiru toki horietan praktikak egin izanak nire ezagutzak eta lan-tresnak zabaltzen lagundu didala uste dut. Azkenean, lehen pertsonan ezagutu dut nola lan egiten den erakusketetan, museoetan, elkarrizketetan, jaialdietan... Nire ustez, praktika horiek egiteko aukera izan dudanean, oraindik ikasteko eta ikertzeko daukadan guztia planteatu eta zalantzan jarri dut askotan; horrelako erakundeetan praktikan jarri gabe, ez nuke jakingo benetan nola aurre egin kultura- eta arte-arloko lan-munduan.

2.SSIFFen eta Artiumen egin ditudan praktiketatik azpimarratuko nituzke aurrez aurreko lana eta profesionalekin eta artistekin izandako harremana. Asko gozatu dut pertsonekin hitz egin ahal izateaz, galderak egiteko aukeraz eta bakoitzaren keinuak eta iritziak pertsonalki ikusteaz, pantaila batean edo paper batean irakurri beharrean. Nire ustez, lehen pertsonan izandako kontaktu horrek praktiken esperientzia guztia zerbait garrantzitsuago egiten du etorkizunera begira, gainerako kideekin nola tratatu eta elkarreragin jakiteko, baita artistekin ere, aldi berean lankideak baitira. Era berean, pertsonalki, bereziki gozatu dut praktika horietan egin ditudan lan eta zereginekin, ez bainituen inoiz lan-ingurune batean egin. Uste dut esperientzia handia hartzen lagundu didatela, eta benetan ikusi ahal izan dut nola funtzionatzen duten lanpostuek, lekuek —erakusketa-aretoek edo ekitaldi-aretoek, adibidez—, artistek eta haien obrek.

3. Nire etorkizun profesionalari begira, pozik nago; izan ere, hainbat arlotan eta hainbat profesionalekin hiru praktika egin ditudanez, esperientzia aberatsagoa eta anitzagoa hartu dut. Praktika guztietan gauza berriak ikasi ditut, eta haietatik gehien gustatu zaidana da benetako lanetan praktikan jarri ahal izatea eta nire laguntza eman eta ekarpena egin ahal izatea. Gaur egun, lana bilatzeko eta egiteko orduan, lehen baino askoz ere tresna gehiago ditudala sentitzen dut, eta laguntza edo informazioa bilatzeko iturri gehiago ezagutu ditut. Orain lehen baino gaitasun handiagoa dut horrelako erakundeetan edo beste leku batzuetan profesionalki lan egiteko. Une honetan, nire tresnak lantzen eta garatzen jarraitu nahiko nuke, ikasten eta nire esperientzia aplikatzen, nire ezagutzak garatzen jarraitzeko eta lan berriez gozatzeko.


JOSÉ EMILIO GONZÁLEZ

1. Xcèntricen, CCCBko zineman, egin ditudan praktikak orain arte izan dudan esperientzia profesional onenetako bat izan dira; izan ere, oso argi ikusi dut komisariotza-ildo oso zehatza duen zinema batek nola funtzionatzen duen erakunde kultural baten barruan. 2026 denboraldiko saioen ekoizpenean laguntzea izan zen nire lana. Beraz, kopiak arakatzen, eskubideak negoziatzen eta materialak jasotzen lagundu behar izan nuen, bai eta, agian, oharkabean pasatzen diren, baina erakusketa-esperientzia eraikitzeko funtsezkoak diren beste zeregin batzuetan ere, hala nola aretoko orriak maketatzen, saio bakoitzeko bannerrak diseinatzen edo webgunea eguneratzen. Hori oso lagungarria izan da nire prestakuntzan, zinemako programa publiko bat nola eraikitzen den pausoz pauso ulertzeko tresnak eman baitizkit. Gainera, Xcèntricen saio guztietara joateko pribilegioa izatea (Mexiko Hiritik irrikaz begiratzen nuen hori) eta haren artxiboan dagoena erregulartasunez ikusi ahal izatea oso onuragarria izan da nire zinemazaletasunerako eta abangoardiako zinemarekiko nire sentsibilitatea garatzen jarraitzeko.

2. Zalantzarik gabe, eguneroko lanetik azpimarratuko nuke Xcèntriceko arduradun eta nire tutore Gloria Vilchesekin elkarlanean aritzeko eta harengandik ikasteko izan dudan aukera sei hilabete hauetan. Jakinduria handiko pertsona da, eta oso eskuzabala. Harengandik ikasi ditut komisariotza-praktikaren sormen kontuak, hala nola hainbat programatzaile izateko beharra edo programa baten ordena pentsatzeko metodologia: zer film labur doa non? Zer kontakizun propio sortzen du saioak film bat hemen badago eta ez han? Baina hortik harago, lan-etika miresgarria du Gloriak, eta arreta handia ematen die bere taldeari, lankideei, filmei, banatzaileei eta zinemagileei. Saioak aldez aurretik planifikatu, xehetasunei arreta zehatza eman edo mezu elektroniko bati erantzuteko modua bera, ardura eta maitasun handiz egiten ditu ekintza horiek guztiak. Uste dut horregatik dela Xcèntric hain programa bikaina. Praktika etiko horiek guztiak, esan beharra dago, ez dira ohikoak zinemaren eta ikus-entzunezko industriaren munduan, baina Gloriak desberdin egiten du.

3. Aurreko galderan esan dudan bezala, praktika horietatik lan-etika ezin hobea eramango dut nirekin, eta espero dut ikasitakoa eraman eta transmititzea aurrerantzean egongo naizen espazio profesionaletan. Programatzeko unean kontuan hartu beharreko alderdiak eramango ditut, sormenarekin hasi eta praktikoarekin buka. Dagoeneko ezagutzen banituen ere, Xcèntricetik igarotzean askoz ere hobeto ezagutu ditut munduko zinema esperimentalaren banatzaileak, bai eta haien katalogoak ere. Eta sei hilabete zoragarri eramango ditut neurekin, Zine Eskolan garatu nuen hipotesi-lana aurkezteko aukerarekin amaitu zirenak, berriro ere Gloria Vilchesen konfiantzari esker. Eta hori, esker ona eman nahi diet eskolari eta Xcèntrici inoiz imajinatu ez nuen aukera hau emateagatik.


Komisariotza graduondokoak honek aukera ematen du uholde teoriko osoa eskuratzeko, arte plastikoetatik heredatua neurri batean, baita tradizioak eta programazio eskolak ere. Korronte horiek aztertu eta kritikoki berrikusteaz gain, zinea banatzeko eta eskura izateko baldintzak eta formulak birpentsatzera behartzen du ikastaroak, inflexio-une berri (eta zalantzazko) batean zinea eskaintzeko eredu tradizionalerako; izan ere, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira streaming plataformak eta pixkanaka desagertzen ari dira zinema aretoak.

Parte hartzaile bakoitzaren irizpide eta begirada bereziak lantzeaz gain, ikastaroak proiektu zinematografikoak garatzeko tresnak ematen ditu, ideia fasetik hasi eta gauzatze faseraino.  Gainera, komisarioaren ikerketa, kritika, saiakera lana eta lan akademikoa sustatzen du espezialitateak.

Ikastaro honen ezaugarri nagusietako bat da etengabeko harreman profesionala eta irakaskuntza harremana izaten dela sortu duten erakundeekin. Ikasleek komisariotza proiektu oso desberdinetan lan egin dezakete, hala nola Tabakalerak edo Donostia Zinemaldiak proposatutakoetan.

Informazio liburuxka [PDF]