Berriak /
EQZEko ikasle askok parte hartuko dute Donostia Zinemaldiaren 74. edizioan
Lau tituluk eta lantzen ari diren hiru proiektuk osatzen dute SSIFFren 74. edizioa; besteak beste, honako hauek: Bloques erráticos filmaren mundu-mailako estreinaldia egingo da New Directors sailean, Bingo Night filmak Nest eskolen arteko nazioarteko lehia-sailean parte hartuko du, High River filma emango da Zinemiran Kimuak katalogoaren barruan, eta Parade (Jacques Tati, 1974) zaharberritu da 4Kn, eta lan horretan eskolako egresatu batek parte hartu du.

Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleen filmek presentzia handia izango dute berriz ere Donostia Zinemaldian. Eskolako ikasle ohiek eta ikasleek eskolan bertan sortutako ekoizpen ugari sartu dira Zinemaldiaren 74. edizioko programazioan.
New Directors
SSIFFren bigarren lehia-sail garrantzitsuenean Bloques erráticos lanaren mundu-mailako estreinaldia egingo da. Film hori Thomas Woodroffe (Santiago, 1995) Elías Querejeta Zine Eskolako zortzigarren promozioko Artxibo Zinematografikoa Masterreko ikaslearen opera prima da.
Txile, Frantzia eta Argentinaren arteko koprodukzioa den film luze horrek zinemagile baten mamuaren historia kontatzen du, Denis Lavant-ek interpretatuta. Mamu hori ehun urtez gatibu egon eta glaziar batetik askatu ondoren, Patagonia futurista batean barrena dabil noraezean. Thomas Woodroffe-ren lehen lanak, Fiebre austral (2019) izeneko film laburrak, epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Nest sailean, eta Veneziako Mostrako Orizzonti sailean ez ezik, Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdian (TIFF) ere eman zuten.
Sail hau osatzen duten filmak (beren sortzaileen lehen eta bigarren film luzeak) Kutxabank-New Directors saria lortzeko lehian arituko dira.
Nest eta Klasikoak
Zinema-eskoletako ikasleei zuzendutako Nest sailean Maria Vaughan-en (Miami, 1999) Bingo Night film laburrak hartuko du parte aurten. Vaughan EQZEko zazpigarren promozioko Sorkuntza Zinematografikoa Masterreko ikaslea da. Film labur hori Espainiaren eta Kolonbiaren arteko koprodukzioa da, Matías Lima eta Marlon Weber ditu protagonista —azken hori ere zazpigarren promozioko ikaslea da eta Nest sailaren aurreko edizioan parte hartu zuen Only Making Out lanarekin—. Film honetan, gizon batek eta emakume batek kostaldeko hiri batera egindako bidaia gogoratzen dute.
Zorah Berghammer-en A. will raus (Über Neutralität) lanak ere parte hartuko du Nest saileko lehian. Berghammer bederatzigarren promozioko ikaslea da, irail honetan EQZEn ikasten hasi dena. Film labur hau Vienako Zinema Akademiako (Filmakademie Wien) ikasketen esparruan egin zen.
Bi film horiek eta beste hamabi ekoizpen hautatu dituzte lehiarako, 61 herrialdetako 232 zinema-eskolatako 503 proposamenen artetik. Hautatutako eskoletako ikasleek osatuko duten eta zinema-arloko profesional bat buru izango duen epaimahai batek emango du Tabakalera-Nest Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen Laborategia saria.
Bestalde, Donostia Zinemaldiak, Klasikoak sailean, Parade-ren (Jacques Tati, 1974) 4K-ko bertsio berria aurkeztuko du. Bertsio hori Zafarrancho en el circo izenburuarekin estreinatu zen Espainian, eta Margaux Chalançon-ek (Paris, 1993) parte hartu zuen haren zaharberritze-lanetan. Chalançon laugarren promozioko Artxibo Zinematografikoa Masterreko ikaslea da eta ikus-entzunezkoen artxibozaina Les Films de Mon Oncle enpresarentzat. Oso zaila izan zen Tatiren azken film luzea zaharberritzea, 35 mm, 16 mm, Super 16an eta, neurri handi batean, bideoan filmatu zuelako teknologia hori hasi berria zen garaian.
Zinemira
Euskal zinemari eskainitako Zinemira sailean, Donostia Zinemaldiak Kimuak katalogoko film laburrak emango ditu; horien artean, Daniel Alegreteren (Madril, 1993) High River, EQZEko zazpigarren promozioko Sorkuntza Zinematografikoa Masterreko egresatuaren filma.
Film labur hori Bilboko gay-klub batean girotuta dago, 1983ko abuztuan izandako uholde katastrofikoetan. Aurten, Cannesko Zinema Jaialdiaren Short Film Corner sailean parte hartu du, ICAAren 2cool4school ekimenaren barruan, eta Alegrete bera prestatzen ari den High film luzearen garapen-prozesutik sortu da.
Lantzen ari diren proiektuak
Hauek dira Donostia Zinemaldian parte hartuko duten beste hiru zinema-proiektu, lantzen ari diren film gisa kasu honetan: The Spirit Healer is Away for the Weekend (Inês Nunes, Tavira, 1993) eta Akira (Ekain Albite, Zumaia, 1999) (bi egileak seigarren promozioko ikasleak dira eta Ikusmira Berriak programaren azken edizioko egoiliarrak), eta Ernesto Martínez Bucio (Michoacán, 1983) laugarren promozioko ikaslearen lan berria, zeinak El diablo fuma lanarekin Berlinalen opera prima hoberena saria lortu ondoren, Este es el recuerdo que me gustaría tener de mamá lana aurkeztu baitu Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren barruan.
EQZEko ikasle ohiek eta ikasleek Zinemaldiko beste arlo batzuetan ere parte hartuko dute (industria, programazioa, arlo teknikoa, komunikazio arloa, harreman publikoak, etab.), eskolako praktika profesionalen programaren bidez eta SSIFFk zuzenean kontratatuta. Eskolako zortzigarren eta bederatzigarren promozioetako ikasleek agenda espezifiko bat izango dute Zinemaldiak irauten duen bitartean, eta proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute.