Programa publikoak /
AZTARNAK: Kukuaren kanta (Lergako bizilagunak, 2025) + The Last Angel of History (Black Audio Film Collective, 1996)
17:00
- Lekua: EQZE Zinema
- Prezioa: Sarrera librea edukiera bete arte
Kukuaren kanta (Lergako bizilagunak, 2025)
31 lagunek sinatzen dute Kukuaren kanta film laburra. Gehienak Lergan bizi dira, Nafarroako eremu mistoko herri txiki batean. 2023ko udazkenean, Ione Atenea, Garazi Erburu eta Marina Lameiro (Zinema Auzolanean proiektuaren baitan) nafar zinemagile eta ekoizleek euren herriko eta komunitateko autoerretratu filmiko kolektiboa egitera gonbidatu zituzten bertako biztanleak, film-tailerretan eta batzar parte-hartzaileetan oinarrituta, errodajean funtzio tekniko eta artistikoak txandakatuz. Bolex batekin armatuta, Lergako biztanleek erabaki zuten, Kukuaren kantan, munduaren amaierari buruz fabulatzea eta, horren zain, arretaz eta presarik gabe bizitzea beren erritu, lan eta festen egunerokotasuna.
The Last Angel of History (Black Audio Film Collective, 1996)
XXII. mendetik datorren Datu-Lapurrak funk ziberkulturako, teoria afrofuturistako eta zientzia-fikzio distopikoko pertsonaia funtsezkoen lekukotzak biltzen ditu (George Clinton eta Derek May, Octavia E. Butler eta Samuel Ray Delany), bere etorkizunaren gakoa bilatzeko. The Last Angel of History sortzaileen esanetan "bazterretatik kultura beltzaren izarrarteko bihotzerainoko bidaldia" da.
Filma Black Audio Film Collective britainiarraren azken lanetako bat da. Kolektiboa 1982an sortu zuten Portsmouth Polytechnic-eko zazpi ikaslek, Jamaika, Dominikar Errepublika, Ghana eta Trinidad eta Tobago jatorriko familietakoak. Zinemagile, soinu-artista, aktibista eta soziologoek osatutako taldeak Hirugarren Zinemaren hizkuntza iraultzailea eguneratu zuen diasporarentzako ikus-entzunezko forma bat eraikiz. Neofaxismoaren eta poliziaren basakeria arrazistaren gorakadaren testuinguruan, memoriaz, zapalkuntza soziokulturalaz eta borroka politikoaz hausnartu zuten, Stuart Hall erreferente zutela.
AZTARNAK EQZEren 2023-2024 Ikasturteko Komisariotza arloko ikasleek antolatutako programa da.