Proyectos de investigación /
El Pañuelo de Clarita
El Pañuelo de Clarita filma aztertzen eta zaharberritzen zentratuko da proiektua. Obra Argentinan filmatu zen 1919an, Emilia Saleny (Argentina, 1894-1978) zela zuzendaria, eta ekoizpenaz eta gidoiaz Bautista Amé (Italia, 1889 - Argentina, 1973) arduratu zen. Argentinan emakume batek zuzendutako lehenengotariko filmetako bat dela uste da, eta material bakar batean gordetzen da: 35 mm-ko proiekzio-kopia bat, nitratozko euskarrikoa, garai hartako tindatzea eta muntaketa dituena. Kasu bereziki bitxia da, kontuan hartuta zinema mutuaren garaiko dokumentu oso gutxi gorde direla jatorrizko formatuan (kalkulatzen denez, Argentinako zinema mutuaren % 90 galdu da), eta are gehiago garai hartako emakumeek zuzendutako filmez ari garela.

Filma Amé Artxiboan dago; Ingeniero Luiggi izeneko herri txiki batean (Panpa, Argentina) dagoen Bautista Améren eta haren familiaren ondare fotografikoari eskainitako familia-artxibo bat da. Foto Amé etxearen —1914an ireki zen eta martxan jarraitzen du gaur egun— ekoizpen komertzialari lotutako 50.000 dokumentu baino gehiago daude artxiboan; adibidez, tamaina guztietako beirazko eta azetatozko argazkiak, eta El Pañuelo de Clarita filmaren kopia eta dokumentazioa (jatorrizko gidoia eta intertituluak, dokumentu administratiboak, kartelak eta argazkiak). Artxiboak garrantzi handia duen arren Argentinako kultura-ondareari dagokionez, haren funtsak ez dira kondizio egokietan kontserbatzen eta ez daude behar bezala katalogatuta; gainera, ez ditu Bautista Améren alaba Ofelia Amé (Ingeniero Luiggi, 1938) jagole naturalak beste inork zaintzen.
Proiektuan, kopia kontserbatzeko beharrezko lanak egingo dira (materiala lekualdatu, azterketa kritikoa, digitalizazioa, zaharberritzea), eta obra ekoizpen-testuinguruaren arabera aztertuko da. Garrantzitsua izango da iturri primarioak ikertzea —Amé Artxiboa eta gainerako dokumentu-funtsak— eta gaiari buruz aldez aurretik egin diren ikerketak berraztertzea, Emilia Salenyren ibilbide profesionalari buruzko hurbilketa kritiko bat lantzeko, Argentinako lehen zinema-akademietako baten sortzaile gisa eta Bautista Amék kontratatutako zuzendari “profesional” gisa egin zuen lanaren ikuspegitik eta haren autobiografia oinarritzat hartuta. Proiektuan, halaber, sarbide-proposamenak gehituko dira, bai aurkezpenerako, bai filmaren zirkulaziorako (eskubideen eta erakundearteko hitzarmenen inguruko gaiak ere sartuko dira), baita ikerketan sortzen diren komisariotza-emaitzei dagokienez ere.
El Pañuelo de Clarita filmari buruzko proiektua Archivo Amé proiektuarekin lankidetzan egingo da, zeinak California Los Angeles Unibertsitateko (UCLA) Modern Endandered Archival Program (MEAP) programaren finantzaketa baitu planifikazioaren faserako eta proiektuaren eta digitalizazioaren faserako.

Fitxa teknikoa
Ikertzaile nagusia: Carolina Cappa
Ikertzaile laguntzailea: Julieta Sepich
Erakunde parte hartzaileak: Amé Artxiboa, University of California Los Angeles (UCLA)
Kronologia: sorkuntza berria