Programa publikoak /
ExÓrbita: Film laburren saioa + Performancea
20:00
Zinema, gorputzak eta espazio liminalak
Zinema eta performance saioa Z Aretoan (Tabakalera).
Alderdi birtuala munduaren irekiduretan barrena sartu da eremu pribatuaren txoko barrenekoetaraino, gorputzera iritsi arte. Mundua bere baitan tolesten da, bere buruari begiratzen dio, bere burua imitatzen du, ase arte erreproduzitzen da, eta ez du ezagutzen bere burua. Gorputz fisikoaren eta gorputz birtualaren arteko topaketen erritual eta sintomak islatu nahi ditu film laburren saio honek. Identitatea lausotu egiten da munduaren sakontasuna hautemateko ezintasunaren aurrean. Zinema simulazioaren ikuskizunaren konplizea da. Teknologiaz arduratzen da eta alderdi gizatiarraren hauskortasunari buruzko galderak egiten dizkio bere buruari, mundu materialaren eta digitalaren artean balantzaka baitabil.
One Thousand and One Attempts to Be an Ocean (Yuyan Wang, 2021, 11 min.)
Wang Yuyan zinemagilearen film laburra Internet sarearen itsaso kaotikoan murgiltzen da, giza esperientziaren izaera zatikatua aurkitu nahian. Irudi-multzo baten eta musika minimalistaren bidez, ikuslea zurrunbiloan sartzen da, murgiltze-errepikapen batean, zeinak limurtu eta zirkuituan buru-belarri sartzera gonbidatzen baitu, baina ezinezkoa egiten zaio halako informazio-kantitatea barneratzea. Neka-neka eginda, etsi eta azalekoaren mende flotatu baino ezin du egin.
Fest (Nikita Diakur, 2018, 3 min.)
Ravea. Animazio berariaz grotesko eta oinarrizkoa, desfasea, foodtrucka eta akats digitalak.
Les Dieux du Supermarché (Alberto Gonzáles Morales, 2022, 8 min.)
#bodypositive-aren kontzeptuak obsesionatzen duen mundu batean, film labur hau gizon perfektuaren gorputzarekin obsesionatzen da. Interneteko fitxategietan zehar nabigatzen dugu, umorez, frustrazioz eta irrikaz, lortu ezinezko fantasia hori eskuratu nahian, hegemonia fisikoarekiko dugun obsesio kulturala zalantzan jartzeko.
The Very Eye of Night (Maya Deren, 1958, 15 min.)
Gau ilunean, ametsezko munduan ikusten ditugu dantzari batzuk Lurraren gainazaletik askatzen, espaziorantz nabigatzen, grabitatearekin hausten eta beren gorputzen dimentsiotik harago joaten.
Black and White Trypps Number Three (Ben Russell, 2007, 12 min.)
Rock-estasiak eragindako sukarrean pilatua, ikuskizuneko argi-distiren laburtasunak bakarrik agerian uzten duen trantze kolektiboan sartzen da publikoa. Gazte-eldarnioak gorputzak elkartzearen esperientzia hartzen du erdigunetzat espazioa komunitatean gainditzeko.
Careless reef Part 4: Marsa Abu Galawa (Gerard Holthuis, 2004, 12 min.)
Arrezifeko fauna eta flora, forma zorrotz eta kolore karrankariak, frenetikoki bata bestearen gainetik gailentzen Abdel Basset Hammouda egiptoarraren musikaren erritmoan. Amets elektriko bat, ozeanoko baretasun eta estutasuna elkartzen dituena.
Saioa amaitzeko, qbonitocolectivo dantza-kolektiboak dantza-pieza bat eskainiko du proiekzio-eremuan; gorputza gaindituz zirkulartasunaren kontzeptua arakatzea dute helburu, eta pantaila zeharkatzen duen gorputz fisiko bezain digital horretara itzuliko dira dantzari ekiteko.
exÓRBITA EQZEren 2022-2023 Ikasturteko Komisariotza arloko ikasleek antolatutako programa da.