Acciones de investigación /

Ynchausti ikus-entzunezko funtsa

Ynchausti ikus-entzunezko funtsak biltzen ditu  Manuel María de Ynchausti Romeroren (Manila, 1900 - Ustaritze 1961) eta haren seme Antonio María de Ynchausti Larrauriren (Manila, 1931 - [Ustaritze, 2018]) produkzioa. Artxibo pertsonal hori berreskuratzeko egitasmoa sortu zen UPV/EHUko NOR ikertaldeko Josu Martinez eta Josu Amezaga ikertzaileen eskutik, Gastibeltza Filmak-en lankidetzaz eta Eusko Jaurlaritzaren babesaz.

Zehazki, material hori Euskadiko Filmategian gordetzea proposatu zuten, aztertua eta ikertua izateko. Hala, Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Ikus-entzunezko Ondarea Artxibatzea eta Babestea graduondokoaren hiru ikaslek bat egin zuten UPV/EHUko taldearekin, ordura arte Ustaritzeko (Lapurdi) Ynchausti familiaren etxeko sotoan gordeta egon zen funtsaren lekualdaketa dokumentatu eta gainbegiratzeko. 

Elkarlan horren barnean, EQZEko taldeak aztertu egin zuen bildumaren edukia, eta haren kontserbazio egoera ebaluatu zuen, materialaren aurre-inbentario bat egin eta funtsari buruzko txosten tekniko bat egiteko. Lan horretan, ikusi zen funtsaren atal handiena azetatoko filmek osatzen dutela, formatu azpiestandarretan filmatuak (8, 9.5 eta 16 mm), nahiz eta badagoen ere 35 mm-ko pelikula kopuru esanguratsu bat, nitrato euskarrian (horietako batzuk zati batean tindatuak). Filmez gainera, badira ere kamera eta proiektagailu batzuk, formatu horietako bakoitzari dagozkionak, baita tresneria hori erabiltzeko eta zaintzeko osagarriak ere (optikoak, garbiketa zorroak, olioa, etab.). Funtsak baditu ere argazkiak, beiran eta paperean, album fotografikoak eta koloretako diapositibak. Ynchaustitarrek ekoitzitako materialez gainera, bada ere material didaktikorik, euskarri fotokimikoan, hainbat diziplina irakasteko (anatomia, botanika, doktrina, etab.), 35 mm-ko “pelikula finkoak” eta super 8 kamerekin filmatutako pelikula komertzialen bilduma txiki bat.    

Funtsaren etxeko filmen lehen lekualdaketa bat egin zen Euskadiko Filmategira, eta txosten tekniko bat, honako hauek jasoz: bildumaren kontserbazio egoeraren azterketaren emaitzak, haren aurre-inbentarioa eta haren garbiketa, sailkapen, egokitzapen eta digitalizaziorako protokoloa.   

Fitxa teknikoa

 

Lan taldea:
Josu Amezaga, Josu Martínez (EHU-UPV)

Ikasleak 2018-2019:
Anna Ferrer, Lucía Ferreyra, Nerea Ganzarain

Erakunde erlazionatuak:
Universidad del País Vasco (Grupo NOR), Gobierno Vasco, Filmoteca Vasca, Gastibeltza Filmak

Kronologia:
Uztaila 2019 - Abuztua 2019