Artxiboa masterrak aurrez aurre jartzen ditu ikasleak zinemak ondare material eta inmaterial gisa sortzen dituen dilemen aurrean (teorikoak, teknikoak, etikoak)
Euskarri fotokimiko, magnetiko eta digitaletan irudiak eta soinuak identifikatzearekin zerikusia duten alderdi guztiak lantzeaz gain, funtsak kudeatzeko eta bilduma berriak sortzeko tresnak lantzen ditu espezialitate honek.
Espezialitate honek ikus-entzunezko materialak berrikusteko, zaintzeko eta zaharberritzeko protokolo eta prozeduretarako sarbidea ematen du, bai tresna mekanikoen bidez, bai tresna digitalen bidez, eta, horri esker, egiazko praktika egin daiteke laborategian.
Euskadiko Filmategiaren lanekiko etengabeko harremanean egiten dira Artxibo ikasketak, eta, horri esker, FIAFek homologatutako zine artxibo bat benetan bizitzeko aukera dute ikasleek.
Gure garaiko
irudien labirintoa
Artxiboa Masterraren egiturak zinemara hurbiltzea planteatzen du, haren izaera materialaren eta genealogia teknologikoaren bidez. Lehenengo bi moduluak film irudien jatorri fotokimikoan barneratzen dira, eta, ondoren, hurrengo moduluetan, euskarri magnetikoen eta digitalen berezitasunak argitzen dira.
Ibaiadar horietako bakoitzak berariazko ezagutzen emaria osatzen du: irudi eta soinu bakoitzak bere galderak planteatzen ditu identifikazioari, degradazioari, zaintzari eta katalogazioari buruz, baina baita gai estetiko eta deontologikoei buruz, filmen etorkizunari buruz, zinemaren historiaren zentzuari buruz eta artxibozainaren lanbideari berari buruz ere.
Ikastaroak proposatzen dituen edukiak sistematizatzeak eta lan metodologiak ikasteak ez dakar, ordea, irakasgaia erraz eta modu sinplifikatuan geureganatzea. Alderantziz baizik: masterrak “irudien memoria handira” hurbiltzera gonbidatzen du bidearen amaieran, pentsamendu konplexu eta paradoxikotik hartuta. Ezin bestela izan; oso ondo mugatutako bide bereziei jarraituta ere, azkenean gure garaiko irudien labirintora garamatza Artxiboko bidaiak. Jaso dugun altxorrik handiena, inolaz ere.
Programa Akademikoa
Aberrazioen artea. Zinemaren historiak eta estetikak
Joxean Fernández
Carlos Muguiro
Modulu: 1, 5
Zinemaren estetikari eta historiari buruzko ikasgaia da hau, orainaren bidegurutzetik planteatua; historiaren kontzeptua bera kontakizun totalizatzaile gisa krisian egoteaz harago, benetako susmoa zabaldu da denbora diakronikoaren antolamenduari eta aurrerapenaren ideiari buruz. Zentzu espezifikoan, zinemaren historia gure garaitik kontatzeko aukerari buruz galdetzen du ikasgaiak. Eta hori egin ahal izateko nahiarekin egiten du, hau da, zinemaren historia osatzen duten historiak pluralean kontatzeko asmoarekin. Zentzu orokorragoan, denborari buruzko ikasgaia ere bada hau, besterik gabe. XXI. mendearen lehenengo bi hamarkadetan zehar, historiografia errebisionistaren hainbat korrontetatik zalantzan jarri dira tradizioz ehun urteko zinema egituratzeko balio izan duten kategoriak, dikotomia estilistikoetan (klasizismoa vs modernitatea) edo parametro teleologikoetan oinarrituak, sarritan zinematografikotik harago doazenak: azterketa kulturalak, teoria afektiboak, bitartekoen arkeologia, harreraren analisia, materialismo kulturala, ekokritika edo genero azterketak eta azterketa postkolonialak dira hurbilketa kritiko horietako batzuk. Historialariek bira terminoa txertatu dute beren lexikoan (bira afektiboa, artxiboaren bira, bira materialista), eta grafikoki agerian utzi dute zinemari aplikatu ohi zaion xede lineal eta eboluzionista birbideratzeko beharra.
Hala ere, erresistentzia-leku lokalizatuetatik, mikrohistorian eta mendeko historietan zentratutako kolektibo eta gutxiengoetatik, narratiba alternatiboetatik eta behetik, nagusitasun akademikoaren eta unibertsitate nahikotasunaren aurkako jarrera kritikoak sortu dira aldi berean. Nola heldu, bada, zinemaren historiaren kontakizunari herentziaren arbuio automatikoan, zinismo negazionistan, begirada exogeno eta zientifistan, jakin-min falta hutsean erori gabe? Zine eskola batean, zinemaren historiaren kontakizunak zein modutan izan behar du geure memoriaren kontakizuna ere? Arbuiatzen dugun historia horren parte al gara? Alderdi horretatik, zinemaren denborari buruzko ikasgai hau zineman dugun gure denborari buruzko ikasgaia ere bada.
Historiak teorikoki ez ezik ikuspuntu aplikatutik ere izan dezakeen aukerari heltzeko asmoz, ikasgai honek elkarrizketarako metodologia proposatzen du, saioetan zehar ahots dibergenteak baina osagarriak txertatuz. Historia paradoxiko eta askotarikoa eraiki nahi da, irekia eta errizomatikoa, batere ez lineala, karnabaleskoa eta metamorfikoa. Horren harira, Nicole Brenezek markatutako ildoari jarraituko diogu, honako hau ohartarazten baitu: "zinema etengabe ari da urratzen, bere hausturak sakontzen, etenaren eta bere bikoitzaren ahalak aldarazten, zentsura lantzen eta defekzioa lantzen uzten".
Zaintza zinematografikoaren inguruko politikak
Carolina Cappa
María Fuentes
Ricardo Matos Cabo
Modulu: 1, 3
Ikasgai honetan, diziplinaz gaindiko ikuspegia proposatzen da zaintza zinematografikoarentzat, eta pentsamendu-oinarri partekatu bat ezarri nahi da Artxiboko programa osoarentzat. Hurbilketa teoriko-praktiko batetik, ikasgaiaren helburua izango da teknologiaren, historiaren, ikerketaren eta erakunde-politiken alorretako alderdiak barne hartzen dituen praktika kritiko, kokatu eta aldakor baten moduan pentsatzea zaintza. Zaintzaren historiaren, nazioarteko estandarren azterketaren eta lehen artatu ezin ziren istorio eta lurraldeei ahotsa jartzeko aukera ematen duten eredu alternatiboak sortzeko aukera berrien ikuspuntutik eztabaidatuko da ondare zinematografikoa. Eskola teorikoen eta kasu-azterketen bidez eta gonbidatuekin saioak eginez, aztertuko ditugu zaharberritze zinematografikoa, digitalizazioa, bildumak osatzeko moduak eta artxibo zinematografikoaren teoria, guztiak ere historiak, erakundeek eta kulturak zehazten dituzten eta gaur egun zer eta nola zaintzen den definitzen duten jardunbideen multzo gisa.
Zinemako makinak: bilakaera eta artxibora egokitzea
Clara Sánchez-Dehesa
Modulu: 1
Ikasgaiak ibilbide historiko bat proposatzen du zinemaren bilakaeran barrena. Haren xedea da ulertzea nola garapen tekniko bakoitzak lortu dituen adierazpen eta estetika zinematografiko jakin batzuk, eta, aldi berean, teknologia horietatik eratorritako zer tresna dauden gaur egun operatibo, artxibo baten testuinguruan eduki fotokimikoak eskuratu ahal izateko. Zati teorikoak ikus-entzunezko sorkuntzan garai bakoitzean erabilitako euskarri fotokimikoaren eta ekipo teknikoen bilakaera teknikoa aztertuko du. Zati praktikoan, berriz, laborategi zaharretatik berreskuratutako ekipo horietako batzuk erabiltzen ikasiko da. Horien bidez, posible da material fotokimikoak segurtasunez manipulatzea, artxiboak aztertzeko eta kontserbatzeko.
Ikerketaren artxiboa eta metodologiak
Modulu: 1
Ikasgai honek aukera ematen du EQZEko Komisariotza eta Artxiboa graduondoko ikasleek beren rola (ikerketa eta komisariotza) beren gain hartzeko, film- eta ikus-entzunezko artxiboarekin lotutako praktiken esplorazio gisa, zinemaren hiru denborak kontuan hartuta, betiere inbrikatuak baitaude: iragana, memoriarekin lotzen dena; oraina, ekintzarekin lotzen dena; etorkizuna, proiekzioarekin lotzen dena. Ikasgai honen helburua da artxibo-funtsetan oinarritutako ikerketa akademikoari eta kuratorialari ekiteko beharrezkoak diren tresna teoriko, metodologiko eta praktikoak ematea ikasleei. Ikasgai hau komuna da Artxiboa eta Komisariotza espezialitateentzako.
Irudi fotokimikoa I. Zuri-beltzean errebelatzen
Niko Iturralde
Modulu: 1
Ikasgai honek aukera emango digu zuri-beltzeko pelikula, negatiboa eta itzulgarria laborategian eskuz errebelatzeko erabiltzen diren prozedurak ezagutzeko. Eskolan filmatutako materiala erabiliz, errebelatze-prozesuaren berezitasunak ezagutuko ditugu, kimikak filmaren egituraren gainean nola eragiten duen ulertzeko, bai eta pelikula behar bezala zaintzeko funtsezko alderdiak ere. Ikasgai hau komuna da Artxiboa eta Sorkuntza espezialitateentzako.
Irudi fotokimikoa II. Vostok errebelatzailea
Niko Iturralde
Modulu: 1
Ikasgai honen helburua da koloretako, zuri-beltzeko eta itzulgarria den pelikula errebelatzen ikastea, mekanikoki, errebelatze tren batean. Prozesu horrek aukera ematen du etapa bakoitza ulertzeko eta baloratzeko, irudia atzematen denetik ikusten den pelikula gauzatu arte. Kimikoak, denborak, tenperaturak... kontrolatzen ikasteko prozesuak trebetasun tekniko zehatzak garatzeko aukera ematen du, baina, batez ere, esperientzia emozional eta artistikoa da. Ikasgai hau komuna da Artxiboa eta Sorkuntza espezialitateentzako.
Artxibo katalogazioa, dokumentazioa eta komisariotza
Santiago Aguilar
Modulu: 2
Ikasgai honek ikus-entzunezko lanen katalogazioa lantzen du, ikuspuntu teoriko-praktikotik begiratuta, bai eta harekin loturiko prozesu dokumentalak ere. Non aurkitu informazio fidagarria? Nola egin aurre eskubideen kudeaketari? Obra kontzeptu bateratuak zergatik galtzen du lekua bertsio eta adierazpen kontzeptuen aldean? XIX. mendearen amaiera aldera zinemagintza asmatu zenetik, joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran bideoa agertu zen arte, ikus-entzunezko ekoizpen osoa euskarri fotokimikoaren gainean egiten zen. Formatu horretan bertan garatu zen ekoizpen horren banaketa eta kontserbazioa. Aldaketa teknologikoen ondorioz, materialak suntsitu egiten dira beti, edo material horiek erreproduzitu eta kontserbatzeko gailuak zaharkituta gelditzen direnean, material horiek ezin dira gehiago erabili. Ikuspuntu horretatik begiratuta, estandar berriak definitzean erronkak sortzen dira kontserbazioaren aldetik, eta aldi berean, dokumentazio eta katalogazio prozesuak erraztu egiten dira. Ikasgai honen alderdi praktikoan, obrak eta haien estandar eta estandar azpiko bertsioak identifikatu eta sailkatu beharko dira. Ikasgai hau komuna da Artxiboa eta Sorkuntza espezialitateentzako.
Material filmikoen identifikazioa eta zaintza
Oskar González Mendia
Clara Sánchez-Dehesa
Lorena Soria
Modulu: 4
Ikasgai honek artxiboetan gordetako dokumentu filmikoak aztertzen ditu, eta arreta berezia ematen die haien ezaugarri teknikoei eta materialen azterketa kritikoari, elementuaren eta obraren arteko erlazioak ere kontuan hartuta. Halaber, euskarri fotokimikoak, haien narriadurak eta degradazio prozesuei lotutako erreakzio kimikoak eta ingurumen faktoreen eragina aztertzen ditu. Elementuak ikuskatzeko, garbitzeko eta tratatzeko metodologiak eskaintzen ditu, bai eta bildumen inbentarioa eta ebaluazioa egiteko ere. Azkenik, film-lanak zaintzeko eta zaharberritzeko ikerketa metodoak aurkezten ditu.
Bideo bildumen identifikazio, kontserbazio eta digitalizazioa
Gema Grueso
Modulu: 2, 4
Bideo-formatuen, haien erabileren eta ezaugarri teknikoen historia, arrisku-faktoreak eta narriadurak eta bildumen inguruko printzipioak eta kudeaketa-lanen ikerketa. Ikasturtean, zinta magnetikoetan gordetako material analogikoak eta digitalak baliatuko dira, batez ere; bestalde, bideo digitalak gordetzeko beste sistema batzuen (adibidez, disko optikoak eta biltegiratze-sistema erauzgarriak) biltegiratze-printzipioak, arrisku-faktoreak eta narriadurak ere aztertuko dira.
Bideo-bildumen kudeaketan sartuko dira arriskuen ebaluazioa, kontserbazio prebentiboa, formatuen lehenespena eta epe ertainerako eta epe luzerako kontserbazio-soluzioak. Datu objektiboetan oinarrituta hartuko dira erabakiak eta metadatu-estandarrez eta biltegiratze-baldintzez baliatuko gara euskarriak deskribatu eta babesteko.
Bideo-seinale analogiko eta digitalen ezaugarriak aztertuko dira, digitalazioaren ondoriozko fitxategien premiak detektatzeko, eta barne hartuko dira gaur egun erabiltzen diren estandar eta aukerak ere.
Premia horiek kontuan hartuta eta digitalizazio-sistema bat osa dezaketen gailuen funtzioak ezagututa, ikasleak gai izango dira konfigurazioak ebaluatu eta manipulatzeko, hala, behar bezala digitalizatzeko eta transkodifikatzeko.
Azkenik, sortutako fitxategien adostasun- eta kalitate-kontrolari, formatu digitalizatuetan egiten diren ohiko akatsei eta haien iturri/soluzio posibleei eta fitxategi digitalak epe luzera kontserbatzeko printzipio eta premiei buruzko oinarrizko ezagutzak emango dira.
Artxibo digitalen identifikazioa eta zaintza
Peter Bubestinger
Modulu: 3
“Baliabide digitalak” zaintzea dagoeneko ez da ezer berria. Nolanahi ere, azkar eta etengabe aldatzen den erritmoan aldatzen direnez sistema digitalak eta haien azpian dagoen elektronika, gero eta erabilgarriagoa eta beharrezkoagoa bihurtu da datu digitalen “izaera” berez ezagutzea ez ezik, horien bizi zikloan eragiten duten osagai, tratu eta alderdiak zein diren jakitea. Ikasgai honetan, ikasleek "artxibo bat zer den" ikasiko dute. Zein zati, prozesu eta sistema landu behar diren elkarrekin datu digitalak gordetzeaz gainera, aurkitzeko eta (berr)erabiltzeko moduan jartzeko, oraindik ere ezagutzen ez diren etorkizuneko baldintzetan. Besteak beste, komando lerroko interfazeetarako sarrera, programazio/automatizazioko oinarrizko alderdi errazak eta multimedia formatuen bihurketa, datu digitalekin lan egiten duten lan profesional jasangarrirako baliotsuak direla frogatu baita. Ondoren, datu/dokumentu digitalen ulermen oinarri hori jardunbide onenekin lotuko da pixkanaka, kontserbazio digitaleko estrategia egokia sortzeko lan fluxuak erabakitzeko, zehazteko eta mantentzeko. Ikasleek teoria eta praktika modernoak ikasiko dituzte, eta ezaugarri tekniko horiek eta sarbide eta kontserbazio politika/estrategia horiek elkarri nola eragiten dioten jakingo dute.
Irudiaren tratamendu digitalak I: digitalizazioa
José Luis Sanz
Modulu: 3
Material fotokimikoaren digitalizazioa, gaur egun, nazioarteko artxibo eta filmoteka askotan egiten da. Artxibo garaikide orotan erabiltzen da digitalizazioa, nahitaez, materialak zaintzeko, hedatzeko eta ikertzeko. Ikasleek materialen digitalizazioaren oinarriak bereganatuko dituzte, baita kasu bakoitzean jarraitu beharreko estrategiak ere, eta praktikan jarriko dituzte eskolako Artxibo-ibilbidearen barruan.
Irudiaren tratamendu digitalak II: Diamant
Luis Alberto Juárez
Modulu: 4
Tailer honen helburua da ikasleak ohitzea film-irudien zaharberritze digitalarekin lotutako lan-fluxuekin. DIAMANT-Film Restoration Suite / HS-ART softwarea baliatuz ikasiko dute horretan, eta, era berean, baliabide horrek eskaintzen dituen tresnak, aukerak, mugak eta arriskuak landuko dituzte; hori horrela, zaharberritze digitaleko prozesu baten oinarrizko ezaugarriak, inplikazio etikoak eta balizko aplikazioak ulertzera bideratuko da saioa, eta ikasleek material zehatzekin jardungo dute.
Tratamendu digitalak irudietan III: Da Vinci.
Clara Rus
Modulu: 4
Ikastaro honen helburua da filmak zaharberritzea helburutzat duten tresnak ulertu eta ezagutzea DaVinci Resolve softwarearen bitartez, eta, aldi berean, egiazko adibideak erabiliz, material zinematografikoa zaharberritzeko tekniken aplikazioa ulertzea, baita zalantza teknikoak argitzea ereIkasgaian, ikasleek proposatutako ariketen kolorea garatuko dute, modu autonomoan lan egiteko gaitasunak lortzeko. Proiektu bat koloreztatzeko fase guztiak ikusiko dituzte: konformatua, primarioak, bigarren mailakoak, masterizazioa, etab. Ikasle bakoitzaren lanaren jarraipen pertsonalizatua egingo da klasean zehar, zalantzak argituz, ulertu arte. Helburua ikasle bakoitzak zaharberritze-materialari aurre egiten jakitea da, ahalik eta informazio gehien berreskuratu ahal izateko.
Ikus-entzunezko bildumak kudeatzea
Silvia Casagrande
Modulu: 5
Ikus-entzunezko artxiboen kudeaketaren ikuspegi integrala ematen du ikasgai honek, gaur egungo ekosistemari dagokionez. Ikus-entzunezko ondarearen kontserbazioaren eta zaintzaren alderdi nagusiak aztertuko dira programan, erakunde-motak eta haien bilduma-politika kontuan hartuta.
Halaber, materialaren irisgarritasunaren gaia landuko da; horretarako, irispide-aukerak eta bilduma baten ikusgaitasuna baldintzatzen duten mugak aztertuko dira.
Ikasturtean, gainera, artxiboak bere ingurune fisiko eta sozialarekin duen harremana aztertuko da, aintzat hartuko da gaur egungo artxiboaren eta zaintza digitalaren ingurumen-inpaktua eta haien karbono-aztarna murrizteko aukerak ebaluatuko dira. Bestalde, artxiboak larrialdi klimatikoak kudeatzeko duen gaitasuna eta egungo gizartearen erronketan duen papera ere aztertuko dira.
Azken helburua da ikasleari tresnak ematea gai izan dadin errealitate desberdinetara egokitzeko eta bildumak kudeatzeko plan estrategikoak planifikatu eta egikaritzeko.Ikasgai hau komuna da Artxibo eta Komisariotzako espezialitateentzako.
Soinuaren historia bere zaharberritzerako
Franco Bosco
Modulu: 5
Ikastaro honetan, hasieran, zati teorikoa emango da; bertan, filmak identifikatzeko oinarrizko alderdiak landuko dira, eta arreta berezia jarriko zaie soinu-materialei. Zinema-ekoizpeneko soinu-formatu ohikoenen ezaugarri nagusiak aztertuko dira, bai eta soinuaren ezaugarri fisiko primarioak eta soinuaren digitalizazio eta zaharberritzearen kontzeptu garrantzitsuenak ere. Ikasturtearen bigarren zatian, zati nagusian, film materialak landuko dira zuzenean.
Jatorrizko emultsioen artea
Esther Urlus
Modulu: 4
Emultsio fotokimiko artisauen produkzioa ezagutzen hasteko proposamena egiten da tailerrean. Arkeologia filmikoa da tailerraren abiapuntu, baina sorkuntzarekin lotutako alderdi garaikide ugari agerian uzten ditu. Materialtasunaren historian interesa dutenentzako tailerra da, baina zinema ideiak, irudiak eta soinu banda biltegiratzeko bitartekotzat ez ezik, pentsamendu, irudi eta soinu horiek sortzen eta modu aktiboan desitxuratzen dituen materialtzat ere hartzen duten zinemagileei ere zuzentzen zaie.
Zinebotanika
Cristina Neira
Modulu: 4
Pelikula botaniko bat egitea, batez ere, pazientzia eta maitasun lana da. Kamerarik gabeko zinemaren metodoak eta lorezain amateurraren trikimailu batzuk abiapuntutzat hartuta, film herbario kolektibo bat sortuko da, aleak biltzetik proiekziora arte.
Ikasgai hau filmak egiteko metodo alternatiboak aztertzeko gogoa duten pertsonei zuzenduta dago, edozein dela ere haien prestakuntza. Zinebotanikak, azken batean, proposamen irisgarriak dira, euskarri filmikoko materialak eta tresnak berrerabiltzeko aukera ematen dutenak, beti naturaren beraren esku dagoen pieza bat sortzeko.
Abiapuntuak
Michel Gaztambide
Modulu: 1, 3
Ikasgai honen helburua ikasleak beren filmaren izaerarekin eta abordatze-metodologiarekin aurrez aurre jartzea da. Nondik dator zure filma? Zertaz ari da? Zer emozio eragin nahi du? Irudietan konta daiteke? Nola nahi du egileak ikuslea sentiaraztea obra ikustean? Gai horietatik eta beste batzuetatik abiatuta, pelikula bat egiteko gogoeta- eta garapen-prozesuei ekin nahi zaie. Ikastaroak, funtsean, hiru lan-ildo ditu: filmaren abiapuntu edo jatorriarekin lan egitea, sormen-bidaiaren muina gisa; bidaia hori zabaltzea, filmari konplexutasuna eta sakontasuna eransteko gai diren estimulu zehatzetatik abiatuta; eta proiektua idazketatik lantzea.
Soinuaren behatokia
Xabier Erkizia
Modulu: 3
Behatokia soinuarekin lotutako prestakuntzako, praktikarako eta ikerketarako gunea da. Entzumenaren zero gradutik abiatzen da zinema mutuaren existentzia ukatu eta teknologiaren inpaktua, keinuen eta eguneroko objektuen soinu-diseinua, irrati-artea, soinu-etnografia, Sound Art... aztertzeko. Gaitegi finko bat izateaz gain, taldekideen eta unean uneko premietara egokitzen da; horregatik, praktikarekin eta egiten ari diren proiektuekin lotuta egoten da.
Bideo-saiakera eta historiaren berridazketak
Cristina Álvarez López
Adrian Martin
Modulu: 3, 5
Zinemaren historia eta zinema-kritika sormen-prozesuan eta berridazketa-prozesu kritikoan inplikatutako diziplinak dira beti. Zinemagileek eta kritikariek ez dute ezerezetik sortzen —beren lana, kontzienteki edo inkontzienteki, aldez aurreko adierazpen artistikoei emandako erantzuna da—. Azken urteotan, berridazketa kritiko horren adibide nabarmen bihurtu da ikus-entzunezko saiakera. Ikasgai honetan, erlazioak ezarriko ditugu ikus-entzunezko saiakeraren forma desberdinen eta zinemaren eta kritikaren historiako aldi, joera eta ideia desberdinen artean. Ikasgai honetan ariketa praktiko bat ere egingo da.
Hitza pizten: idazketa poetikoaren tailerra
Mar González
Modulu: 3, 5
Hitzak higatuta daude, erabilera inkontzientearen pisuaren azpian hondoratuak. Noraezean dabiltza, hara eta hona, axolagabekeriaz erabiltzearen eta ikasitako inertzien ondorioz. Horregatik, hitz lehorren zalaparta itzali hori piztera gonbidatzen du klase honek. Axolagabekeriatik erreskatatu nahi ditu, banan-banan ireki eta testuan kokatu. Baina, horretarako, hizkuntzaren artisautza landu behar da. Kontua ez da inspirazioa iritsi arte itxarotea, asko idaztea eta gehiago irakurtzea baizik. Jeinua, musa, pneuma edo iratxoa, Lorcak esango lukeen "denek sentitzen duten eta inongo filosofok azaltzen ez duen ahalmen misteriotsu hori", ezin da irakatsi eta ez du jarraibideen eskulibururik. Baina, hala ere, "obeditu egiten du, goseak bezala, digestioak bezala, logaleak bezala", esan zuen Baudelairek. Horregatik, hartarako bide bakarra lana da, prozesua, praktika: teknikan murgiltzea, iristen denean lur emankorra aurki dezan.
Hitza piztea, beraz, zentzumen irekiez behatzea da, hitz zehatza, perpaus zehatza, beharrezko irudia bilatzea. Funtsean, idazketa-tailerra da, emozioa sortzeko piztutako hitzetik abiatuko dena.
OUCIPO edo Zinema Potentzialaren Tailerra
Oskar Alegria
Modulu: 3
Bost zinema-saio, ausaz, poesiaz eta misterioz jositako jolas gisa; izenik gabeko zinema-saioak eta kanpoaldera eginiko irteerak, eta, ordubeteko autobus-bidaia batean, hondar-hilerri baten bisita eta harrizko eguraldi-mapa zaharrena lotzea, edo gaua harrapatzeko pentsaturiko tenplu batean ixtea. Barnealdea, beti gauez. Zinema modu pertsonalean eta pertsonalizatuan bizitzea, haren arauak kontuan izanik, batik bat desobeditzeko. George Perecek eta haren aliatuek egiten zuten moduan, mugak hartu eta askatasun bilakatu, batez ere Duchat izeneko katu ilun haren begirada gidari zutela, zeina sorbaldara igotzen baitzitzaien beti, erretratuetan miauka agertzeko.
EQZELab. Film-laborategi profesionala
Yolanda Cáceres
Modulu: 5
Film fotokimikoaren prozesamenduarekin lotutako ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko prozesuaren azken etapa. Batetik, laborategi profesional bateko tekniketan eta lan-fluxuetan murgiltzea bilatzen du irakasgaiak, errebelatzeko (kolorea eta 16 mm-ko zuri-beltza), kolorea zuzentzeko eta kopiatzeko teknologia espezifikoaren maneiu praktikoan oinarrituta. Trebetasun praktiko horiek eskuratzeak kultura eta industria zinematografikoaren belaunaldiarteko ezagutzari eustea dakar, bestela ahaztu egingo bailitzateke. Bestetik, ikastaroan parte hartzen duten ikasleek Eskolan egindako film-materialak prozesatu ahal izango dituzte, EQZELaben zerbitzua aktibo mantenduz.
Adimen artifizialaren erabilerak zinema garaikidean
Jorge Caballero
Anna Giralt Gris
Modulu: 4
Adimen artifiziala zinema garaikidean sartzeak ez dio eragiten irudiak sortzeko prozesuari bakarrik; aitzitik, artxiboak irakurtzeko, sailkatzeko eta berrantolatzeko tresna ere bada, baita sintesi-bitarteko bat ere, irudiak, soinuak eta testura onargarriak indize-aztarnarik gabe sortzeko. Tailerrak zinema dokumentalean eta ez-fikzioan oinarritutako prestakuntza aplikatua eta kritikoa proposatzen du. Ildo horretan, arreta berezia jartzen die artxiboari, ebidentziari eta gardentasunari, eta eztabaidatzen du nola eutsi balioei, grabatutakoa, eraldatutakoa eta fabrikatutakoa bereizezin bihurtzen direnean. Konbinaturik eskainiko dira alfabetizazio teknikoa, sinesgarritasunari eusteko esparru metodologiko bat eta egungo tresnekin egiteko ariketa praktikoak.
Complex media artelanen interpretazioa eta zaintza
Mona Jiménez
Modulu: 3
Kasu azterketaren formatua baliatuz, ikastaro honek ikasleak eta artelan garaikide konplexuak batuko ditu, multimedia artearen arazo nagusiak eta kontserbazio estrategia sortu berriak ulertzeko. Artistek askotariko ikus-entzunezko formatuak eta teknologiak erabiltzen dituzte, ikertzeko zirraragarriak. Adibidez, osagai zaharkituak, hala nola telebistak (izpi katodikoen hodiak) erabiltzen dituzten artelanetatik kanal anitzeko obra sinkronizatuetara, joko motorrak edo neurrira egindako kodeak dituzten obrak, edo Internetetik datuak ateratzen dituztenak. Artelan horiek elkarren artean lotutako zati asko izan ohi dituzte, eta horiek deszifratu eta dokumentatu egin behar dira obrak etorkizunean artistaren ikuspegiarekiko leial funtziona dezala bermatzeko.
Ikasgaiak ikuspuntu kuratorialak eta kontserbaziokoak uztartzen ditu, arte garaikidearen tokiko museo bateko bildumako artelanak aztertuz. Ikasleek erakusketen historiak ikertzen dituzte, erakundeen artxiboak kontsultatzen dituzte, artelan baten osagaiak aztertzen dituzte eta obrei buruz eztabaidatzen dute museoko langileekin. Prozesuan, asko ikasiko dute museo eta artxiboetako artelanen interpretazio, zaintza eta kontserbazioari buruz.
Master Amaierako Lana
Elías Querejeta Zine Eskola proiektuak garatzeko eskola ere bada: hiru espezialitateetako ikasleek amaierako ibilbide edo proiektu bat egin behar dute, dela norberaren ekimenez sortutakoa, dela eskolako Ikerkuntza Departamentuak lantzen dituen ikerketa ildoetako batetik sortutakoa. Proiektu guztiek tutore bat izaten dute, azken aurkezpena egin arte laguntzen duena.
Artxiboa arloko ikasleen amaierako lanen edo proiektuen tipologia honako hau da:
- Ikerkuntza proiektua
- Argitalpena (lan akademikoa, saiakera)
- Kontserbazio eta zaintza lana
- Digitalizazio eta zaharberritze lana
- Sorkuntza lana (filma, film-saiakera, instalazioa)
Praktika Profesionalak
Artxiboa arloko ikasleek ikasturtean zehar gutxienez 100 orduko praktikak egin ahal izango dituzte hainbat erakundetan, proiektua babesten duten erakundeetan hasita (Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa) eta EQZEk lankidetza-akordioak dituen beste erakunde batzuetara zabalduz.
Bestetik, ikasle batek bere bitartekoen bidez kanpoko erakunde batean praktikak egiteko onespena jasotzen badu, hiru aldeen arteko hitzarmen baten bidez formalizatu ahal izango dira, betiere harrera-erakundeak unibertsitateko araudia errespetatzen badu eta praktikak ezarritako epealdien barruan egiten badira.
Erakunde horien artean honako hauek daude:
- Arsenal Institut für Film und Videokunst
- Cine Cauce
- Cinemateca Portuguesa - Museu do Cinema
- Filmoteca Española
- Institut Jean Vigo
- Light Cone
- Radio Televisión Española
- Xcèntric (CCCB)
Ikaslearen Profila
Artxiboa Masterra honako hauei zuzenduta dago: zinema eta ikus-entzunezko profesionalak, historialariak, artxibozainak, zaharberritzaileak, zinema, arte ederrak, artearen historia eta ikus-entzunezko komunikazioko ikasleak; zinema eta ikus-entzunezko ondarearen kontserbazioan, zaharberritzean eta ikerketan interesa duten artistak eta ikertzaileak.
Programa akademikoa eratuta dago, bai goi mailako unibertsitate titulu bat (lizentzia edo gradua) duten edo hura lortzeko prozesuan dauden ikasleentzat, bai zinema eskolaren batean egresatu diren ikasleentzat. Salbuespen gisa, zentroak ebaluatuko ditu zinemaren arloko esperientzia edo beste merezimendu ebaluagarri batzuk egiaztatzen dituzten hautagaien kasu partikularrak.
EQZEko Artxiboko Masterreko ikasleek honako inguruneetan aritzeko gaitasuna lortuko dute:
- Ikus-entzunezko dokumentazio-zentroak
- Ikerkuntza-zentroak
- Ikus-entzunezko bildumak
- Museoetako zaharberritze-sailak
- Film-kontserbazio enpresak
- Filmategiak
- Laborategi profesionalak
- Ikus-entzunezko ekoizpen-etxeak
Elías Querejeta Zine Eskolako ibilbidea esperientzia eraldatzaile gisa artikulatzen da ikasleen ibilbide pertsonal zein profesionalean
Alejandra Larrea Galarza 2024-2025 promozioko Artxiboa alorreko ikaslea da. EQZEn garatu duen proiektua, "Un árbol para Mónica" izenekoa, Mónica Vásquez zinemagile ekuadortarraren filmografia babesteko eta zabaltzeko plan bat da.
Ester Borràs Sabaté, 2024-2025 promozioko Artxiboa alorreko ikaslea da. Bere proiektua, "Amores frustrados" (Francisco Roca, 1934) izenekoa, Reusen filmatutako 9,5 mm-ko film amateur baten kontserbazioan datza.
Amanda Soares, 2024-2025 promozioko Artxiboa alorreko ikaslea da. Bere proiektua Inês (1974) Delphine Seyrigen lehenengo bideo aktibistaren zaharberritzea da.
Artxiboa Zinematografikoan Masterra
Zuzendari akademikoa:
Carlos Muguiro
Koordinatzailea:
Clara Sánchez-Dehesa
Iraupena:
15 hilabete (iraila 2026-abendua 2027)
Karga akademikoa:
450 ordu + 100 orduko praktika profesionalak
ECTS kreditu kopurua:
60 kreditu
Ikasle kopurua:
15
Hizkuntza:
gaztelania eta ingelesa
Prezioa:
5.200 euro
Elías Querejeta Zine Eskola Film
Artxiboen Nazioarteko Federazioaren kolaboratzailea da