Berriak /
AZTARNAK zikloak sorkuntza kolektiboa aldarrikatzen du bere bigarren blokean
EQZEko Komisariotza arloko taldeak antolatutako film-zikloaren bigarren zatia maiatzaren 10ean hasiko da Sanrizuka: Heta Buraku-no Hitobito (Sanrizuka: Bigarren gotorlekuaren nekazariak) (Ogawa Productions, Japonia, 1971) filmarekin.

EQZEko Komisariotza taldeak antolatutako film-zikloaren bigarren zatia maiatzaren 10ean hasiko da “Etorkizun kolektibo bat konposatzeko notak” da Elías Querejeta Zine Eskolako Komisariotza Zinematografikoko ikasleek antolatutako AZTARNAK zikloaren bigarren film-multzoaren izenburua.
Otsailean abiatutako zikloaren bigarren zatiak letra larriz markatutako egiletzatik urruntzen diren lanetan jartzen du begirada, sorkuntza kolektiborako moduak esploratzeko. Zentzu horretan, “Etorkizun kolektibo bat konposatzeko notak” lau filmek osatzen dute, eta elkarrekin egindako aldarrikapenetik eta keinu eta begiraden gurutzaketatik sortzen dira. Beste etorkizun batzuk irudikatzen eta borrokatzen dituzten pertsonen batasunetik eta erresistentziatik sortzen den zinema.
Blokeak lau lan biltzen ditu, garai eta geografia ezberdinetako kolektiboek sinatuak. Sanrizuka: Heta Buraku-no Hitobito (Sanrizuka: Bigarren gotorlekuaren nekazariak) (Ogawa Productions, Japonia, 1971) filmarekin hasiko da, Naritako aireportua eraikitzearen aurkako nekazarien borroka dokumentatzen duena; Nightcleaners (Berwick Street Collective, Erresuma Batua, 1975) lanarekin jarraitzen du, Londresko gaueko garbitzaileen erretratua eta sindikalizazio saiakeraren ingurukoa; eta bi filmerekin amaitu: Kukuaren kanta (Lergako biztanleak, Euskal Herria, 2025), Nafarroako herri baten eta bere komunitatearen autorretratu filmikoa, eta The Last Angel of History (Black Audio Film Collective, Erresuma Batua, 1996), zientzia fikzioa, funk ziberkultura eta diaspora afrikarra lotzen dituen esplorazio afrofuturista.
Proiekzioetarako sarrera librea da lekuak bete arte. EQZEren zinema-aretoan izango dira, Tabakalera eraikinaren beheko solairuan, maiatzaren 10ean, ekainaren 7an eta uztailaren 5ean, igandeetan, 17:00etan. Saio bakoitzaren ondoren, zinemaren ondoko aretoa esperimentazio laborategi bihurtuko da non publikoak lan kolektibo baten sorkuntzan parte hartu ahal izango duen.
AZTARNAKek gure orainaldia zeharkatzen duten arrasto eta seinaleetatik abiatuta etorkizun posibleak imajinatzeko esplorazio-gune gisa proposatzen du zinea. EQZEko Komisariotzaren zortzigarren promozioko ikasleek sortu eta garatutako ekimena da, lan prozesu partekatu baten emaitza.
Programa
Maiatzak 10 / 17:00 (EQZE Zinema aretoa)
Sanrizuka: Heta Buraku-no Hitobito (Sanrizuka: Bigarren gotorlekuaren nekazariak) (Ogawa Productions, Japonia, 1971, JBEA)
Ekainak 7 / 17:00 (EQZE Zinema aretoa)
Nightcleaners (Berwick Street Collective, 1975, 90 min., Erresuma Batua, JBEA)
Uztailak 5 / 17:00 (EQZE Zinema aretoa)
Kukuaren kanta (Lergako bizilagunak, 2025, 30 min., Euskal Herria, JBEA)
The Last Angel of History (Black Audio Film Collective, 1996, 45 min., Erresuma Batua, JBEA)