
En el balcón vacío
En el balcón vacío 1962ko ekainean eman zen lehen aldiz Mexikoko IFAL (Instituto Francés de América Latina) Zinema Klubean Jomí García Ascot eta María Luisa Elío egileen lagun eta erbesteratu batzuentzat; hain zuzen ere, talde horretan zeuden José de la Colina, Álvaro Mutis eta Tomás Segovia. Bi hilabete eskas pasatu ondoren, Locarnoko Zinema Jaialdiko kritikaren Fipresci saria jaso zuen. Filma Espainiako erbesteratuek Mexikon sortutako zinema-lan bakarra da, Grupo Nuevo Cine deiturikoaren erakusgarri heterodoxoena, eta, aldi berean, atzera begiratuz gero, Espainiako zinema-modernitatearen erreferente espektral gisa agertzen da. Nolanahi ere, En el balcón vacío lana ez zen inoiz ohiko moduan banatu, eta haren existentzia, bai pantailetan bai liburuetan, misteriotsua izan da beti. Bideoan zabaldu zen laurogeiko hamarkadatik aurrera, eta, gero, behin-behineko digitalizazioen bitartez, baina haren hedapena berau eskuratzeko kalitate txarrak baldintzatu zuen. Berez, ez da film gorde bat (2020an, Santos Zunzuneguiren Zinemaren historiak zikloan jaso genuen), baina urte luzez filma emateko izan diren baldintza klandestino eta prekarioen biktima izan da.
Hemen aurkezten dugun proiektua gaur-gaurkoz egin daitekeen En el balcón vacío lanaren bertsio onena osatzeko borondatetik sortu da, eta 1962ko lehenengo ikus-entzule haiek izango zuten esperientzia berreskuratu nahi izan da. Horretarako, ikerketa- eta konparazio-lan zorrotza egin da bizirik dirauten eta, nagusiki, Mexikoko eta Frantziako artxiboetan gordeta dauden material guztien artean.
Ekimen hau Luis Alberto Juárezen master-amaierako lan gisa sortu zen, baina arlo akademikotik harago joan da, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren babesa, Filmoteca UNAMen lankidetza, eta, batez ere, Diego García Elíoren laguntzari esker. Bi urtez egin dira zaharberritze-lanak, eta aldi horretan, zinemagile eta ikertzaile gazteek Jomí García Ascoten eta María Luisa Elíoren obrari buruz duten interesa berpiztu da. Berraurkikuntza horren erakusgarri da webgune honetako testuetako batzuk Valerie Piresek Columbiako Unibertsitatean egindako ikerketa batekoak izatea.
Nuevo Cine taldea: Une batez iraun zuen mugimendua
Valerie Pires (2025)
1960ko hamarkadaren hasieran, Mexiko Hirian bizi ziren Espainiako eta Latinoamerikako artista hasiberrien kolektibo batek Nuevo Cine Taldea sortu zuen mexikar zinemagintzaren zurruntasunari aurre egiteko. Mexikoko zinemagintzaren industria pairatzen ari zen krisialdi kultural, ekonomiko eta instituzional sakonari erantzun bat emateko asmoz sortu zuten taldea. Estudioko produkzio estandarizatuekin, estatuaren zentsurarekin eta zinemagintzako sindikatu boteretsuen kontrol zorrotzarekin zapuztuta, taldeak zinemagintzaren barruko sormen-askatasunaren, berrikuntza estetikoaren eta erreforma instituzionalaren alde egin zuen. Mugimendu zinematografiko globalei eta, batez ere, Frantziako Nouvelle Vague edo Olatu Berriari jarraikiz, Nuevo Cine taldeak sozialki konprometituagoa eta artistikoki anbiziotsuagoa zen zinemagintza aldarrikatzen zuen.

Kultura-abangoardiako figura nabarmenetako bi izanik inspirazio-iturri, hau da, Luis Buñuel espainiar zinemagilea eta Octavio Paz mexikar poeta, taldea berehala hasi zen hazten, eta hasierako 12 kideetatik 60 partaide baino gehiago izatera iritsi zen, kritikari, poeta, margolari eta zinemagileak batuta. Elkarrekin, Mexikoko kultura zinematografikoa birmoldatu zuten eta zinema independente eta esperimentalaren oinarriak ezarri zituzten Latinoamerika osoan. Nuevo Cine taldearen oinarrizko printzipioak independentzia artistikoa, autore-zinemari tokia egitea eta zinemagintzako sistema komertzial eta sindikalizatuetatik aldentzea ziren, eta Mexikoko zinemagintza independentean txertatu ziren printzipio horiek 1961tik 1965era bitarte, aldi horretan esperimentazio formala, kritika politikoa eta Mexikoko hizkuntza zinematografikoaren berrinterpretazioa izanik bereizgarri. En el balcón vacío (J.G. Ascot, 1962) mugarri da zinema independente eta ez-sindikalizatuan, eta taldeak industriaren egitura tradizionaletatik kanpo jarduteko duen konpromisoaren adierazgarri da.
Jomí García Ascot eta María Luisa Elío
Nuevo Cine taldean, erregimen frankistatik ihesi Mexikora erbesteratu ziren hainbat espainiar biltzen ziren. Jomí García Ascot Nuevo Cine taldearen sortzaile garrantzitsuenetako bat izan zen. 1939an, 12 urteko García Ascot Mexikora iritsi zen, haur errefuxiatu gisa. Desplazamendua herentzia intelektualtzat onartu zuen, eta egiturazko zorroztasunaren, filosofiaren eta kultura-kritikaren arloetan jardun zuen. Poeta, saiakeragile eta zinemagile izaki, bere lanetan formarekiko eta kontzeptuekiko kezka sumatzen da; erbestea galera pertsonaltzat ez ezik, egoera politiko eta kulturaltzat ere hartzen saiatu zen, adierazpen-askatasunarekiko konpromisoa eskatzen duen egoeratzat. Nuevo Cine taldearen bitartez, autore-zinemaren eta zinema esperimentalaren defendatzaile sutsu bihurtu zen, baita Mexikoko zinema independente berriaren sustatzaile nagusi ere.


María Luisa Elío Iruñean jaio zen. Hamabi urte zituela, Elíok Gerra Zibiletik ihes egin zuen senideekin, eta 1939an heldu ziren Mexikora. Idazle bihurtutako aktorea Nuevo Cine taldeko kide formalki izan ez bazen ere, kolektiboarekin lotura estu-estua izan zuen, kideekin harreman handia zuenez. Ezagutu zutenek eta hari buruz idatzi zutenek diotenez, sentiberatasun eta ikuspegi artistiko handiko emakumea zen, oso atsegina eta karismaz betea, baina sarritan oinazeak, hauskortasunak eta ondoez psikologikoak markatutako barne-mundua ezkutatzen zen goxotasun eta karisma horren guztiaren azpian.


García Ascotek eta Elíok desplazamendu kulturaleko esperientziak bizi izan zituzten, eta bai batak, bai besteak Mexikoko zirkulu artistiko eta intelektual bizi-bizietan parte hartzen zutenez, haien arteko harremana sakondu egin zen. 1940ko hamarkadaren amaieran eta 1950eko hamarkadan, Mexikoko kultura-arloan aktiboki parte hartu zuten, artista eta intelektual enblematikoekin batera, hala nola Carlos Fuentes, Leonora Carrington, Salvador Elizondo, Emilio García Riera, José de la Colina, Gustavo Ramírez, Nancy Cárdenas, Alejandro Jodorowsky, Juan Rulfo eta Albert Isaac, besteak beste. Elíok arte eszenikoak lantzen zituen; García Ascot, berriz, literaturaren eta zinemaren zalea zen. Elíok bere barne-mundua kanalizatzen zuen eta, García Ascot, ordea, kanpora begira egoten zen: historia, estetika eta etika lantzen zituen. 1952an ezkondu ziren.

García Ascot eta Elíoren izenak aipatzean, ezinbestean etortzen zaigu gogora Gabriel García Márquez Kolonbiako Nobel sariduna, harreman estu-estua izan baitzuten 1960ko hamarkadaren hasieran, kolonbiarra Mexiko Hirian bizi izan zelarik. García Márquezen maisulana, Cien Años de Soledad (1967), bikoteari eskainia dago.

1950eko hamarkadaren amaieran, Kubako Iraultza gertatu eta handik gutxira, García Ascot eta Elío Kubara joan ziren. García Ascotek funtsezko egitekoa bete zuen Kubako Arte eta Industria Zinematografikoaren Institutuaren (ICAIC) sorreran. Habanan zeudela, Elío kontakizun laburrak idazten hasi zen. Bere oroitzapenak, koadernoetan jasota, En el balcón vacío film autobiografikoaren gidoi bihurtu ziren azkenean.
Ekoizpena eta garapena
Mexiko Hirira itzuli zirelarik, García Ascotek eta Elíok Nuevo Cine taldearen lehen produkzio zinematografikora eraman zituzten taldearen idealak: En el balcón vacío filme luzera, hain zuzen. García Ascoten zuzendaritzapean, Elíoren jatorrizko istorioa egokitu eta gidoi bihurtu zuten Elíok berak, García Ascotek eta Emilio García Riera espainiar erbesteratuak. Haien asmoa film luze bat egitea zen, gutxi gastatuta. Horretarako, 16 mm-ko Paillard-Bolex kamera bat erosi zuten, eta José María Torre publizitate-arloko argazkilariari eskatu zioten kameraz arduratzeko. Torrek pozarren hartu zuen enkargua. Horrela sortu zen, beraz, filmaren lantalde tekniko txikia: García Ascot zen zuzendaria, eta García Riera zuzendariaren laguntzailea; eta Torre, berriz, argazki-zuzendaria, José Redondo zuela laguntzaile. Adiskideengana jo behar izan zuten dirua biltzeko. Vicente Rojo margolari eta eskultore hispanomexikarrak koadro bat eman zien sari gisa zozkatzeko. Juan Soriano mexikar artistak ere beste horrenbeste egin zuen. Beste batzuek filmerako lehengaiak lortu zituzten. Igandeetan egiten zituzten filmaketak, lantalde teknikoko kideek eta aktoreek soldatapeko bestelako lanak baitzituzten astegunetan. Kutxetatik arropa zaharrak atera, eta Mexiko Hirian europar kutsua zuten kokalekuak bilatu zituzten, hala nola Condesa eraikina eta Roma auzoa. En el balcón vacío filmeko aktoreekin eta lantaldeko kideekin Nuevo Cine taldeko familia-argazkia osa zitekeen: lagunak eta senideak ziren denak. Guztira, 40 igandez aritu ziren filmaketa-lanetan.
Filmak aurrekontu biziki txikia izan zuen: 50,000 peso (4,000 dolar), hau da, 2025eko 43,000 dolar inguru, eta dohaintza pribatuen bitartez, batik bat, lortu zituzten. Diruaren muga hori zela-eta, García Ascotek neurriz eta modu estrategikoan erabili zuen zuzeneko soinua, soinu diegetikoa (pertsonaiek kamerara denbora errealean hitz egiten dutenean) oso eszena gutxitan sartuta. Sormenaz baliatuta, konponbidea aurkitu zuen: gehienetan, off-eko ahotsa erabili zuen narrazioa egiteko. Agenda estuak eta aurrekontu txikiak baldintzatutako filmaketa-lanen ostean, García Ascotek lan-kopia bat editatu zuen materiala errebelatuta jaso bezain laster. Filmaketa amaituta, soinua gehitu zion filmari, audioko hiru pistak grabatuta: soinu-efektuak, musika eta elkarrizketak. Filma editatu ondoren, bi kopia egin zituzten.

Erbestea, nortasuna, eta denborazko desplazamendua En el balcón vacío filmean
Valerie Pires (2025)
En el balcón vacío filma lehen eta hirugarren pertsonan kontatuta dago, off-eko ahots baten bitartez, orainaldian eta iraganean. Oinazez beteriko bizitza oso baten ikuspegi kezkagarria eskaintzen du, itxaropena urria izanik, sendabidea zalantzagarria eta bidea nekeza: Gabriela Elizondo protagonista haurtzaroan harrapatuta dago, konponbiderik eta taxuzko amaierarik gabeko garai urratuan.
Premisa da emakume batek gogoeta egiten duela bere haurtzaroko gertaera traumatikoen gainean, jakinik emakume hori errefuxiatu izan zela txikitan Espainiako Gerra Zibiletik ihes egina eta, orain, heldua delarik, Mexiko Hirian bizi dela. Filmean, Elíoren bidaia autobiografikoa irudikatzen da, Espainian bizi izandako haurtzarotik hasi eta Frantzian eta Mexikon egindako erbestealdian barrena. Gabriela umetan agertzen da lehenik (Nuri Pereña da aktorea), eta heldu gisa aurrerago (Elíok berak interpretatua). Filma identitate galduari buruzko istorio bat da, nazioz gaindiko nortasunari buruzkoa, eta Gabriela helduak haurtzaroko trauma prozesatzeko egiten dituen etsipenezko ahaleginei buruzkoa. Filmaren amaieran, Iruñeko gazteak pairatzen duen sufrimendu suntsitzailea gaindiezina da, eta bere sorterriak mehatxatu eta arbuiatutako neskatxa hispanomexikar emakume traumatizatu bihurtzen da.
Nahasmendua bat-batean agertzen da Gabriela gaztearen etxean, goiz lasai batean, egunerokotasunaren errutina familiaren etxe barruan gertatzen den bitartean. Etxe lasai, isil, erdi-ilun eta ez-gogoangarri horretan egun arrunt bat nolakoa den erretratatzean, kanpotik etxeko guztien aurka talka egitear dagoenaren kontraste bortitz eta ustekabekoa nabarmentzen du Garcia Ascotek. García Ascoten kamera etxe osoan barrena ibiltzen da, Gabrielak gogoratzen duen moduan, errealitateari ahalik eta gehien atxikita: astiro, pixkanaka eta zorrotz, xehetasunik galdu gabe. Pantailan agertzen diren oroitzapenen etengabeko esplorazioa da, iraganeko egoera mental existentzial bat, orainaldiko ikuspegitik begiratuta. Hasierako sekuentzian ez dago ia edizio-lanik, eta Gabrielak filmeko bizitza errealean denbora errealean ikusten duen eszena beldurgarria behatzeko aukera ematen dio ikusleari, nagusiki mozketarik gabeko hartualdi luzeetan berreskuratutako oroitzapenen bitartez. Gabriela gaztea kameran ikusten da, hartualdi luzeetan, eta egun horretan gertatutakoa kontatzen ari den Gabriela helduaren narrazioa entzuten da, atzetik duela Bachen sonata baten pianorako solo malenkoniatsu bat; esperientzia estetiko horrek amets-kutsua ematen dio sekuentzia osoari. Ikusleak hartualdi luzeen (hartualdi gehienek ez dute mozketarik) irudiak, narrazioa eta musika ikusten eta entzuten ditu, baina ez behatzaile huts gisa, baizik eta gertatutako errealitate baten aurreko eta ondoko egoeren lekuko gisa.
Narrazioari esker, García Ascotek "gogoratzen duen ahots" bat sortu ahal izan zuen, emakumezko ahots bat, ikusleari Gabrielaren istorioaren berri ematen diona, zuzendariak protagonistaren pentsamenduak entzuteko pribilegioa emango balio bezala. En el balcón vacío filmean, pertsonaien barne-denbora transmititzeko moduak beste film batean gertatutakoa dakar gogora; hain zuzen ere, Alain Resnais zuzendariaren Hiroshima Mon Amour (1959) filmaren gidoian Marguerite Durasek lortu zuena. Film horrek eman zion hasiera Frantziako Nouvelle Vague mugimenduari, egitura narratibo ez-linealekin eta elkarrizketa poetikoekin.
En el balcón vacío lanean, denboraren eta memoriaren arteko lotura aztertzen da, protagonistaren eldarniozko esperientzien bitartez. Filmean, Elíoren prosan bezalaxe, eldarnioa eta ilusioa dira memoria berreskuratzeko konexio-elementuak eta, aldi berean, Gabriela biak —neskatxa eta emakumea— bi errealitateren irudikapen dira: oraina eta iragana. Pertsonak eta lekuak agertu eta desagertu egiten dira behin eta berriro filmean. Bizi izandako aldi ugarien eta erbesteak egindako aldiarteko zubi-lanaren esperientzia bisualki adierazteko, narrazioaren espazioa eta denbora aldatzen dira En el balcón vacío filmean. Filmeko irudi, soinu eta testu zatikatuek eta narratibaren transposizio erradikalek –gordin eta gogor, Elíok bizitza errealean bizi izandakoen antzera– desplazamenduaren eta kaosaren sentipenak sorrarazten dituzte. Bobinetan inprimatuta, galeraren eta irrikaren gaineko gogoeta filosofiko sakon eta etengabea aurkituko dugu, narrazio historiko ez-lineal baten bitartez azalduta, eta erbestearen, urruntzearen eta nazioz gaindiko nortasuna eratzearen berrinterpretazio zinematografikoa transmititzen duena.
García Ascotek nostalgia erretratatzeko hainbat teknika erabiltzen ditu filmean, hala nola hartualdi luzeak, edizio eskasa, muntatze-jauziak, zinema-albistegien metrajea, soinu ez-diegetikoa (esate baterako, Tomás Bretón-en "La verbena de la Paloma" eta garai hartako herri-abesti tradizionalak), kontzientzia-jarioaren narratiba, eta espazio eta denbora zatikatuak. Filmeko elementu horiek espazio fisikoei (Espainian, Frantzian eta Mexikon) eta barne-esferei atxikitako memoria historikoa ekartzen dute gogora, fikziozko Gabrielak eta bizitza errealeko Elíok kontatutako gogoetetan oinarrituta. Zuzendariak narratiba zabalago baten zatiak aurkezten ditu, mikrohistoria makrohistoriaren barruan, erbestearen traumaren aurretik eta ondoren bildutako oroitzapenekin.
En el balcón vacío elkarlanean, García Ascoten sentsibilitate pertsonal eta artistikoa gauzatu da, baita Elíorena ere. Filma ez da osoki batarena, ez bestearena; giza esperientzia partekatu bat bizitzeko bi modu desberdinen uztarketa da. Elíoren hizkuntza zinematografikoa lirikoagoa eta existentzialistagoa zen, eta García Ascotena, berriz, egituratuagoa eta analitikoagoa. Elkarrekin, Mexikoko zinemaren eta literaturaren adierazpidea zabaldu zuten; izan ere, film sakonki pertsonala sortu baitzuten, aldi berean oihartzun unibertsala ere izanik.

En el balcón vacío Mexikon bizi ziren erbesteratu errepublikanoei buruzko filma da, eta Franco oraindik boterean zegoela gai horri buruz produzitutako film bakarra, hain zuzen. Espainiako erbesteak bere buruaren gaineko hausnarketa egiten du filmean. Batzuetan, dokumental-kutsua hartzen du, eta inpresio hori areagotu egiten da gerrari buruzko eta Pirinioetan zehar egindako ihesaldiari buruzko benetako irudiak txertatzen direlako. Irudi horiek Joris Ivens holandar zinemagilearen bitartekaritzari esker lortu zituzten; García Ascotek Kuban ezagutu zuen Joris Ivens.
Filma editatu ondoren, 1962. urtean, García Ascotek emanaldi berezi bat antolatu ahal izan zuen Mexiko Hiriko IFAL Zinema Klubean. Zinemazaleen zirkuluetan sekulako arrakasta izan zuen berehala. Urte berean, En el balcón vacío filma Locarnoko Zinema Jaialdian proiektatu zen, eta Kritikarien Nazioarteko Elkarteak FIPRESCI saria eman zion. 1963an, Sestri Levanteko (Italia) Latinoamerikar Zinemaren Erakusketan Urrezko Janus saria ere jaso zuen filmak.


Nazioartean errekonozimendua jaso arren, Mexikoko estudioetako zuzendaritzak ez zuen García Ascoten estreinaldia babestu eta, beraz, filmak ez zuen banaketa komertzialik izan. Horren ondorioz, En el balcón vacío Mexikoko zinema-areto komertzialetatik kanpo geratu zen.
Zinema independentearen kritikak eta abangoardiako zinemaren munduak berehala esan zuten En el balcón vacío 1960ko hamarkadako film esperimental esanguratsuenetako bat zela, baina jendea, oro har, askoz geroago jabetu da horretaz. Hamarkadaz hamarkada, filma ilunpean egon da, ezkutuan, ezezagun. Azken urteotan, aztertu, proiektatu eta omendu ere egin dute, Espainian, Frantzian eta Mexikon. García Ascoten eta Elíoren garrantzi historikoa ez ezik, bi-bien kultura-ondarea ere gero eta onartuagoak eta ezagunagoak dira eta, orain, En el balcón vacío adibidetzat hartzen da; izan ere, zinemak erbestealdian sortzen den urruntze-sentimendu sakona berrinterpretatzeko eta irudikatzeko duen gaitasun paregabearen adibide bikaina baita.
Filma zirkuitu independenteetan mantendu zen 1976ko maiatzaren 31n Cineteca Nacionaleko Jorge Stahl aretoan estreinatu zen arte. Egin zen banaketa laburrak ere ez zuen aukerarik eman espainiar publikoak filma ezagutzeko. Publiko horren zati handi batentzat ezezaguna izan zen XX. mendearen erdialdera arte. Orduan, Charo Alonso García ikerlariak VHSko hainbat kopia eraman zituen, eta berehala zabaldu ziren bere kontaktuen artean, askori María Luisa Elíoren bizitza eta obraren berri emanez bereziki, eta kultuzko lan txiki bihurtu zen, bideo formatuan soilik mugitzen zena, film kopiarik ez zegoelako.
2023an, EQZEren Artxibo Masterraren esparruan, Luis Alberto Juárez Pineda ikasleak En el balcón vacío filmaren zaharberritze digitala egitea proposatu zuen, Inés Toharia artxibozain eta zinemagilearen tutoretzapean. Filma Filmoteca UNAMek zaharberritu zuen 2009an, Francisco Gaytan eta Roman Gubernen zuzendaritzapean. Garai hartan, 35 mm-ko kopia berria lortu zen, gerora kalitate estandarreko kopia digital batean zirkulatu zuena, DVDan banatuta eta ondoren YouTubera igota. Juárez Pinedak proposatutako zaharberritze berriak 2009an hasitako lan horrekin jarraitu nahi zuen, eta filmaren bertsio digital berria sortu, jatorrizko materialaren ezaugarriak kontserbatzeko.

Materialei buruzko ikerketa
Zaharberritze berri horri ekiteko, lehen urratsa izan zen eskura zeuden film-elementu onenak aurkitzea. Filmoteca UNAMen aztertu ziren bertan kontserbatutako elementuak, besteak beste, 2009ko zaharberritzearen ondoriozko materialak (35 mm-ko kopia negatibo konbinatu bat, zaharberritzearen ondoriozko 35 mm-ko positiboa, eta 35 mm-ko beste kopia bat, prozesu berean baztertu zena) eta aurretiazko beste elementu batzuk, hala nola 16 mm-ko kopia negatibo konbinatu bat, aurreko sorkuntza batekoa. Materialak bilatzeko prozesuaren ondorioz, beste elementu batzuk ere ikuskatu ziren, Mexikoko Cineteca Nacional, Filmoteca Española, Cinematheque Suisse eta Centre National du Cinéma et de l 'Image Animée-ko (CNC) artxiboetan zeudenak, non sorkuntza berantiarren kopia azpititulatuak eta bikoiztuak aurkitu baitziren. Haien guztien azterketa konparatiboa egin ondoren, Filmoteca UNAMen 16 mm-ko kopia negatibo konbinatua hautatu zen zegoen materialik onena bezala, eta hartatik aurrera egin zen zaharberritze berria.
Guztien analisi konparatiboa egin ondoren, Filmoteca UNAMeko 16 mm-ko negatiboaren kopia konbinatua aukeratu zen zegoen material hoberentzat, material hori izan zedin zaharberritze berriaren oinarria. Negatiboaren kopia hori filma ekoizteko garaian egindako kopia batetik dator; hain zuzen ere, Emilio García Rierak, filmaren zinema-historialari, gidoilarikide eta zuzendari-laguntzaileak, kopia horri “kopia ia ona [1]” deitu zion. Negatiboak galduta izanik, kopia hori erakutsi zen garaiko zinema-klubetan, eta munduari buelta eman zion; frantsesera bikoiztutako bertsioa sortzeko ere erabili zen. Zorionez, handik lortu zen negatiboaren kopia ondo kontserbatu da eta gaur-gaurkoz material onena da.
Orduan, Filmoteca UNAMen lankidetza ezarri zen hautatutako elementu hori eskuratu, ikuskatu eta digitalizatzeko, eta, aldi berean, beharrezko hitzarmen eta baimenak egin ziren García Elío familiarekin (María Luisa eta Jomíren seme Diego García Elioren bitartez), proiektuari bide emateko.
[1] "Filmazioa amaitu ondoren, filmari soinua jarri zitzaion; hiru banda grabatu ziren (zaratak, musika eta elkarrizketak) eta orain gogoratzen ez naizen izenez deitzen den prozesu batekin batu ziren. Eta, azkenean, jatorrizko negatiboa lortu zen. Negatibo horretatik bi kopia atera ziren laborategi batean: lehenengoa, txarra, eta bigarrena, erdipurdikoa, ia ona. Azken hori baliatuz erakusketa berezia egin zen IFALeko Moliere aretoan, eta, ondoren, Jomí eta María Luisa Europara joan ziren, filma Locarnoko zinema-jaialdian aurkeztera". García Riera, Emilio. “El Cine. En el balcón vacío I. La filmación”, Revista de la Universidad de México, 1962ko ekaina.
Digitalizazioa eta zaharberritze digitala
16 mm-ko kopia negatibo konbinatua 2024ko urrian eskaneatu zen Filmoteca UNAMen, 2K bereizmenarekin, 10 biteko kolore-sakonerarekin eta .WAV 32 bit eta 96 kHz soinu fitxategiekin.
Mexikon eskaneatutako materialak Elías Querejeta Zine Eskolako laborategi digitalean zaharberritu ziren, Luis Juárez Pinedak koordinatuta eta zeregin horretan parte hartu zuen ikasle talde batekin batera. Materialak kritikoki behatu ondoren, zaharberritze digitaleko prozesua koadroz koadro egin zen, materialetan inprimatutako arazoak (hausturak, marrak, orbanak, hautsa) eta aurreko bikoizketen ezegonkortasunak sortutako arazoak konpontzeko. Alderdi batzuetan ez zen esku hartu, hala nola ekoizpen independentean egindako muntaketa motari dagozkion hartune aldaketa bakoitzean sartutako junturetan.
Era berean, analisi kritikoari esker, Joris Ivensek zinemagile taldeari dohaintzan eman ondoren filmean sartu ziren Espainiako Gerra Zibileko artxiboko materialak identifikatu ahal izan ziren. Berrerabilitako irudi horiek bestelako irudi tratamendu bat behar izan zuten; izan ere, beheko ikusmen kalitatea irudien jatorrizko izaeraren parte da, jatorrizko ekoizpenean landu ziren bezala. Irudiok Tierra de España dokumentalekoak dira. Lan hori Ivensek egin zuen 1937an, eta Orson Wellesek kontatu eta Ernest Hemingway, John Dos Pasos, Lillian Helman eta Prudencio de Peredarekin batera idatzi zen. Ivensek eta García Ascotek Kuban ezagutu zuten elkar, eta Herbehereetako zuzendariak 1937ko filmaren plano batzuk laga zituen García Ascoten lanean sartzeko. Zaharberritze digitalean, berrerabilitako irudiok identifikatzeko, irudiak desberdin tratatzea proposatu zen; izan ere, irudiek, berez, maila baxuagoko kalitate bisuala dute.
Hona hemen EQZEn egindako zaharberritze-lanaren adibide batzuk.
- Jatorrizko izenburua: En el balcón vacío
- Ekoizpen urtea: 1961-1962
- Estreinatu zen urtea: 1962
- Iraupena: 70 min.
- Nazionalitatea: Mexiko
- Zuzendaria: Jomí García Ascot
- Ekoizpena: Ascot / Torre (NC)
- Aktoreak: Nuri Pereña, María Luisa Elio, Conchita Genovés, Belina García
- Jatorrizko gidoia eta elkarrizketak: María Luisa Elio
- Egokitzea: María Luisa Elio, Jomí García Ascot, Emilio García Riera
- Argazkiak: José Torre
- Zuzendari laguntzailea: Emilio García Riera
- Kamera laguntzailea: Ramón Redondo
- Argitaratzailea: Jorge Espejel
- Soinua: Rivatón de América
- Operadorea: José Quintero
- Unitate teknikoa: Servicios Fotográficos Torre
- Tituluen diseinua: Vicente Rojo
Elías Querejeta Zine Eskolan 2Kn zaharberritutako bertsioa (2025), Filmoteca UNAM eta TV UNAMekin lankidetzan, Elías Querejeta Zine Eskolak, Nafarroako Gobernuak eta Luis Alberto Juárez Pinedak finantzatuta.
Zaharberritze digitala Elías Querejeta Zine Eskolan egin zen eta eskaneatze lana, berriz, Filmoteca UNAMen. Horretarako, irudi eta soinu optikoaren kopia negatiboak erabili ziren, 16 mm-koak. Material horiek zuri-beltzeko bi biribilki pare dira, guztira 600 metroko luzerakoak, eta Filmoteca UNAMek zaintzen ditu.
Bertsio zaharberrituaren iraupena: 00:56:37:13
- Ekoizpen exekutiboa: Arrate Velasco Delgado, Carlos Muguiro Altuna
- Ikerketa: Luis Alberto Juárez Pineda, Inés Toharia
- Irudiaren zaharberritze digitala: Luis Alberto Juárez Pineda
- Irudi garbiketa digitalerako laguntza: Jorge Jaramillo, Andrés Martínez de la Viña, Pablo Retuerta, Amanda Soares
- Kolore zuzenketa: Edgar Flores Ogarrio, CSI, CAM (Anónima Post)
- Kolore zuzenketarako laguntza: Adriana L. García Zamudio (Anónima Post)
- Soinuaren zaharberritzea: Xabier Erkizia (audio-lab)
- Datuen kudeaketa: Luis Alberto Juárez Pineda, Mayra Mendoza Villa (Anónima Post)
- Aholkularitza teknikoa: María Fuentes, Carolina Cappa, Clara Sánchez-Dehesa
- Sail teknikoa: Asier Armental Lemos, Cristina Neira i Aparicio
- Azpitituluak: Studio Seven, Subtitula'm
Estrenaldia: Il Cinema Ritrovato


