Berriak /

EQZEko ikasleek zinema-programa publiko bat antolatu dute Tabakaleran

Apirilaren 19tik 22ra, film-ziklo bat, dantza-performance bat eta ikus-entzunezko instalazio bat eskainiko dira programaren barruan.

2023/04/05

Identitate garaikideak arakatzeko proposamena dakar “exÓrbita. Zinema, gorputzak eta espazio liminalak” programak

EQZEko ikasleek zinema-programa publiko bat antolatu dute Tabakaleran

Elías Querejeta Zine Eskolako Komisariotza espezialitateko ikasle-taldeak “exÓrbita. Zinema, gorputzak eta espazio liminalak” zinema-programa publikoa antolatu du Tabakaleran, eta apirilaren 19tik 22ra eskainiko da. Aurten, zentroko ikasleek antolatu izan dituzten zikloak ("Eskolatik" 2018-2019 eta 2020-2021 ikasturteetan, eta "Kamera armatu" joan den ikasturtean) erakusteko era aldatu da, orain arte hilean behin egin batira ikasturte osoan zehar. Tabakalerarekin batera antolatu dute zikloa, Gonzalo de Pedrok irakasten duen “Una semana” ikasgaiaren emaitza gisa: film labur eta film luzeen saioen bidez gauzatuko da pantailan, eta ikus-entzunezko instalazio bat eta dantza-performance bat ere izango dira.

exÓrbita programak identitate garaikideen iragankortasuna eta izaera fluidoa arakatzen ditu, eta gorputzen mugimendua, dantza, erritualtasuna eta bestelako alderdi batzuk aztertzen ditu espazio zinematografikoaren barruan. Testuinguru horretan, Tabakalerako zinema-aretoan ikusgai izango den zikloan obra garrantzitsuak izango dira; besteak beste, hauek: Goodbye, Dragon Inn (Tsai Ming-lian, 2001), zeinak hasiera emango baitio programari; Fiestas (Mary Jiménez, 1988), filmaren zuzendariaren parte-hartzearekin; Obscuro barroco (2017) Evangelia Kraniotirena; Supernatural (2022) Jorge Jácomerena; eta, itxiera-saioan, Liminals (2017) film laburra, Jeremy Shawrena. Film hauek osatuko dute programa: Ghost (Takashi Itô, 1984), Les Maîtres fous (Jean Rouch, 1955), Aribada (Natalia Escobar, Simon(e) Jaikiriuma Paetau, 2022), Fantasma, animal (Clemente Castor, 2020) eta Machine Porn from the Dark Ages: The Light Show (2022) Whitney Contirena (EQZEko ikaslea).

Tabakalerako Z aretoan egingo den jardueran, dantza izango da protagonista. Saioaren hasieran, dantzari eta jaiari lotutako identitate digitalen konfigurazioari buruzko film labur batzuk emango dira. Ondoren, tokiko qbonitocolectivo dantza-konpainiak ideia hori pantailatik espazio fisikora eramango du, programa honetarako bereziki sortutako pieza bat interpretatuta. Bestalde, Los Ingrávidos mexikar kolektiboaren Tierra en trance (2022) ikus-entzunezko instalazioa erakutsiko da eraikineko 2. nabean. Estreinatzen denetik, egunero izango da filma ikusteko aukera, harik eta programa bukatzen den arte. Bi jarduera horietarako sarrera librea izango da.

Elkarrizketak dituzten filmak jatorrizko bertsioan emango dira, azpitituluekin. Sarrerak webgunean eta Tabakalerako informazio-puntuan eros daitezke. 4 euro da prezioa (deskonturik gabe).

PROGRAMAZIOA IKUSI