Berriak /
EQZEko ikasleak komisario dituzten bi film ziklo Courtisane jaialdian
Juliana Arana Toscanok eta Ana Júlia Silvinok egin dituzte komisario lanak memoriaren aztarnak aztertzen dituzten eta emakumezko artistek konposatutako musika berrinterpretatzea proposatzen duten bi programatan. Jarduera hori Belgikako jaialdiak eskolari egindako gonbidapenaren emaitza izan da.

Courtisane Festival jaialdiak Elías Querejeta Zine Eskolako 2023-2024 promozioko Komisariotzako ikasleek antolatutako bi film programa aurkeztuko ditu. Belgikako jaialdiaren eta eskolaren arteko erakunde arteko lankidetza horri iaz ekin zitzaion, eta Courtisane jaialdiak berak egindako proposamen bati esker sortu zen; izan ere, beste ekimen batzuen artean, bere zinema diskurtsoan begirada berriak sartzen lan egiten du.
Juliana Arana Toscano da “Domestic _graphies” (Etxeko grafiak) programaren komisarioa. Programa bi zatitan egituratuta dago, eta etxeko keinuen memoriaren pisuan sakontzen du. Film sorta horretan, zinemagile hauen lanak aurki ditzakegu: Chick Strand, Laura Huertas Millán, Naomi Uman eta Alba Bresolí. “Interwoven Scores: A Symphony of Correspondence” (Partitura gurutzatuak: elkarrekikotasun sinfonia bat) programak, Ana Júlia Silvino komisario duenak, diziplina arteko hurbilketa proposatzen du emakumezko konpositoreen (besteak beste, Beatriz Ferreyra eta Éliane Radigue) musika obrara, bai eta Lis Rhodes zinemagilearen lanera ere. Programa horretako filmek musika piezen eta partituren interpretazio berria proposatzen dute, entitate bizidun eta aldakor gisa.
Courtisane Festival jaialdiaren 24. edizioa Ganten (Belgika) egingo da apirilaren 2tik 6ra bitartean.