Berriak /
Aztarnak zikloa ihes puntu bat irekiz agurtuko da
Datorren urriaren 25ean abiatuko da AZTARNAK zikloaren azken atala, the bewilderment of chile (Lucía Seles, 2025) filmarekin.

Azken zati honek zerumuga irudikatzea du helburu: espazioekin eta denborekin amets egitea eta gure paisaiak bizitzeko modu desberdinak irudikatzea. Ikasturtean zehar, fabulatu egin da, eta beste mundu batzuk sortu dira; orain, gureak amesten eta eraldatzen dituen formak begiratzen ikastea da helburua.
Bloke hau, La Platako paisaiak arakatzen dituen the bewilderment of chile (Lucia Seles, 2025, Argentina) lanarekin irekiko da. Last Things-ekin (Deborah Stratman, 2023, Frantzia) jarraituko du, non harriak artxibo bihurtzen diren giza eboluzioa eta iraungipena arroken ikuspuntutik irudikatzeko. Eta azkenik, Trás-os-Montes (António Reis eta Margarida Cordeiro, 1976, Portugal) lanarekin itxiko da, herri-kondairetatik eta paisaiaren beraren ikuspegitik habiatuta, Portugal landatar eta ahaztuaren fabulazio bat.
Proiekzioak Tabakalerako beheko solairuan izango dira, EQZEko zinema-aretoan, doan. Sarrera librea izango da aretoa bete arte. Urriaren 25ean, azaroaren 29an eta abenduaren 13an 18:00etan izango dira, hirurak igandeak.
AZTARNAK, gure oraina zeharkatzen duten arrasto eta seinaleetatik abiatuta, zinema proposatzen du esplorazio-gune gisa, etorkizun posibleak irudikatzeko. EQZEko komisariotzaren zortzigarren promozioko ikasleek osoki garatu eta sortutako ekimena da, partekatutako lan-prozesu baten emaitza.
Programa
Urria 25 / 18:00 (EQZE Zinema)
the bewilderment of chile (Lucía Seles, 2025, 119 min, Argentina, JBEA)
29 azaroa / 18:00 (EQZE Zinema)
Last Things (Deborah Stratman, 2023, 50 min, Frantzia, JBEA)
13 abendua / 18:00 (EQZE Zinema)
Trás-os-Montes (António Reis y Margarida Cordeiro, 1976, 111 min, Portugal, JBEA)