Berriak /
Ibermedia programak 40.000 dolar eman dizkio EQZEri Latinoamerikako ikasleentzat bekak sor ditzan
Zentroak hamabi bekaren bitartez banatuko du dirulaguntza, beka bakoitza 3.333 dolarrekoa izanik; programan parte hartzen duten 23 herrialdeetatik datozen hautagaiek izango dute laguntza eskuratzeko aukera. Eskaera eskolan izen-emateko epearen barruan egingo da.
Hamabi ikaslek lortuko dute laguntza 2023-2024 ikasturtean matrikularen kostea ordaintzeko. Ebaluazio batzordeko kideen ustez, EQZEren proiektu pedagogikoa sendoa eta berritzailea da, eta lankide dituen erakundeekin duen sinergia baloratzen du
Ibermedia Laguntzako Iberoamerikako Funtsak Elías Querejeta Zine Eskolaren proposamena hautatu du, berriro ere, Prestakuntza Programei Laguntzeko modalitatearen barruan (2022ko deialdia). Modalitate horretan sar daitezke Latinoamerika eta Italia osoko zinema edo telebista eskolak, unibertsitateak, lanbide heziketako zentro espezializatuak, eta ikus-entzunezkoen industriako elkarte profesionalak eta sozietate pribatuak.
Laguntza modalitate hori ebaluatzen duen organoak, besteak beste, “teoria eta praktika oso modu orekatuan uztartzen dituen” proiektu baten “prestakuntzako sistema sendo eta berritzailea” baloratu du. Epaimahaikideen ustez, “garrantzitsua da hasten ari diren zinemagileei laguntzea”, baita proiektuak proposatzen duen helburua ere, hau da, “errealitate zinematografiko berriak sortzea”; izan ere, erronka hori “estimulatzailea” iruditzen zaie, eta Euskadiko Filmategia, Tabakalera eta Donostia Zinemaldiarekin, besteak beste, duen sinergia nabarmendu dute. Prestakuntzaren egitura, programaren edukiak, irakasleak eta erakundearen esperientzia ere baloratu dituzte, eta ebaluazio sistemak ahalbidetzen duen puntuaziorik handiena lortu dute.
Hilaren hasieran argitaratutako ebazpena berretsi ondoren, funtsak 40.000 dolar emango dizkio EQZEri, matrikularen zenbatekoa ordaintzeko bekak eta laguntzak sor ditzan. Eskolak hamabi bekaren bitartez banatuko du dirulaguntza, beka bakoitza 3.333 dolarrekoa izanik; programan parte hartzen duten 23 herrialdeetatik datozen hautagaiek izango dute laguntza eskuratzeko aukera. Hona hemen herrialdeak: Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuador, El Salvador, Espainia, Guatemala, Honduras, Italia (herrialde gonbidatua), Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguay, Peru, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela.
Eskaera eskolan izen-emateko epearen barruan (otsailaren 1an hasiko da onarpen epea) egingo da, eskaera orria betez. Hautagaiek gutun bat erantsi beharko dute, eskaera egokia dela argudiatuz, beren hautagaitza babesteko behar duten informazio guztiarekin. Beka eskolako plazaren onarpenari lotuta dago eta batera komunikatuko dira.
Estatuko bi zentrok lortu dute funtsaren babesa kategoria horretan: Elías Querejeta Zine Eskolak eta Madrilgo Erkidegoko Zinematografia eta Ikus-entzunezko Eskolak (ECAM). Kategoria horretan, hasierako 30 proposamenetatik bederatzi herrialdetako beste 18 prestakuntza proiektu ere hautatu dira. Programa espezifiko horren helburua Iberoamerikako eta Italiako ikus-entzunezko industriako profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatzea da.
Laster jakinaraziko da Boliviako eta Mexikoko zein proiektu izan diren hautatuak, eta proiektu horiek kontuan hartu gabe, 104 proiektuk jasoko dituzte Ibermediako funtsak, estimuluen programarekin batera doan laguntzen 2022ko deialdiaren ondorioz, lau kategorietan (koprodukzioa, garapena, serieen garapena eta prestakuntza). Iberoamerikako zinematografiarako eta ikus-entzunezkoetarako laguntzen Ibermedia programa 1998an hasi zen. Harrezkero, 30 deialdi baino gehiago egin dira eta, horien bitartez, 1.049 koprodukzio proiektu eta garatzen ari diren ikus-entzunezko 1.130 proiektu izan dira onuradun, eta 23 herrialdetan prestakuntzarako 2.950 beka baino gehiago eman dira. Guztira, 118 milioi dolarreko inbertsioa egin da, 3.300 proiektu inguru laguntzeko.