Berriak /
"Habitar la imagen", Libanoko, Palestinako eta Egiptoko gatazkei begirada intimoa, San Telmo Museoko liburutegian
Palmira Sabaté EQZEko ikasleak komisariatutako Habitar la imagen instalazioa abenduaren 18ra arte bisitatu ahal izango da. Azaroaren 28an, larunbata, Liban/Guerre eta A Drone Story filmak proiektatuko dira, eta ondoren solasaldia izango da Margaux Chalançon artxibozainarekin.

Palmira Sabaték komisariatu du Habitar la imagen. Diarios de resistencia instalazioa, San Telmo Museoarekin elkarlanean. Museoko argazki-liburuen bildumari lotuta dago, eta liburutegian egongo da ikusgai abenduaren 18ra arte. Proposamena Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Komisariotza Zinematografikoan Masterraren barruan sortu da, eta hainbat formatutan zabaltzen da: instalazioa bera, proiekzioa solasaldiarekin eta bisita gidatua museoan, bai eta jendaurreko aurkezpena ere EQZEn, abenduaren 9an, master amaierako lanen aurkezpen-jardunaldietan.
Instalazioak Libanon, Palestinan eta Egipton erresistentzia politikoko testuinguruetan sortutako zenbait argazki-liburu biltzen ditu. Argazki- eta film-egunkarien bitartez, erresistentzia-eremu gisa ulertutako intimitatetik begiratzen diete lanek gatazkei, nagusi diren kontakizun mediatikoetatik kanpo.
Argazki-liburuen artean daude Laura El-Tantawyren In the Shadow of the Pyramids (2015), Egiptoko iraultzari buruzkoa; Hebrongo Tel Rumeida auzoko emakumeek Barbara Debeuckelaererekin egindako ’Om (Mother); Jocelyne Saaben Zones de guerre, eta Jehad Jarbouk eta Moayed Abu Ammounak Gazatik egindako Sobre sus corazones, caminaron. Laura Menassaren What Unfolds Between Us ikus-entzunezko lanak osatzen du instalazioa.
Jarduerak
Azaroaren 28an, larunbata, 11:30ean, bi film proiektatuko dira San Telmoko ekitaldi-aretoan: Liban/Guerre (Rania Stephan, 2006), uda hartako gerran eta ondoren Libanoko eguneroko bizitza nolakoa zen jasotzen duena, eta A Drone Story (Laura Menassa, 2025), gerraren etengabeko mehatxua bizimoduan nola txertatzen den erakusten duena. Saioaren ondoren, Palmira Sabaté eta Margaux Chalançon solasean arituko dira. Chalançon ikus-entzunezko artxibozaina da, eta, besteak beste, Jocelyne Saab, Mai Masri eta Kais al-Zubaidi zinemagile arabiarren filmak zaharberritu ditu.
Bestalde, Sabaték abenduaren 9an, asteazkena, 17:00etan aurkeztuko du proiektua EQZE Zineman, “Hipotesien garaia” programaren lehen jardunaldian. Azkenik, abenduaren 12an, larunbata, 11:30ean, instalazioaren bisita gidatua egingo du.