Programa publikoak /

Zinemaldiak XXIV edizio izan ditu: ez dugu gogoko

2020/09/09 2020/12/08
Erakusketa

Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Artium Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoak Zinemaldiak 24 edizio izan ditu: ez dugu gogoko erakusketa aurkeztuko dute irailaren 9an. Abenduaren 8ra arte irekita egongo den erakusketa Donostia Zinemaldiaren 1977ko edizioan ardaztuko da, alegia, zinema-jaialdiaren kudeaketa Donostiako hiriari eskualdatu ondoren egin zen lehendabizikoan.

1977ko irailaren 10ean, Donostiako 25. Zinemaldiko ikusleek beren aldizkari ofizialaren 1. zenbakia zabaldu zutenean, ez zuten aurkitu, ez zilarrezko ezteien ospakizunik, ez halakoetan usu erabiltzen diren protokolo-formula horietarik ere, ohi ez bezalako baieztapen bat baizik, euskaraz idatzia ere behingoz: “Zinemaldiak XXIV edizio izan ditu: ez dugu gogoko”. Gauzak errotik aldatzeko promesa eta bere historiaren aurkako pultsu bat izan zen hura. Lehen aldiz, Zinemaldiak Madriletik kudeatuta egoteari utzi zion, eta tokiko artista-taldeen, zinekluben eta auzo-elkarteen ordezkariak biltzen zituen batzorde baten esku geratu zen.

Donostia 77 frankismoak lapurtutako denbora lehenbailehen berreskuratzeko saiakera bat izan zen: programazioak diktaduraren biktimak eta erbesteratutako eta zentsuratutako zinemagileak omendu zituen, auzo eta herrietara zabaldu zituen proiekzioak eta solasaldiak, esplizituki babestu zituen euskal herritarren aldarrikapenak. Laburbilduz, beste zinemaldi bat, demokratikoa eta herrikoia, irudikatzeko eta eraikitzeko plataforma gisa aldarrikatu zuen bere burua.

Erakusketa honetan, 1977ko edizio erabakigarri hura aztertzen da, Zinemaldia 70: istorio posible guztiak proiektuko lantaldeak 2018-2019 ikasturtean aurrera eramandako ikerketa kolektiboa oinarri hartuta. Donostiako Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zinema Eskolak batera antolatuta eta Loterías y Apuestas del Estado elkarteak babestuta, proiektu honen helburua zinemaldiaren artxibo historikoa berreskuratzea, aztertzea eta haren balioa nabarmentzea da. Artxibo horrek 1953an sortu zenetik gaur egun arte bildutako funtsak gordetzen ditu. Proiektuak artxibo publiko bizi bat sortu nahi du, sorkuntza eta pentsamendu garaikidearekin elkarrizketa kritikoa izateko prest egongo dena.

Ekimena Artium Museoaren Bildumaren Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal herrian 1977-2002 aldian erakusketarekin lotuta dago eta Zinemaldiak eta EQZEk bultzatzen duten Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren parte da.