Proyectos de investigación /
Materialarekin lan egitea
Artistaren artxiboak euskal testuinguruan
Ikerkuntza proiektu honek aztergai ditu lanean jarraitzen duten euskal artistek sortutako ikus-entzunezko artxiboak. Bi dira premisak: alde batetik, ikerkuntza ulertzea aztergaia berraktibatzeko gai den praktika irudimentsu gisa; bestetik, aktibo jarraitzen duten artisten artxibo ororen izaera ulertzea: ezegonkorra, konplexua, berezia eta prozesu baten baitan dagoena.
Bi premisa horietatik abiatuta, Materialarekin lan egitea-k proposatzen du ikus-entzunezko artxibo jakin batzuetako materialak aztertzea, inbentariatzea eta digitalizatzea, kasu batzuetan edizio lanean baztertuak izan ziren materialak. Material horiek berraztertzea eta birpentsatzea, sortu ziren une eta egoera ez bezalako une eta egoera batean. Material horien bizitasuna esploratzea, sortu zituen egilearekin elkarrizketan.
Proiektuaren lehenengo azterketa kasua izango da Itziar Okariz artistaren artxibo pertsonala, bere ibilbidean eginiko argazkiz eta hainbat formatutako bideoz osatua. Egitasmoak jarraipena eman nahi dio 2019an Bulegoa z/b kolektiboak artistarekin hasi zuen elkarrizketari, eta 2020-2021 ikasturtean EQZEko Artxiboko ikasle talde batek abian jarritako haren bildumaren analisiari.
Itziar Okarizen artxiboaren azterketa, inbentariatu eta digitalizaziotik abiatuta, Materialarekin lan egitea-k artistarekin elkarrizketa bat proposatzen du, hiru hamarkadatan zehar garatutako praktika batean murgiltzeko. Ekonomiaren printzipioa ezaugarri duen praktika, behin eta berriz gai eta erreferentzien katalogo mugatu batera itzultzean datzana.
Informazio gehigarri
Itziar Okariz: Materialarekin lan egitea ikerketa-taldea
Ikerketa-talde batekiko topaketetan, Itziar Okarizek bere artxiboko materialak irekitzea eta zabaltzea proposatuko du, horietako asko euskarri zaharkituetan. Material batzuk baztertuta geratu ziren formalizazio-prozesu orok duen edizio-lanean, eta ez ziren jendaurrean aurkeztera iritsi. Ikerketa-taldeak material horiek (eskulturak, argazkiak, bideoak, audioak, marrazkiak...) berriro behatzea eta haietaz pentsatzea proposatzen du, jatorrian gertatu ziren une eta egoera desberdinetatik.
Taldea Bulegoak Bilboko Solokoetxe auzoan duen egoitzan bildu zen 2022ko maiatza eta azaroa bitartean.
Materialarekin lan egitea 1 (2022ko maiatzaren 25a)
Materialarekin lan egitea 2 (2022ko ekainaren 10a)
Fitxa teknikoa
Ikertzaile nagusiak:
Bulegoa z/b (Miren Jaio, Leire Bergara, Beatriz Cavia)
Ikasleak C04:
Anaís Córdova-Páez, Camila Reyes, Laura Ibañez
Ikasleak C03:
Lucas Larriera, Macarena Fernández Puig, Mayra Morán, Ramón de Fontecha
Erakunde parte-hartzaileak:
Bulegoa z/b
Kronologia:
Urria 2021 - Abendua 2022
KSIguneren laguntzarekin (Eusko Jaurlaritza): "Itziar Okarizen ikus-entzunezko artxiboa katalogatzea, kontserbatzea eta hedatzea" proiektua (2021-2022)