Publikazioak /
Imagen sobre imagen. Mis historias de cine I
Irakurleak esku artean duen liburuak ahozko irakaskuntza baten idatzizko bertsioa jasotzen du. Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolan eman zen 2018-19 ikasturtean. Horrez gainera, zinema aditu batek uko egin ezin dion proposamen bati erantzuten dio: nire bizitzako filmak aukeratzea, obra jakin batzuek zinematografoarekin erlazionatzeko dudan modua nola markatu duten aztertzea.
Horrenbestez, kasu berezi baten aurrean gaude. Eta ez du helburu balizko kanon gutxi edo gehiago arauemaile bat proposatzea. Era berean, helburua ez da zinemaren historiako film onen izan nahi dutenak adieraztean datzan jolas dibertigarri baina hutsal horretan jolastea. Zerbait askoz ere intimoagoa da, obra horien frekuentazioak (hamabi film sinple, ia zazpi hamarkadaz ikusitako ehunka eta ehunka filmen, aretoetako iluntasunean kontsumitutako hainbat eta hainbat orduren erakusgarritzat balio dutenak) “zinema bizitzeko”, “zineman bizitzeko”, “zinemarekin bizitzeko” dudan modua nola eraiki duten azaltzea. Film horiek nola eta zer modutan zeharkatu nauten azaltzean datza, bizitzari buruz ireki dizkidaten leihoetatik abiatuta zinema pentsatzeko dudan era moldatu duten modua markatuz. Izan ere, uste dut ez dagoela zinema bizitzeko modu hoberik harengan pentsatzea baino.
Horretarako, atzera begiratu behar izan dut, jaio nintzen hiriko auzoetako areto atsegin haietan (auzoetako zinemak, igande goizetako saioak, etengabeko saio amaiezinak!) amaren eskutik sartzen zen haur bati erakusten zaion jatorrizko eszena horretara. Areto horiek jaiegunetako goiz eta arratsaldeak amestutako lurralde bilakatzeko bertutea zuten, nekez susmatzen nituen sekretuak zituen alkimia baten bitartez. Lurralde horietan, Jean-Luc Godardek Le mépris lanean André Bazinen ahoan jartzen duen Michel Mourlet esaldi ospetsuak dioen moduan, zinema gure begirada gure nahiekin bat datorren mundu batekin ordezkatzera etorri da.
Santos Zunzunegui
Shangrila Textos Aparte eta Elías Querejeta Zine Eskolak Imagen sobre imagen. Mis historias de cine I liburua argitaratu dute. Liburu honek Santos Zunzuneguik EQZEk eta Tabakalerak antolatutako “Historias de cine” film-zikloko lehen partean emandako hitzaldien testuak biltzen ditu. Zikloa osorik jasoko duen hiruko bilduma baten lehen liburukia da.
Biografia
Katedradun emeritua Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Publizitatean (EHU). Semiologoa, analista eta historialari zinematografikoa. Irakasle gonbidatua izan da Europako, AEBko, Mexikoko, Argentinako eta Kolonbiako hainbat unibertsitatetan.
Bere liburu nagusien artean daude: Mirar la imagen (1984); El cine en el País Vasco (1985); Pensar la imagen (1989); La mirada cercana. Microanálisis fílmico (1996; edizio berria, berrikusia eta zabaldua 2016), Robert Bresson (2001); Historias de España. De qué hablamos cuando hablamos de cine español (edizio berria, berrikusia eta zabaldua, 2018); Metamorfosis de la mirada. Museo y semiótica (2003); Orson Welles (2005); Las cosas de la vida. Lecciones de semiótica estructural (2005); La mirada plural (2008), “Francisco Ayala” Saikerako Nazioarteko Saria jaso zuen. 2013an, Lo viejo y lo nuevo (Cátedra) argitaratu zuen, Caimán. Cuadernos de Cine aldizkarian lan egindako bost urteak biltzen dituena; Zunzunegui aldizkari horren Argitalpen Batzordeko kide da. 2014ko azaroan, sari bat jaso zuen Groupe de Recherche et Investigation de l’Image dans le Monde Hispanique (GRIMH) taldearen eskutik −Frantziako hispanista eta irudian adituek osatutako taldea−. 2017an, Bajo el signo de la melancolía. Cine, desencanto y aflicción lana argitaratu zuen, melankolia izeneko «gaixotasun kulturalaren» film dimentsioaren inguruko azterketa sakona.
FItxa teknikoa
Egilea: Santos Zunzunegui
Ekoizpena: Shangrila Textos Aparte, Elías Querejeta Zine Eskola
Orrialde kopurua: 316
ISBN:978-84-122568-3-3
Urtea: 2020