Acciones de investigación /
Film Granell
Eugenio Granell (Coruña, 1912 – Madril, 2001) mugimendu surrealistan ibilbide aitortua izan zuen galiziar artista bat izan zen. Nagusiki margolari lanengatik izan zen ezaguna, baina poeta, irakaslea eta zinemagilea ere bazen. 1960tik 1980ra bitartean, zenbait lan zinematografiko sortu zituen; haietako batzuk bere pintura lanekin lotutako film abstraktuak ziren, mende hasierako abangoardiako mugimenduen eragina jaso zutenak, eta etxeko eremuko irudien erregistro ugari ere egin zituen. Centro Galego de Artes da Imaxe (CGAI) erakundean gordeta dago Granellen filmen funtsa, eta 8 mm eta Super 8 mm formatuko 42 dokumentuk osatzen dute.
Berrogeita bi dokumentu horietatik zazpi 1960tik 1962ra bitarte egin zituen lan zinematografikoenak dira. Lan labur horiek espainiar zein galiziar zinema esperimentalaren osagarritzat eta aurrekaritzat hartzen dira gaur egun. Corpusa bi motatako filmetan banatuta dago: “kamerarik gabeko zinema” (Invierno eta Dibujo, zuzenean euskarrian margotuak, eta LLuvia, zuzenean euskarri bizigabean marratua), eta “poesia-zinema” (Trompos, Middlebury, Película hecha en casa con pelota y muñeca, Casa). Granellek erbestean egin zituen denak, 1939an Frantziara emigratu baitzuen lehenengo, gero Erdialdeko Amerikara (Dominikar Errepublika, Guatemala, Puerto Rico) eta azkenik Estatu Batuetara.
2003an, Granellen filmak berreskuratu, eta jendaurrean erakutsi ziren estreinakoz, CGAIk eta Alberte Pagán zinemagileak egindako lanari esker; izan ere, ordura arte familia eremuan bakarrik erakutsi ziren, eta ezezagunak ziren historialarientzat eta publiko orokorrarentzat. Garai horretan, SD kalitateko digitalizazioak egin ziren, filmak eskuragarri egoteko; gaur egun YouTuben daude. Horietako bat, LLuvia, Xcentric-ek Bartzelonako CCCBn antolatutako “Del éxtasis al arrebato” emanaldi programan sartu zuten. Digitalizazio / berriztapen proposamen berri honen xedea da Granellen lana berriro digitalizatzea 2K formatuan, eta ondoren, beharrezkoa izanez gero, berriztapen digitala egitea, aintzat hartuta zuzenean pelikulan margotu edo marratutako zinema piezen hauskortasuna.
Fitxa teknikoa
Lan taldea:
Carolina Cappa
Ikasleak 2020-2021:
Amaia Badiola, Julia Cortegana de la Fuente, Pablo Adiego
Ikasleak 2019-2020:
Borja Rodríguez
Erakunde erlazionatuak:
Centro Galego da Imaxe (CGAI), Fundación Eugenio Granell
Kronologia:
Iraila 2019 - aribidean