Berriak /
"EQZEren dohain handienetako bat diziplina arteko dinamiken eta begiraden konbergentziaren aldeko apustua da"
Camila Aboitiz, Marga Almirall eta Luiza Rosado, 2023-2024 promozioaren Artxiboa Masterreko ikasleek, Elías Querejeta Zine Eskolan izandako esperientziaz hitz egin dute.

1. Zertan datza master amaierako zure proiektua?
2. Nolakoa izan da eskolan izan duzun esperientzia?
3. Nori gomendatuko zenioke Elías Querejeta Zine Eskola?
CAMILA ABOITIZ
1. «Estrategias para detener el paso del tiempo» nire familiako artxiboen bilduma kudeatzeko plan bat da. Artxibo honen berezitasuna da mota eta jatorri desberdinetako materialak dituela, garrantzi historikoa duten irudietatik hasi eta jatorri zientifikoko artxiboetaraino. Ildo horretan, bilduma beraren barruko materialtasun horiek nola antolatu aztertzen du proiektuak, eta, neurri berean, memoria kolektiboaren edukitzaile diren etxeko artxiboen inguruko gogoeta egiten du.
2. EQZEn izan dudan esperientzia oso aberasgarria izan da. Artxiboko masterrak ezagutza teknikoen jakinduria sakona eman zidan, aurrez egin nituen prestakuntza akademikoetan apur bat falta izan zitzaidana beti. Hala ere, gogoeta kontuetan sakon ainguratutako ezagutza teknikoa da. Zalantzarik gabe, eskolatik eta programatik gehien nabarmentzen dudan ezaugarrietako bat teknika esperientzia poetikoarekin lotzeko gaitasuna da.
3. Zinemaz duen kontzeptua diziplina bakarraz harago zabaldu nahi duen edozeini gomendatuko nioke EQZE. Eskolaren ezaugarri handietako bat erakunde akademiko askoren berezko espezializazio logikei aurre egiten dien ikuspegian oinarritzen da, diziplina arteko dinamikak eta lanbide eta testuinguru desberdinetatik datozen begiraden bateratzea sustatzen baititu. Nire ustez, EQZEra etortzea aukera ona da berriz liluratzeko eta zinemari ikuspegi berri batetik begiratzeko.
MARGA ALMIRALL
1. Master amaierako nire proiektua galdutzat jotzen den film bati buruzko espekulazioa da: Thaïs, Elena Jordik zuzendu zuena, 1918an. Espainiako emakume batek zuzendutako lehenengo filma da, baina ez da gorde. Nire proiektuan hari buruz ikertu dut, eta filma izan zitekeen moduari buruzko espekulazio zinematografikoa sortu dut.
2. EQZEn izan dudan esperientzia oso estimulatzailea izan da. Artxiboko graduondokoa egin dut. Orain arteko ikasketengatik eta ibilbideagatik nituen ezagutza eta ikaskuntzaren aldean oso bestelako batzuekin jarri naiz harremanetan. EQZEn izan dudan bideak sakontasuna eman didala sentitzen dut, eta sakontasun horrek profesional gisa nahiz pertsonalki finkatu nauela.
3. Beren ibilbide profesionalean gutxi edo gehiago aurreratuta dauden eta urrats bat harago eman eta beren lanbidean sakondu nahi duten pertsonei gomendatuko nieke EQZE, edo beren praktikari buruz ikasteko eta gogoeta egiteko denbora hartu nahi dutenei. EQZEk pentsamendu oasi gisa funtzionatzen du, zinema ikuspegi aniztunetatik pentsatzeko espazioa da, etengabeko erritmoa duen mundu honetarako aukera paregabea.
LUIZA ROSADO
1. Master amaierako nire proiektua Lúcia Murat zuzendari brasildarraren O Pequeno Exército Louco filmaren 16mm-ko kopiaren ikerketa eta digitalizazioa izan zen. Nikaraguako Iraultza Sandinistari buruzko film bat da. Eskolan ikertu, digitalizatu, postprodukzioa egin eta filma gordetzeko plan bat proposatu ahal izan nuen.
2. EQZEn izan dudan esperientzia oso aberatsa izan da, bai pertsonalki bai profesionalki. Prestakuntza teoriko eta tekniko izugarri askotarikoa eman dit, arlo desberdinetako irakasleen eskolekin. Garrantzitsuena eta politena ibilbide desberdinetako nire ikaskideekin lan egiteko aukera izatea izan zen, proiektu desberdinei beren ezagutzak batu baitzizkieten. Kulturen trukeari esker, asko ikasi dut bizitzarako.
3. Zinemakoak ez ezik, kulturaren arlo desberdinetako profesionalak ezagutu nahi dituztenei gomendatuko nieke EQZE, ezagutzak horizontalki truka ditzaten. Eskola mugarik bereizten ez duten proposamenei irekita dago, eta lurra prestatzen laguntzen die hazi sortzaileei.
Izena emateko epea
Elías Querejeta Zine Eskolako 2025-2026 Ikasturtean izen-emateko epea otsailaren 1ean hasi zen eta otsailaren 28an amaituko da. Izen-ematea webgune honetan dagoen formularioaren bidez bakarrik egin ahal izango da.
Artxiboa graduondokoak aurrez aurre jartzen ditu ikasleak zinemak ondare material eta immaterial gisa sortzen dituen dilemen aurrean (teorikoak, teknikoak, etikoak). Euskarri fotokimiko, magnetiko eta digitaletan irudiak eta soinuak identifikatzearekin zerikusia duten alderdi guztiak lantzeaz gain, funtsak kudeatzeko eta bilduma berriak sortzeko tresnak lantzen ditu espezialitate honek.
Ikus-entzunezko materialak berrikusteko, zaintzeko eta zaharberritzeko protokolo eta prozeduretarako sarbidea ematen du, bai tresna mekanikoen bidez, bai tresna digitalen bidez, eta, horri esker, egiazko praktika egin daiteke laborategian.
Euskadiko Filmategiaren lanekiko etengabeko harremanean egiten dira Artxibo ikasketak, eta, horri esker, FIAFek homologatutako zine artxibo bat benetan bizitzeko aukera dute ikasleek.