Berriak /
Ireki da Elías Querejeta Zine Eskolako 2026-2026 ikasturtean izena emateko epea
EQZEko graduondoko hiru programetan onartua izateko epea otsailaren 1ean hasi eta 28an amaituko da. Otsailaren 6an informazio-saio online bat egingo da.

Hasi da Elías Querejeta Zine Eskolako 2025-2026 ikasturtean izena emateko epea. Eskolan sartzeko aurreko deialdian bezala, deialdiaren epea hilabete bakarrekoa izango da, hilaren 1ean hasi eta 28an amaituko baita. Webgune honetan dagoen formularioaren bidez bakarrik gauzatu ahal izango da izen-ematea. Webgunean, halaber, aurkeztu beharreko dokumentazioari, ebazteko epeei eta beste datu interesgarri batzuei buruzko informazio guztia aurki daiteke.
Ikastetxeko Onarpen Epaimahaiak eta Zuzendaritza Akademikoak ebaluatuko dituzte eskabideak. Hautaketa-prozesua onarpen-epearekin batera hasiko da. Horrek esan nahi du plazen kupoa epe hori itxi baino lehen bete daitekeela. Plaza kopurua gehienez 15 ikaslekoa izango da espezialitate bakoitzeko, 45 plaza guztira. Ekainaren lehen astean jakinaraziko da graduondoko hiru programetako bat (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) egiteko aukeratutako pertsonak zein diren.
Hiru master-programa
Artxiboa espezialitatearen helburua da adituak trebatzea ondare zinematografikoaren eta ikus-entzunezko ondarearen identifikazioan, sailkapenean, errestaurazioan eta zaintzan, eta espezialitatea bera planteatzen du sorkuntza artistikorako eremu gisa. Komisariotza saila oinarritzen da zinea eta ikus-entzunezko arteak objektutzat dituzten era guztietako programazio, argitalpen, interbentzio eta erakusketen kontzeptualizazioan, kudeaketan, garapenean eta hedapenean. Azkenik, Sorkuntza espezialitateak lantzen ditu obra bat asmatzeko, esperimentatzeko, sortzeko eta burutzeko behar diren alderdi guztiak bilatzen saiatzen da.
EQZEren ikasketa-plana goi-mailako unibertsitate-titulazioa (lizentziatura edo gradua) duten edo lortzeko prozesuan dauden ikasleei eta zinema-eskolaren batean ikasketak amaitu dituzten ikasleei bideratua dago. Salbuespen gisa, zentroak aztertuko du aurretiko baldintzak bete gabe zinematografia-esperientzia egiaztatuta duten hautagaien kasu berezia.
Informazio-saioa eta zentrora bisitak
Onarpen-prozesuarekin lotutako zalantza guztiak argitzeko, otsailean informazio-saio bat egingo da Elías Querejeta Zine Eskolako masterretan izena eman nahi duten pertsona guztientzat. Topaketa online izango da eta otsailaren 6an, arratsaldeko 16:00etan (CET) egingo da.
Bestalde, zentroa pertsonalki bisitatzeko aukera ere badago, eskolaren webgunean eskuragarri dagoen harremanetarako-formularioa erabiliz.
EQZE Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatutako zentroa da, UPV/EHUri atxikia. Proiektu pedagogiko bat proposatzen du, eta graduondoko hiru programa ditu, zentroaren garapenean parte hartzen duten hiru erakundeen (Euskadiko Filmategia, Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia) ezagutza-esparruetatik abiatuta.