Berriak /
Elías Querejeta Zine Eskolak elkarlanerako hitzarmena sinatu du Kubako Cinematecarekin
Elkarlanean egingo duten lehen lana Kubako zinema ondarea ikertzeko, zaintzeko eta ezagutarazteko proiektu espezifikoak sortzea izango da. Elkarlan horren ondoriozko emaitzak foro akademiko eta profesionaletan partekatuko dira, programa publikoen bitartez.
Elkarlanaren bitartez, ikerketa proiektuak abiaraziko dituzte elkarrekin eta Cinematecaren zinemako eta ikus-entzunezko funtsak zaharberritzea aurreikusi dute
Euskadiko Filmategiak ere parte hartuko du, laguntzaile gisa
Bi erakundeen sortzetiko helburuak dira film ondarea ikertu eta zaintzea, alde batetik, eta zinemarekin lotutako arte eta lanbideen gaineko ezagutzaren transmisioa sustatzea, bestetik; hori horrela izanik, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Kubako Cinematecak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, elkarrekin jarduteko lan ildoak ezartze aldera. Elkarlanean egingo duten lehen lana Kubako zinema ondarea ikertzeko, zaintzeko eta ezagutarazteko proiektu espezifikoak sortzea izango da, betiere bi aldeen artean proposatu eta erabaki ostean. Hitzarmenaren barruan, proiektu horiekin lotutako zinemako eta ikus-entzunezko materialak identifikatzeko, gainbegiratzeko, zaintzeko, zaharberritzeko eta/edo digitalizatzeko ekintzak ere egingo dituzte; horretarako, Cinematecak egin beharko du material horien ekarpena, EQZEko laborategietan lantzeko. Elkarlan horren ondoriozko emaitzak foro akademiko eta profesionaletan partekatuko dira, programa publikoen bitartez.
Euskadiko Filmategiak ere parte hartuko du, laguntzaile gisa. Filmategiak materialen joan-etorria koordinatuko du Cinematecarekin, eta bere gordailuak ere eskainiko ditu, lantzeko zain dauden materialak aldi baterako gordetzeko. Era berean, bere ondarean gordeta dauden film kubatarren kopiak ere eskuragarri jarriko ditu.
Hitzarmena lau urtez egongo da indarrean, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da, bi aldeek halakorik adostuz gero. Bi erakundeek hitzarmen honetan aipatzen ez diren elkarlanerako eta lanerako beste bide batzuk ere aktibatu ahal izango dituzte, bi aldeetarako interesgarriak baldin badira.
Elías Querejeta Zine Eskolak lehendik ere sinatu ditu elkarlanerako hitzarmenak arlo bereko beste erakunde batzuekin, hala nola Espainiako Filmoteca, Cinemateca Portuguesa - Museu do Cinema eta Munich-eko Filmmuseum erakundeekin. Arte eta Industria Zinematografikoen Kubako Institutuak (ICAIC) sortu zuen Kubako Cinemateca 1960. urtean, Kubako zinema ondarearen zaintza mugagabea bermatzeko eta ikus-entzuleen kultura zinematografikoaren garapenari laguntzeko asmoz.