Berriak /
Dennis Lim eta Rita Azevedo zinemagileek parte hartuko dute “Zinemagileak egoitzan” programan
New York Film Festival jaialdiko zuzendari artistikoa da Lim, eta zinemaren arloko komisariotzaren tradizioa eta jarduna aztertzen dituen irakasgaia emango du. Azevedok El trío en mi bemol lana estreinatu zuen iaz, eta bere hurrengo film luzean –A Céu Aberto– lan egingo du, Sorkuntzako ikasleekin batera.
2021-2022 Ikasturteaz geroztik, Elías Querejeta Zine Eskolak ospe handiko zinema munduko hainbat esparruetako profesionalak gonbidatzen ditu eskolaren komunitatean denboraldi batez bizikide izatera, “Zinemagileak egoitzan” programaren barruan. Egonaldi horien iraupena aldatu egiten da proiektuen ezaugarrien eta fasearen arabera; egonaldian dauden bitartean, zinemagileek beren proiektu zinematografikoak garatzen lan egiten dute, zentroaren baliabideen laguntzarekin, eta, paraleloki, haien metodologia eta sorkuntza prozesua partekatzen dute ikasleekin. Eztabaidarako gune bat irekitzea da helburua, eta praktika eta esperimentazio zinematografikoko proiektu bat sortzea ikasle taldearekin.
2023-2024 ikasturte honetako lehen egonaldia azaroaren 7an hasi eta abenduaren 5ean amaituko da, eta Dennis Lim (Malaysia, 1973) kazetari eta komisario zinematografikoa izango da gonbidatua. Lincoln Center-eko Zinema Programazioko zuzendaria izan zen 2013tik 2022ra, jaialdiko New Directors/New Films atalean hautaketa batzordeko buru izanik; Lim-ek honako zinemagile hauei buruzko atzerabegirakoak antolatu ditu: Jane Campion, George Cukor, Raúl Ruiz, Agnès Varda eta John Waters, besteak beste. Hong Sang-soo zinemagileari buruzko monografia bat egin du: Tale of Cinema (2022), eta David Lynch-en biografia kritiko bat ere bai, The Man from Another Place (2015); azken hori hainbat hizkuntzatara itzulia izan da. Kritikak eta artikuluak argitaratu ditu The New York Times, The New Yorker, Artforum, Cinema Scope eta Film Comment argitalpenetan, eta Harvard-en eta New Yorkeko Unibertsitatean eskolak ere eman ditu. Aholkulari eta epaimahaikide izan da zinema jaialdi ugaritan, baita Flaherty mintegiaren 2010eko edizioaren programatzaile ere; 2018. urtean Frantziako Kultura Ministerioak Arte eta Letren Zaldun izendatu zuen.
Dennis Lim-ek EQZE eskolako Komisariotza taldeko ikasleei emango dien irakasgaian ibilbide bat egingo du XIX. mendetik hasi eta XXI. mendera bitarte, kuradoretza artistikoari eta zinematografikoari buruzko pentsamenduan barrena. Irakasgaian, kultur bitartekaritzako eta programazioko jardunbideei buruzko alderdi teorikoak landuko ditu eta, aldi berean, kuradoretza artistikoaren eta filmikoaren arteko loturak eta kontrasteak planteatuko ditu, hainbat ikerketa kasuren bitartez. Irakasgai honen osagarri, hamar filmeko programa bat prestatu dugu, Lim-ek egonaldian landuko duen saiakeraren gai nagusian oinarrituta, eta zinemaren historiarekin eta orainarekin dauka zerikusia, kulturaren eta teknologiaren arloetako krisialdien eta balizko ‘heriotzen’ bitartez adierazita. The Deaths of Cinema (Zinemaren heriotzak) lanarekin gai horretan sakondu nahi du Tsai Ming-liang, Wim Wenders, David Cronenberg, Kathryn Bigelow, Bill Morrison, Kiyoshi Kurosawa eta David Lynch zinemagileen obraren bitartez.
Bestalde, Elías Querejeta Zine Eskolako Sorkuntzako ikasle taldearekin lan egingo duen hurrengo zinemagilea Rita Azevedo Gomes (Lisboa, 1952) izango da; aurretik, Radu Jude (2021-2022 Ikasturtea) eta Pedro Costa (2022-2023 Ikasturtea) zinemagileak etorri ziren. O Som da Terra a Tremer (1990) lehen film luzea egin zuenetik, zinemagileak zinemaren ikuspegi berezia garatu du. Europar zineman dagoen figura garrantzitsuenetako bat dela esan dezakegu, bere lanei eta filmografiari erreparatuz gero: Frágil como o Mundo (2001), A 15ª Pedra (2004), La venganza de una mujer (2012), Correspondencias (2016), La portuguesa (2018) eta Danzas macabras, esqueletos y otras fantasías (2019) filmak, azken hori Pierre Léon eta Jean-Louis Schefer-ekin batera zuzendutakoa. Bere azken lana El trío en mi bemol (2022) da, Éric Rohmer-ek antzerkirako idatzitako testua egokituta. Bere filmak jaialdi ugaritan proiektatu eta saritu dituzte, hala nola Veneziako film jaialdia, Berlinale, Viennale, Locarno-ko film jaialdia edo FIDMarseille, besteak beste. Rita Azevedo hogeita hamar urtez baino gehiagoz aritu zen Gulbenkian fundazioaren Zinema Departamentuan lanean, eta Cinemateca Portuguesa-n zinema programatzaile ere izan zen.
EQZEko egonaldia azaroaren 13tik abenduaren 1era bitarte izango da, eta Azevedok honako hau proposatuko die Sorkuntzako ikasleei: A Céu Aberto (Zeru zabalean) proiektu zinematografikoaren garapenean elkarrekin parte hartzea; zinemagile portugaldarra Regina Guimarães poeta, antzerkigile eta gidoilariarekin batera ari da proiektu horretan lanean.
“Zinemagileak egoitzan” programa EQZEren egonaldi akademiko eta ikertzaileen planaren barruan dago, eta helburu du proiektu jakin batean murgilduta dauden aukeratutako zinemagileen sorkuntza prozesuaren bultzada eta espazio baten sorrera uztartzea, espazio hori elkarrekiko ikaskuntzarako, belaunaldien arteko transmisiorako eta ikasleek eta egonaldiko zinemagileak elkarrekin bilaketa zinematografikoa egiteko espazioa izanik.
Programa publikoa
Elías Querejeta Zine Eskolak sortutako egonaldien programa dela eta, bi zinema saio antolatuko dira azaroan Tabakaleran. Lehena azaroaren 18an izango da, larunbatarekin, eta Inland Empire (David Lynch, 2006) filma izango da ikusgai, Dennis Lim berak aurkeztuta. Azaroaren 23an, ostegunarekin, Rita Azevedok bere Correspondencias filma proiektatuko den saioan parte hartuko du.