Berriak /

"EQZE zinemari buruz modu kritikoan pentsatzeko lekua da, bai teorian, bai, batez ere, praktikan"

Francisca Alarçao, Mònica Cambra eta Michael Labarca, 2023-2024 promozioaren Sorkuntza Masterreko ikasleek, Elías Querejeta Zine Eskolan izandako esperientziaz hitz egin dute.

2025/02/13
\

1. Zertan datza master amaierako zure proiektua?

2. Nolakoa izan da eskolan izan duzun esperientzia?

3. Nori gomendatuko zenioke Elías Querejeta Zine Eskola?


FRANCISCA ALARÇAO

1. Eskolan garatu nuen proiektua zalantza bat duen eta hari aurre egiteko gai ez den norbaiti buruzkoa da. Os Casos de Luísa (Los amoríos de Luísa), fikziozko film luze bat da. Luísaren berri ematen digu; bikotekidearekin bizitzera joango den ala ez erabakitzen ari dela, inguruko emakumeen maitasun esperientziak ikertzen hasiko da obsesiboki. Haien istorioak bildu eta lehenengo pertsonan bizitzen ditu, bere irudimenean. Hain denbora gutxian bizitako “polimaitasun mentaleko” gertakarien kantitatearekin gero eta liluratuago, amonarekin lortzen du berriro neurria. Lana zatikakoa izango da, eta ia episodikoki ekoizten joango da. Proiektuaren lehenengo urratsak EQZEn egin ziren, eta orain, beharrezko heldutasuna lortu ondoren, martxan jarriko da eskolatik kanpo.

2. Lisboako Goi Mailako Antzerki eta Zinema Eskolako lizentziaturaren oinarri klasikoena osatu nahi nuelako eman nuen izena EQZEn. Eskolak proposatzen duen zinemari buruz pentsatzeko eta zinema egiteko ikuspegi libreagoa eta esperimentalagoa interesatzen zitzaidan, bai eta nire etorkizuneko proiektuetan ezar nitzakeen bi ikaskuntza mota oso desberdinen arteko elkarrizketa ere. Ikastaroan zehar bi film proiektu garatu nituen: nire hipotesia –Os Casos de Luísa– eta gaur-gaurkoz postprodukzioan dagoen film labur bat –o–, zilborrekiko dudan fobiari buruzkoa. Bereziki bigarren proiektu hori "Avant-Garden. Filma eta lorategiaren artea" irakasgaitik sortu zen eta metodologia horri jarraituz eraiki zen. Metodologia hori izan zen, hain zuzen, eskolako ustekabeko harrigarrienetako bat niretzat. Izan ere, film bat lorezain bat lorategi bat egiten joaten den modu berean eraikitzea proposatzen du (pixkanaka, landatuz, fruituak jasoz halakorik badago, hazkundea behatuz eta berriro landatuz). Filmak grabatzeko eta egiteko ekintza desmitifikatu zidala uste dut, eta ekintza hori lehen egingo nukeena baino askoz ere organikoagoa den moduan landatzen hasi nintzen. Urteko une desberdinetan irudiak grabatu eta bildu nituen, errebelatu eta digitalizatu egin nituen eskolako laborategian, horietako bakoitzak zer esan nahi zuen eta zer film egin nahi nuen pentsatzen nuen bitartean. EQZE une gakoa bihurtu zen nire ibilbide pertsonal eta profesionalean, gehienbat lan egiteko modu berriak erakutsi zizkidalako, plazerean eta desioan oinarrituak, eta horiek baliatu nahi ditut nire hurrengo edozein proiektutan.

3. Zinemari buruz pentsatzeko eta/edo zinema egiteko modua deseraiki nahi duen orori gomendatuko nioke EQZE, bere buruari benetan hutsetik hastea baimentzeko prest dagoenari. Zinema buruarekin ez ezik eskuekin ere egin nahi duenari gomendatuko nioke, zinemaren materialtasuna eta haren alderdi plastikoena aztertu nahi duenari. Bere proiektuak zinemagileekin, irakasleekin eta munduko leku, testuinguru eta zinema orientazio desberdinetako ikasleekin eztabaidatu eta partekatu eta haien proiektuetan ere sartu nahi dutenei. Beren zinemak beste arlo batzuk ere hartzea nahi dutenei, hala nola botanika, performancea, artxiboa, marrazketa, collagea... Eta beren sortzeko metodologiak birpentsatu nahi dituztenei. Funtsean, bere buruari desafio egin, konfort zonatik urrundu eta bere burua apur bat gehiago ezagutu nahi duen orori gomendatzen diot EQZE.


MÒNICA CAMBRA

1. Nire proiektua fikziozko film luze bat da, eta dantzari baten gorputz oroimena aztertzea du xede. Eskolara iritsi nintzenean, film bat leku intuitibo batetik, erraietako leku batetik idazteko grina handia nuen, filmari buruz leku ezezagunetatik pentsatzera behartuko ninduen leku batetik. Horrek beldur handia ematen zidan, ez bainekien utopia bat zen edo benetan horrela lan egin ahal izango nuen hemen. Baina iritsi eta berehala konturatu nintzen desira hori gauzatu eta garatu ahal izango nuela; izan ere, EQZEk ematen zigun testuingurua –gizatiarra, pedagogikoa eta materiala­– benetan paregabea zen eta esperimentazioa zuen ardatz. Horrela, Temblor lana hitzetan, irudietan eta soinuetan gorpuzten hasi zen pixkanaka. Baina nire azalean ere gorpuztu zen. 15 hilabete horietan, jolasteko eta film bat idazteko metodologia klasikoa apurtzeko aukera izan nuen; besteak beste, oinutsik, dantzatuz, grabatuz, argituz, muntatuz, berriro idatziz eta berriro filmatuz bilatzeko. Eta, horri esker, gaur-gaurkoz gidoiaren lehenengo bertsioa daukat, baina baita horrekin batera doan materialen eta lan prozesuen multzo bat ere.

2. Eskola honetara sartu aurretik nor nintzen oroitzea zaila eta arraroa da. Biziko une labur bat izan da, baina inoiz imajinatu ahal ezinezko bizitasun, astindu eta hazkundekoa. Ezbairik gabe, eskola eraldaketa leku bat da. Leku horretan, zinema bost zentzumenekin bizi ahal izan dut, filmak ukituz, usainduz, nire gorputzean neureganatuz eta horrenbeste maite nuen eta ezagutzen nuela pentsatzen nuen arte honen primitiboa, gordina, mamia ezagutuz. Erresistentzia leku bat da, eta bertatik, zinema kritikoki pentsatzen da teoriatik, baina, batez ere, praktikatik, ikasgelako hormak zeharkatzen baititu mundua ukitzeko. Niretzat jatorri, errealitate eta ibilbide oso desberdinetako pertsonen komunitate bat sortzeko sekulako aukera izan da, eta horiekin funtsean hazi ahal izan dut trukean oinarrituta. Elkarrekin sortzeko, pentsatzeko eta galdetzeko unea izan da. Zinema egiten hasi ziren makinez betetako espazio batean bizitzea eta nondik sortzen jarraitu nahi dugun ulertzea ikaskideekin batera.

3. Sorkuntza ibilbidean izan dudan bizipenean oinarrituta, filmak egiten jarraitu nahi duen zinemagile orori gomendatuko nioke esperientzia hau. Gomendatu egingo nieke eta hala opa diet. Industriaren denborarekin bat datozen emaitzak bilatzetik urrun, eskola nork bere buruari entzuteko eta norberaren tempo, modu eta ikuspegitik sortzeko aukera bat da, ikasteko eta biziki hornitzeko segurtasuna izanda.


MICHAEL LABARCA

1. Iñaki izeneko fikziozko film luze baten proiektua garatu nuen. Kontakizuna Ignaciori buruzkoa da; immigrante venezuelar hori Euskadin bizi da, eta, bertan, bere iragana ezabatzea, familiarekin komunikatzeari uztea eta bizitza berrasmatzea erabakitzen du, baita oroitzapenak ere. Errealitatearen, fikzioaren eta fantasiaren arteko gurutzaketekin jolastu nahi dut, baina, batik bat, zinemak historia berridazteko ematen duen aukerarekin. EQZEtik igarotzeari esker, gaur-gaurkoz argumentu trataera eta gidoiaren lehenengo bertsioa ditut. Euskal Herrian grabatuko dudan film honekin lanean jarraitzea espero dut, eta, aldi berean, filmaren garapenarekin eta grabaketarekin izan nahi dudan esperientzia motara ondoen egokitzen den ekoizpen eredua pentsatzea eta definitzea. 

2. Entzutea, begirada, intuizioa entrenatzen jarraitu nahi nuen. EQZE egonaldi artistikotzat ikusi nuen, eta hala izan zen; Iñaki lanaz gain, “Avant-Garden. Filma eta lorategiaren artea” irakasgaian Demetrio y Mohammed film laburra egin nuen. Azken hori postprodukzio fasean dago gaur egun. Film laburraren sorkuntza prozesuan, eskolatik gehien motibatzen ninduena lortu nuen: analogikoan lan egitea. Zinema kamera analogikoak erabiltzea lortu nuen, eta nire materiala errebelatu eta digitalizatzea. Zinemaren materialtasun horrekin eta hain prozesu artisaua bizitzearekin izandako esperientziak filmatzean orainaldiarekin konektatuago egotea eragin zidan, baita baliabideen oso kontziente izatea eta erabakiak hartzean intuizioa entrenatzea ere. Grabatzen ari zarenean zinemari buruz horrela pentsatzea zeure buruan pentsatzea ere bada: zeure burua zuzentzea, moldatzea, entzuten jakitea, magia gerta dadin trankil itxarotea... Izan ere, eta Robert Bressonek zioen moduan, «kontua ez da besteak zuzentzea, norbera zuzentzea baizik». Baina, batez ere, niri, gidoiak idazten dituenetakoa naizenez, eszena bat planifikatzen dudan bakoitzean galdera bat egiteko ohitura izatea ahalbidetzen dit: benetan emozionatzen nau hau filmatzeak? Hori ere badaramat EQZEtik, hau da, nire gozamenean pentsatzea, prozesua baloratzea emaitza baloratu baino lehen. Gainera, zinemaren inguruko jarrera politikoak indartzea eragin zidan, bai eta ekoizpen prozesuak zalantzan jartzea eta horiei buruz pentsatzea ere. Nire herrialdetik urrun banengoen ere, eta prestakuntza hori Europan izatearen paradoxarekin, ederra izan zen bizitzea eta egiaztatzea ezin nuela baztertu venezuelarrek gaur-gaurkoz bizi dituzten gaiez hitz egiteko edo egin nahi dudan zinema moduari buruz pentsatzeko pultsioa. Orduan, distantzia gorabehera edo distantziari esker, zuzendari gisa eta venezuelar gisa pentsatzen (nire buruari buruz pentsatzen) ari nintzela ohartu nintzen.

3. Elías Querejeta Zine Eskolak film berriak sortu ez ezik, ahaztuta zeuden beste asko berreskuratzen ditu. Hori dela eta, esperientzia hori gomendatzen diet zinemagileei, baina baita beste diziplina batzuetako pertsonei ere, irudiarekiko edo hura zaintzearekiko sentikorrak eta zaleak direnei. Edo, ni bezala, analogikoan lan egiteko aukerarik izan ez, eta esperientzia hori bizi nahi duten pertsonei. Ezin dut aukera galdu kultura erakundeak eta zinema institutuak gonbidatzeko beren talentuak bultza ditzaten EQZEn sartu ahal izateko: dela beren herrialdetako zinema zaharberritu eta gordetzera etortzeko Artxiboko masterrean; dela programazio irizpideei buruz pentsatzera eta horiek definitzera etortzeko Komisariotzako masterrean, gero filmak zabaldu, ikus-entzuleak hezi eta etorkizuneko zinemagileak inspira ditzaten eskualde susmagaitzetan; dela Sorkuntzako masterra egitera etortzeko, kultura indartzen laguntzen duten film berrien proposamenak egiteko. Hiru masterretako ikasleen prozesuak eta emaitzak ikusteak gure herrialdetako zinematografietan oraindik ere kalkulatu ezin dugun inpaktua duen leku bihurtzen dute EQZE.


Izena emateko epea

Elías Querejeta Zine Eskolako 2025-2026 Ikasturtean izen-emateko epea otsailaren 1ean hasi zen eta otsailaren 28an amaituko da. Izen-ematea webgune honetan dagoen formularioaren bidez bakarrik egin ahal izango da.

Sorkuntza graduondokoak obra bat asmatu, esperimentatu, sortu eta gauzatzeko prozesu sortzaileekin zerikusia duten alderdi guztiak jorratzen ditu, zinemagilearen ahots propioa bilatzeaz gain

Zinemari buruzko prestakuntza teorikoa eta ez estandarizatua ematen du, gogoeta eta pentsamendu giro aberats batean parte hartzea, eta proiektu pertsonal bat garatzea tutoretza sistema pertsonalizatuaren bidez, ikasle bakoitzaren kidetasunen eta proiektuaren beharren arabera betiere.

Horrela, espezialitateak aurrez aurre jartzen ditu ikasleak ideia prozesuekin (subjektibotasuna), lan metodologiekin (sistematizazioa), esperimentazioarekin (bilaketa formal espezifikoa) eta proiektuaren kontzeptualizazioarekin eta gauzatzearekin.