Berriak /

EQZEren presentzia handia Cinéma du Réel jaialdian

Cinéma du Réel jaialdiak Pedro Gonçalves Ribeiroren REZBOTANIK eta Anouk Moyauxen Selegna Sol filmen estreinaldiak hartuko ditu. Eskolan zaharberritutako hainbat film proiektatuko dira jaialdiak antolatutako "Cuba, cinéma retrouvé" (Kuba, berreskuratutako zinema) programan. Carlos Muguiro Altuna EQZEko zuzendaria jaialdiko sail ofizialeko epaimahaikide izango da.

2025/03/20
EQZEren presentzia handia Cinéma du Réel jaialdian

Cinéma du Réel Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian (martxoak 22-29) REZBOTANIK filma estreinatuko da, Pedro Gonçalves Ribeirok (Elías Querejeta Zine Eskolako seigarren promozioko Sorkuntzako ikasleak) zuzendua. Film labur hori zinema-prestakuntzako programen testuinguruan (zinema-eskolak, unibertsitateak, lanbide-gaikuntzarako zentroak) garatutako lehen film dokumentalei eskainitako First Window sailerako hautatu dute, beste hamahiru filmekin batera.

Pariseko jaialdiaren Compétition sailean seigarren promozioko Artxiboko ikasle Anouk Moyauxen Selegna Sol lana estreinatuko da mundu mailan. Eskolan sartu aurretik garatutako filma beste 37 lanekin lehiatuko da. Carlos Muguiro Altuna, EQZEko zuzendaria, sail horretako epaimahaikide izango da.


Berreskuratutako zinema kubatarra

Martxoaren 27an “Cuba, cinéma retrouvé” (Kuba, berreskuratutako zinema) ospatuko da, jaialdiak antolatutako programa berezietako bat. Programazioa bi saiotan banatuko da: batetik, “Cuba : Intérieur / Extérieur” (Kuba: Barrualdea/Kanpoaldea), horren baitan proiektatuko dira El negro, Oración eta L.B.J., Elías Querejeta Zine Eskolaren “Bigarren eskukoa” ikerketa-proiektuaren esparruan zaharberritutako hiru film; eta, bestetik, “Cuba : Souterrains” (Kuba: Lurrazpikoak), EQZEko ikasleek osatutako Archivistas Salvajes kolektiboak digitalizatutako bost film biltzen dituena.

Arte eta Industria Zinematografikoen Kubako Institutuak (ICAIC) ekoitzitako filmak eta alor instituzionaletik at egindako lanak —Kubako zineklub-mugimendu oparoaren eta erbesteratutako zinemagileen lanaren emaitza direnak— biltzen dira aukeraketan.