Berriak /
"EQZEk eskaintzen duen ikuspegia adierazgarria eta beharrezkoa da, zaila baita zinemako hezkuntza-erakundeetan horrelako ikuspegi bat aurkitzea"
Amina Ferley Yael, Evelyn Ruiz Gómez eta Jorge Fernández Jaramillo, 2024-2025 promozioaren Artxiboa Masterreko ikasleek, Elías Querejeta Zine Eskolan izandako esperientziaz hitz egin dute.

1. Zertan datza master amaierako zure proiektua?
2. Nolakoa izan da eskolan izan duzun esperientzia?
3. Nori gomendatuko zenioke Elías Querejeta Zine Eskola?
AMINA FERLEY YAEL
1. Nire lana C3M - Cinema del Terzo Mondo kolektiboari buruzko ikerketa eta berreskurapena da. 70eko hamarkadaren hasieran Erroman jardun zuen zinema militanteko talde bat da, eta nazioarteko elkartasun antiinperialistako ikus-entzunezko praktika bat garatu zuen. Proiektuak taldearen jarduera laburra berrikusten du, eta bere bi filmak berreskuratzen ditu, zirkulazioan jartzeko: Palestine, other Vietnam, dagoeneko digitalizazio bat baitu; eta Bolivia: el tiempo de los generales, haren oinarrizko zaharberritze digital bat egin baita 16 mm-ko kopia batetik abiatuta.
2. Donostian eta EQZEn eman nuen urtea —eta koska— oso berezia izan da niretzat. Asko ikasi dut! Pentsa nezakeena baino gehiago. Artxiboari buruzko ikuspegi bat eratu nuen, eta horrek hunkitu egiten nau; aldi berean, nire lankide berriekin abentura artxibistiko handiak izatea espero dut. Eskolan egin nituen lagunak oso garrantzitsuak bihurtu dira nire bizitzan. Zorionekoa naiz ezagutu ditudalako eta aldi hau haiekin igaro dudalako.
3. Uste dut EQZEk eskaintzen duen ikuspegia adierazgarria eta beharrezkoa dela, zaila baita zinemako hezkuntza-erakundeetan horrelako ikuspegi bat aurkitzea. Uste dut Artxiboaren ibilbidea aproposa dela jakin-mina duen edonorentzat, ez bakarrik zinemaren materialtasunagatik, baita gizarte gisa ikus-entzunezko materiala nola, zenbat, zer, noiz eta zergatik ekoizten dugun jakiteko, bai eta zer egin dezakegun zinema eta artxiboa bizirik, mugimenduan eta salbu mantentzeko ere.
EVELYN RUIZ GÓMEZ
1.“Archivo, soplo y acción” proiektuan, unibertsitateko ikus-entzunezko artxibo txiki bat zaintzeko eta aktibatzeko modu posibleak ikertzen ditut, testuinguru horrek dakartzan arazoak kontuan hartuta eta artxiboan aritzen diren horiengan sortzen diren harreman afektiboen esplorazioan eta erregistroan eta horrek komunitate baten barruko artxibo baten egungo eta etorkizuneko bizitzan duen eraginean oinarrituta.
2. Esperientzia oso estimulatzailea izan da, ikaskuntzaz, hausnarketaz eta kolektibitatearen eta trukearen bidez ideiak garatzeaz betetako aldia izan zen, eta horrek nire bizitza pertsonalean eta profesionalean beti kontuan izango dudan praktika bat barne hartzen du. Irakasleek emandako laguntza ez ezik, programa desberdinetako ikasleen laguntza ere iruditu zait aberasgarriena, zinemari eta artxiboei hainbat ertzetatik begiratzen lagundu baitit. Bestalde, artxibo-programa osatzen duen ezagutza teknikoa eta teorikoa funtsezkoa izan da ibilbide profesional berriak pentsatzeko eta artxiboekin proiektuak kudeatzeko tresnak eta trebetasunak eskuratzeko.
3. EQZE gomendatzen diet kulturarekin eta zinemarekin lotutako proiektuak partekatu eta ezagutu nahi dituzten pertsonei, baldin eta interesa badute beren prozesuekin espazio malgu eta askotariko batean elikatzeko eta esperimentatzeko, laguntasunaren eta sareak sortzearen bidez.
JORGE FERNÁNDEZ JARAMILLO
1. Costa Ricako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Zentroko Irudiaren Artxiboan Zinema Sailak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan ekoitzitako lanen jatorrizko eta bitarteko elementu ugari gordetzen dira, eta horietako askok antzeko ekoizpen-eredua dute. Nire proiektuaren ideia nagusia kontserbazio eta homogeneotasun materialaren maila hori baliatzea izan zen, aukera paregabea eskaintzen baitu Costa Ricako zinemaren aldi honen azterketa sakon eta zehatza egiteko. La voz prolongada proiektuak estatuko zinema zaharberritzeko metodologia bat proposatzen du, “Ez duenari ahotsa ematea” lelopean, bere autokritika propioa finantzatu eta sustatzen baitzuen. Lana ikerketa-kasu batetik abiatuta garatzen da: A propósito de la mujer (1975) dokumentalaren zaharberritze digitala, María de los Ángeles “Kitico” Morenok zuzendua —aktorea, dantzaria eta Zinema Sailaren sortzailea—, dokumentalaren barruan fikzionatutako eszenetan ere agertzen baita.
2. Galdera horiei erantzute aldera, beharra sentitu nuen nire apunteetara, soinuetara, argazkietara itzultzeko, bai eta klaseetan, Donostian eta zineman bizitako denboraren oroitzapenetara ere. Zalantzarik gabe, ibilbide bakoitzaren sakontasun tekniko-teorikotik haratago, uste dut EQZEren ikaskuntza-eredua esperientziatik eta ikaskideekin eta tutoreekin etengabeko trukea egitetik abiatuta eraikitzen dela. Edukiak ez ezik, eskolak espazio bizi bat ere proposatzen du, non pentsamendua etengabeko elkarrizketan jartzen den.
Irakasgaien bilakaerarekin batera, benetako bizitza-eskola bat bizi da, esperientzia hori partekatzen dutenen bidez: zinemari buruzko askotariko begiradak, munduko hainbat lekutatik etorritako bizipenek zeharkatuak. Truke hori, niretzat, EQZEren balio erantsi handienetako bat da, irizpidea prestatzen duen erakunde gisa. Artxibo bateko lanetik natorrenez, sentitzen dut eskolan egon ondoren, material historikoak edo garaikideak lantzeko gaitasun teknikoak izateaz gain, haien balio material eta sinbolikoa ere ulertzen duen profesionala naizela, eta esku-hartzea ikuspegi etiko eta kritiko batetik interpreta dezakedala.
3. EQZE gomendatuko nioke zinema modu kritiko, sentikor eta konprometituan pentsatu nahi duen edonori, bai praktikatik, bai hausnarketatik. Leku bereziki aberasgarria da beren ibilbide propioaren baitan prestatzea ez ezik, beste diziplina batzuekiko elkarrizketatik ikastea ere bilatzen dutenentzat, Sorkuntza, Komisariotza eta Artxiboa ibilbideen arteko mugak ia desagertu egiten baitira proiektu partekatuetan lankidetzan aritzean.
Gainera, EQZE espazio ezin hobea da ideiak sozializatzeko eta irizpide kolektiboak eraikitzeko praktika garatzeko. Eremu zinematografikoan lan egiteko funtsezko trebetasunak sustatzen eta integratzen dira hemen, hala nola entzute aktiboa, talde lana eta denboren erabilera kontzientea. Alderdi horiek ezagutza teknikoak edo teorikoak bezain garrantzitsuak dira.
Izena emateko epea
Elías Querejeta Zine Eskolako 2026-2027 Ikasturtean izen-emateko epea otsailaren 1ean hasi zen eta otsailaren 28an amaituko da. Izen-ematea webgune honetan dagoen formularioaren bidez bakarrik egin ahal izango da.
Artxiboa graduondokoak aurrez aurre jartzen ditu ikasleak zinemak ondare material eta immaterial gisa sortzen dituen dilemen aurrean (teorikoak, teknikoak, etikoak). Euskarri fotokimiko, magnetiko eta digitaletan irudiak eta soinuak identifikatzearekin zerikusia duten alderdi guztiak lantzeaz gain, funtsak kudeatzeko eta bilduma berriak sortzeko tresnak lantzen ditu espezialitate honek.
Ikus-entzunezko materialak berrikusteko, zaintzeko eta zaharberritzeko protokolo eta prozeduretarako sarbidea ematen du, bai tresna mekanikoen bidez, bai tresna digitalen bidez, eta, horri esker, egiazko praktika egin daiteke laborategian.
Euskadiko Filmategiaren lanekiko etengabeko harremanean egiten dira Artxibo ikasketak, eta, horri esker, FIAFek homologatutako zine artxibo bat benetan bizitzeko aukera dute ikasleek.